Narrazioa 

Gehiago gustatu zitzaidan zure aurreko liburua

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaio zen, 1975ean. Kea behelainopean bezala poema liburua argitaratu zuen 1994an. Beluna Jazz, Pasaia Blues, Belarraren ahoa eta Twist nobelak, Neguko zirkua eta Beti oporretan ipuin liburuak eta Norbait dabil sute-eskaileran poema bilduma dira harrezkero kaleratu dituen liburu nagusietariko batzuk. Izan ere, horiez gainera, saiakerak, artikuluak, gidoiak, liburu ilustratuak eta komikiak ere kaleratu ditu denbora horretan.

Harkaitz Cano.
2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Susmoa baino ez zen hasieran. Berari besterik ez zegokiola pentsatu zuen, paranoia bat zela, gauzak bere onetik ateratzen ari zela. Baina zantzuak hor zeuden. Berak ere egin izan du, jakina: adiskide idazle baten liburua postaz jaso eta lehenbailehen erantzun, itxura polita zeukala, asmatu zutela azalarekin eta gustura irakurriko zuela. Di-da erantzutea zen gakoa. Lanaren maila literarioa epaitu beharrik ez, hartara. Gero ez zuen sekula irakurtzen, ez zuen zertan: eskerrak emanak zeuden. Idazleen artean ohikoa zen portaera hura. Zinikoenek, arrisku gehiago hartzen zuten: «Asko gustatzen ari zait zure azken nobela». Irakurketa abiatua zutela adieraztea helburu. Gaitzerdi, nobela bazen. Kontua zen zenbaitetan ipuin liburua igorri geniola ustezko adiskideari. Kontrazala ere irakurri ez zuen seinale.

Kontuz: lehenbizi kolegei egiten diezu muzin, eta apurka-apurka, garaikideei. Gero klasikoekin ere aspertzen hasten zara. «Bizitza beste nonbait dago», diozu. Okerrena da egia dela.

Idazlea da, baina jada ez du leitzen. Gaztetan erruz irakurri zuen, ordea («dena»), eta horrekin zuritzen du bere burua: «kontagintzaren trikimailuetan trebatzeko, derrigorrezkoa da zeure bizitzako sasoi batean asko irakurri izana». Sasoi batean, beraz. Aski horrekin. Obelix erori zen pertzak betirako elikatuko bagintu legez. Akusatuak: «Uda batean irakurri nuen ikaragarri». Fiskalak: «Bai, orkatila bihurritu eta uholdeak izan ziren urte hartan, 1983an».Uholdearen ondoren, lokatza.

Ez irakurtzeari, kontraesankorra izanagatik, ulergarri deritzo puntu bateraino «okupatuegi nago idazten»,baina hor daude liburu-saltzaileak, kritikoak, liburuzainak, irakurle klubak... Idazleen gaitza da: berak ez dauka besteak irakurtzeko betarik, baina bera irakur dezaten merezi duela uste du. Pastatxo, pistatxo eta kafe artean bere liburuaz solas egitera gonbidatu dutenean, solasaldi osoa ipuinen izenburuei buruz mintzatzen pasa dutela ohartu da. Seinalebat gehiago. Klubekoek ere aurkibidea baino ez dute irakurri, itxuraz.

Libururik ez irakurri arren, egunkari guztietako literatur erreseinak leitzen jarraitzen du berak, badaki-eta nahikoa dela hori irakurri gabeko liburuen gainean iritzi sendoak plazaratu eta eztabaidatan maneju onez parte-hartzeko. Jada ez du zertan «metodoa» erabili. Irratian lan egiten zuen garaian ikasi zuen idazle bat elkarrizketatzeko «metodoa»: aski zen edozein libururen lehen hamar orrialdeak, azken hamarrak eta erdialdean aliritzira hautatutako beste hamar irakurtzea. Ez zuen hutsik egiten; egilea ez zen sekula jabetzen.

Soldatan doa, idazleak gauza mingarriak entzun behar izaten ditu liburu-denda batean: «zenbatean daukazu urliaren azkena?». Zenbatean? Feriako fluktuazio barazki-burtsazkoaren eskala ez da egile batentzat eraman erraza. Liburu-saltzaileen iruzkinei gero eta adiago dago: «jende asko ari da liburu hau eramaten»; «nik ez dut irakurri, baina lankideari ikaragarri gustatu zaio»; «egile hau beti da garantia bat»; «argitaletxeak apustu handia egin du».Bigarren eskuko auto-saltzaileen teknika merkeak. Funtzionatzen dute, ordea. Bere betiko liburu-saltzailea bisitatu eta «urteko debuta» bezala txalotu duten liburuaren gainean galdegin dio; xaxatu egin du apur bat, benetan irakurri ote duen jakin nahian. «Elkarrizketak egiteko zailtasunak dizkik, baina isuri erraza dik eta gatazkari buruzko ikuspuntu panoptiko bat eskaintzen ziguk». Tu quoque, Brute? Alarma guztiak piztu zaizkio. «Ikuspuntu panoptikoa»? Hori Argia-ko kiritikan zetorren. Elkarrizketak egiteko zailtasunak berriz, egileak berak aitortu ditu Euskadi Irratiko Arratsean saioan, eta «irakurketaren isuri errazarena» blog batean irakurri du, hitzez hitz.

«Esan egia: hik ez duk liburu hori irakurri».

«Ezta hik ere, a ze nobedadea!».

«Hori ez duk kontua».

«Zein duk, orduan?».

Liburu-saltzaileak zabaldu gabeko kutxak seinalatu dizkio: «Gaur bertan erabaki behar diat non kokatu eta nola saldu. Bihar beste hainbeste jasoko dizkiat. Hau gudu-zelai bat duk!».

Trago bat hartzera gonbidatu du kabezerako liburu-saltzaileak, hala ere. Adiskideak dira, saminean lagun. Bando berean daude.

«Barka gordin izatea, baina norbaitek esan behar dizue: aspaldian ez dik inork libururik irakurtzen».

«Noiz hasi zen hau, ordea? Noiz utzi hioan heuk?».

«Ez nauk ni bakarrik. Pentsa kritikan eta pentsa, are, irakurle arruntengan. Erosketak irakurketa ordezkatu dik».

«Nola?».

«Pentsa jaki enlatatuak erosten ditugula, etiketa irakurrita soilik. Eta gero horiek betirako gorde, badaezpada...» .

«Zertarako?».

«Auskalo. Negualdi nuklear baten beldur, gaixoaldi luze baterako, erretiroa hartzerako... Biblioteka bat irakurketa-egitasmo bat duk. Borondate adierazpen bat. Bizitza asegurua. Liburua irakurri ala ez, hori duk gutxienekoa. Baldin eta inoiz irakurtzeko asmoa badaukak, nahikoa horrekin... Literaturaren historia, zientzia fikzio hutsa duk...».

«Nola esan dezakek hik hori?» .

«...bizitza honetan erosten ditugun liburuak, beste bizitza batean irakurtzeko erosten ditugulako».

Zeruetako erresuma aipa, eta hura taupa: patrikakoa joka hasi zaio liburu-saltzaileari.

«Sorry, hanka egin behar diat».

Bakarrik geratu da. Bigarren vodka titarea eskatu orduko, kasualitatea, modako idazle gaztea sartu da tabernara. «Urteko debuta». Beteranoaren ondoan eseri da barran. Bi idazleen arteko elkarrizketa deserosoa abiatu aurretik, groupie bat inguratu zaio.

«Sinatuko, mesedez?».

Idazle gazteak izena galdetu eta gustura eskaini dio.

«Irakurri duzu?».

«Bai, baina egia esan, gehiago gustatu zitzaidan zure aurreko liburua».

Zurbil eta ukituta geratu da. Idazle bati esan dakiokeen gauzarik okerrena da hori. Batez ere, idazle hari. Biak bakarrik geratu direnean, sostengu korporatiboa bilatu du gazteak.

«Nire aurreko liburua? Nolatan esan dit hori, liburu bakarra daukat eta!».

Heldu da Erregeak gurasoak direla azaltzeko trantzea.

Trump da gure esperantza. Negualdi nuklearra. Latak armairuetan zain daude eta liburuak bibliotekan. XX. mendeko azken gotorlekua da altzari hori. Han datza gure itxaropena.

«Saka ezak behingoz botoia, Donald!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.