Guria taberna —gure bizitzako taberna— betiko itxi da, duela hilabete eskas, eta, ia egun berean, Bildu aurkeztu zen gure herrian. Hilabete eskas batera, aizue, gehiengo osoa; EAJ alkatetzatik kanpo ikustera ailegatuko ez ziren horietarikoa nintzela uste nuen (Juan Luis Zabalak Azkoitian bezala). Bilbon bizi naiz baina, gehiengo osoak Azkuna maite duen hirian; Alondegiko igerilekuan izan ginen iazko uda bukaeran, toki xarmangarria, ez balitz jarrita zegoen musikarengatik. Monitorearengana joan nintzen, ahalik eta modurik apalenean hitz egiten saiatu nintzen, nire hitzek naizen harroputza salatu behar bazuten ere; «bigarren aldia da, jarraian, Bisbalen disko hau entzuten ari garena; a ze pena, honelako leku eder batean hain musika bulgarra entzun behar izatea; ez duzu uste?».
Ba hori; gehiengo osoa, edota Azkuna zenbateraino den errudun, Alondegian entzuten den musikaz.
Zergatik jartzen duzu monitorea ataka horretan, galdetu zidan nire igerileku-kide kutunak. Galdera ona; mezularia akabatzeko joera zaharra, gutariko askorena. Musika egokia jartzearen ardura, besteak beste, tabernariena dela uste dugunona. Eredu egokiaren lekuko, Guria tabernatik pasatu izan diren tabernari guztiak.
Gutxiengo osoan zaudenean, eztabaida gehiegikerian erortzen uztea erraza da; adibidez, musika jartzean tabernaria erantzule den ala ez, musika jartzean erantzukizun kulturala, are artistikoa, tabernariaren esku gelditzen den ala ez, baita gure Herriaren etorkizun mota bat ere, ondorioz, tabernari musika-jartzaileen eskuetan...
Ba hori; gehiengo osoa, edota politikagintzak zenbateraino jarraituko duen eragile izaten, besteak beste, gure tabernetan entzungo den musikaz, Guria-ren osteko aro berri honetan (Guria taberna; Euskal Herriko bakarra telebistarik ez zuena).
Musika. A cappella
Gehiengo osoaren bluesa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu