Bertsolaria

Arantzazu Loidi: «Gehiago baloratu dut bertsolari ona izatea, emakume bertsolaria izatea baino»

Arantzazu Loidik jantziko dio txapela Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari abenduaren 14an. Gipuzkoako lehen bertso eskolako ikaslea izan zen Loidi, baita oholtzara igo ziren lehen emakume bertsolarietako bat ere.

Arantzazu Loidi, Eskoriatzako parke batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arantzazu Loidi, Eskoriatzako parke batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Garazi Karrera
Aretxabaleta
2024ko abenduaren 4a
05:30
Entzun

Arantzazu Loidi (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1967) igarlea dela esan daiteke, bertsolaria, kazetaria, itzultzailea eta psikopedagogoa izateaz gain. Izan ere, aurtengo Gipuzkoako txapelduna nor izango den galdetuta, emakumea izateko «probabilitate handia» dagoela azaldu zuen finalisten zerrenda erabaki aurretik. «Benetan saio on eta borobil bat egiten duenari gustura jantziko nioke txapela. Denok senti dezagun hala merezi duela».

Bestalde, 50 urte bete ditu aurten Leintz ibarreko bertso eskolak, Gipuzkoan sortu zen lehenak. Eta ez da kasualitatea Bertsozale Elkarteak Loidi hautatu izana, «bertsolaritzako izen propio bat baita»: «Bere belaunaldian plazara jauzi egin zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen haren ibilbidea». Halaber, Loidiren ondoan izango da Patxi Goikolea (Arrasate, Gipuzkoa, 1933), hark emango baitu 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria. Lehen bertso eskolako ordezkariak dira Loidi eta Goikolea —ikasle izana lehena, eta irakasle bigarrena—, «eta gerora sortu den Gipuzkoako bertso mugimenduaren lehen kimu», elkartearen hitzetan.

Beste ezertan hasi baino lehen, nola ikusi duzu aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa?

Hedabideetatik jarraitu dut nagusiki, ez bainaiz egon bertatik bertara. Halere, mugimendu handi bat ikusi dut. Jende asko aurkeztu da, gaztea eta ezberdina. Horrek izugarrizko poza eman dit, ez hainbeste txapelketagatik, baizik eta bertsolaritzaren baitan dabilen mugimendu indartsu bat dagoelako. Bestalde, bertsolari askok saio bat emateko aukera izan dutela ikusi dut; gero ikusiko da ea horiek plazarako bidea izango ote duten, zeren eta, zenbaitetan, oso zaila izaten da txapelketatik at beste saio bat izatea. Txapelketak beti dauka bere sona; horren adibide hedabideek egiten dioten jarraipena.

Txapeldunari txapela jartzeko ardura zurea da. Nola hartu zenuen berria?

Bada, egia esan, oraindik kosta egiten zait sinestea. Ez dut sentitzen ni Arantzazu Loidi gisa hautatu nautenik; niretzat gehiago da gure bertso eskolaren, Almeneko bertso eskolaren izenean jarriko dudan txapela bat. Duela 50 urte sortu zen eskola, eta efemeride horri egindako aipamen berezi modura ikusten dut, omenaldi gisa. Hortaz, eskolaren ordezkari gisa hautatu nautela sentitzen dut.

Mende erdia bete du Gipuzkoan sortu zen lehen bertso eskolak. Horren haritik, zuk ere beste horrenbeste urte egin dituzu bertsoari lotuta. Zer eman dizu eskolak?

Bertsolaritza ezagutzeko eta gozatzeko aukera bat. Bestela ere umetatik etxetik izan dut zaletasuna, eta etxetik jaso dut bertsoak kantatzeko ohitura. Oraindik oroitzen dut nola entzuten genituen bertsoak irratitik. Nolanahi ere, bertso eskola sortzea bururatu zitzaien hiru guraso horiei esker, bertsoaren teknika ikasteko aukera izan dugu, baita gure zaletasuna garatzeko abagunea ere. Lehen aldia izan zen bertsoa irakasten zela.

Halaber, lagunarte bat ere eman dit eskolak. Gure artean bertsoaz gozatzeko eta jarduteko aukera bat bermatu digun espazio bat ere izan da. Gainera, aitzakiarekin, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko pribilegioa ere izan dugu. Hara eta hona ibiltzen ginen kantuan asteburuero, eta gazte-gaztetatik. Gaur egun hori ohikoa da, baina gure garaian nekez ibiltzen ziren hamahiru eta hamalau urteko gazteak geure antzera. Aretxabaletatik irten, eta asko maite ditudan lagun ugari egin nituen, herri eta belaunaldi ezberdinetakoak. Niretzat izugarrizko pagotxa izan da.

Eta, zure ustez, zer eman dio lehen bertso eskola horrek euskal komunitateari?

Beste ikuskera bat eman dio euskal gizarteari. Hasteko, haurrak bertso munduaren parte egin zituen eskolak. Bertsolaritza ikasi egin zitekeela erakutsi zuen. Garai bateko ustea zera zen: edo bertsotarako gaitasuna daukazu, edo ez daukazu. Eta denboran aurrera joan ahala, erakutsi dugu gaitasun hori garatu egin daitekeela, edota sortu. Eskolen eginkizun nagusia horixe izan da, nagusiki, eta benetan beharrezkoa izan da. Bertsolaritza hezkuntza curriculumean sartzea oso esanguratsua izan da. Funtsean, horrek hizkuntza ikasteko balio izan du, baita bertsolaritzak entzuleak izan zitzan ere bai. Areago, zaleak ugaritu egin dira, bertsozale mundua aldatu egin da, eta prestigio bat eskuratu du.

«Haurrak bertso munduaren parte egin zituen [bertso] eskolak. Bertsolaritza ikasi egin zitekeela erakutsi zuen»

ARANTZAZU LOIDIBertsolaria

Bestalde, gizartearen isla izaten jarraitzen badu ere, lehen zegoenaren oso ezberdina da. Jarraitzaileak gazteak dira, eduki aldetik jantziago daude, eta ez da soilik txapelketetatik txapelketetara mugitzen den jendea; bestelako bertso saioetara joango litzatekeen jendea ere badago. Tira, alderdi onari soilik erreparatzen ari naiz.

Eta zein da alderdi negatiboa?

Guk ere bizi izan genuen txapelketek eragiten duten lehia. Lehenik eta behin, norberaren presioak eta urduritasunak daude. Oholtzaren gainean dagoenak soilik jakingo du nolako estutasuna jasan behar duen. Guk hori sarritan salatu genuen. Ulergaitza zen guretzat lagunartean egon eta elkarren aurka lehiatu beharra. Gainera, txapelketez gain, herriz herri ibiltzen ginen saioetan ere lehiatzen ibiltzen ginen. Baina hori ere bazen plazak lortzeko modu bat, zoritxarrez. Edo bertsolari egiteko bide bat. Edonola ere, esango nuke asko aldatu dela kontua, gizartea aldatu den moduan. Hala eta guztiz ere, zenbat buru, hainbat aburu: batentzat bilakaera ona izan dena, bestearentzat atzerapausoa izango da. Nik argi daukat bertsolaritza beti izango dela gizartearen ispilu.

Esandako horiek guztiak gerora ezagutu zenituen, baina zer desiratzen zenuen zortzi urterekin bertsotan hasi berri zinenean? Egindako ibilbidea egitea espero zenuen?

Inondik inola ere ez. Ez nintzen horren kontziente. Guretzat jolas bat zen. Lagun artean antzerkira edo kirola egitera joaten ziren horien antzera, gu bertso eskolara joaten ginen. Gerora, gure belaunaldiko bertsolarioi tokatu zitzaigun elkartea martxan jartzea, hainbat proiektu gauzatzea eta horiek bultzatzea. Jarraitzen dut elkartean noiz edo noiz nire iritzia ematen, edota hausnarketak plazaratzen. Hori guztia elkartea sortzeak bermatu du. Hasieran ez zegoen horrelakorik. Banan-banan hasten ginen saioetarako antolatzen, baina elkarteak gauzak asko aldatu ditu, bai transmisioaren aldetik, baita funtzionamendu aldetik ere. Bereziki, ikastetxeetako curriculumean txertatzeko egin den saiakera nabarmendu nahiko nuke. Txapelketek izan ohi dute oihartzunik handiena, baina denek ikusten dituzten gailurrak baino ez dira horiek. Hor atzean dagoen guztia eta pertsona bakoitzak egiten duen lana da bertsolaritzari ibilbidea eman diona. Eta elkarteak hori dena bideratzen du, eta bere mugen barruan lan asko egiten ari da.

«Txapelketek izan ohi dute oihartzunik handiena, baina denek ikusten dituzten gailurrak baino ez dira horiek. Hor atzean dagoen guztia eta pertsona bakoitzak egiten duen lana da bertsolaritzari ibilbidea eman diona»

ARANTZAZU LOIDIBertsolaria
Bertsozale Elkartearen fundatzaileetako bat zinen, eta, orain, erakunde horrek hautatu zaitu irabazleari txapela janzteko. Beste bati janzten diozun lehen aldia izango da, baina zuk ere badakizu zer den txapela janztea, hemezortzi urterekin irabazi baitzenuen eskolarteko txapelketa. Nola gogoratzen duzu une hori?

Bada, une gogorrak eta neketsuak izan zirela ahaztu gabe, sorpresa bat izan zen niretzat. Aitortu behar dut saioa bere horretan ez dudala oroitzen, baina bai hurrengo egunak. Pentsa, batxilergoa amaitzen, ikasturte amaierako azterketak, txapelketako finala, hedabideen deiak… Dena aldi berean. «Baina zer da hau?», pentsatzen nuen nire baitan. Hala ere, eskolarteko txapelketaren oroitzapen ederrak ditut.

Hemezortzirekin txapela jantzi zenuen, baina eskolarteko lehiaketetan hamahiru urterekin hasi zinen. Aurtengo udaberrian BERRIAri azaldutakoaren arabera, gizonezkoen artean egotera «egokitu» behar izan zenuen, denbora batez emakume bakarra izan baitzinen oholtzan. Nola bizi zenuen hori?

Ez dakit nola azaldu, baina une horretan ni ez nintzen ezberdin edo kanpo sentitzen. Taldeko bat gehiago nintzen, lagun bat, Arantzazu, taldekideak ziren Jonen [Sarasua], Aitorren [Sarasua] eta Felixen [Iñurrategi] antzera, besteak beste. Esango nuke gerora konturatu naizela, kanpotik «bidea urratu duzu» eta horrelako mezuak jasotzen nituenean, baina ni orduan ez nintzen horren jakitun. Tira, egia da noiz edo noiz entzun behar izan nituela iruzkin batzuk, nahiko desatseginak izan zirenak niretzat. Era berean, besteen tonura egokitu behar izan dut.

Beraz, zuk sentitutakoagatik baino gehiago, jendeak esandakoagatik jabetu zara egoeraz?

Bueno, halako zerbait, bai. Errealitatea zein zen ikusten nuen, baina horrek zekartzan beste zenbait kontu gerora ikusi ditut. Nik badakit talde horretan emakume bakarra nintzela, hori bistakoa zen. Baina ez nuen bizi kanpotik ikusten ninduten moduan. Horregatik, gerora konturatu naiz.

Ordura arte, gutxitan ikusten ziren emakumeak eta gazteak oholtza gainean bertsotan. Alde horretatik, zu ere aitzindaria izan zinela esan daiteke. Hari horri jarraituz, genero ikuspegitik bertsolaritzak nolako bilakaera izan duela esango zenuke?

Kopuru aldetik bakarrik ere dagoeneko ikusten da zenbat neska eta emakume dabiltzan bertsotan, eta natural hartzen da. Oraindik ez dakigu zenbat emakume izango diren finalean [elkarrizketa azken finalaurrekoa baino lehenago egin zen], baina ziur portzentaje handi bat izango dela. Hori, garai batean, pentsaezina zen; edo bakar bat, edo bat bera ere ez. Nik uste dut horretan aldaketa handi bat izan dugula; mezuak ez ezik, edukiak eta rolak ere asko aldatu dira. Oro har, urte gutxian izugarrizko aldaketa izan dugu. Dena den, esango nuke ezin ditugula bi garai ezberdin alderatu. Biak ezberdinak dira; ezin dugu gaur egungo ikuspegia erabili orduan pairatutakoa azaltzeko. Ez dauka zentzurik.

1988an, Elgoibarko jaialdian, galdera hau jarri zizuten gaitzat: «Zer sentitzen duzu emakume izanez bertsolaria izatean?». Eta zuk hau erantzun: «Pixkat kostatuko zait/ esaldi hau ahaztea,/ bertsolaria emakumea/ eta gainera gaztea,/ nik nahiago dut kontu horiek/ alde batera uztea,/ problema ez da sexu kontua/ baizik ona izatea». Zer esaten dizute egungo emakume bertsolariek?

Batarekin edo bestearekin badut harremana, eta jaso dut esker oneko begiradaren bat. Gaur egun ulertzen dut izan dezaketela beste begirada bat, baina nik gehiago baloratu dut bertsolari ona izatea, emakume bertsolaria izatea baino. Asko pozten naiz emakume asko daudelako, eta onak direlako. Errespetatzen dut emakume izateagatik bakarrik horien lekua defendatzen dutenen iritzia. Badago pentsamolde eta ideologia bat oinarrian, guk gure garaian landu ez genuena. Nik modu jakin batean bizi izan dut, eta gaur egun beste batean bizitzen da. Lehen esan bezala, ez dira alderagarriak. Gaurko bertsolariarentzat agian oso deigarria da guk bizi izan genuena, baina horrela da, hori tokatu zaigu, eta nik horrela bizi izan dut. Eta asko pozten naiz izan duten bilakaeragatik, baina orokorrean; izan ere, gauza guztiek izaten dute beren bilakaera, baita bertsolaritzak ere.

Zuk ere izan zenuen zure bilakaera. Bertsolari izatetik gai jartzaile izatera, eta hortik epaile lanetara. Batean ikasitakoa, bestean aplikagarri?

Bai, guztiz. Rol horiek guztiak ezagutzeak, norbere narruan bizitzeak beste ikuspegi bat ematen dizu. Gazte-gaztetatik bertsotan aritzeak gauza asko erakutsi dizkit. Adibidez, ikasi dut ze gai jorratu unearen, bertsolariaren eta lekuaren arabera. Esaterako, kantuan hasi berri den hori ezin da gu egoten ginen ataka estu horretan sentitu; beraz, ez jarri hamalau urteko haurrari heriotza gaitzat. Halaber, ez behartu bat-bateko bertsora oraindik prest ez dagoen gaztea.

«Betidanik egin da ahalegin handi bat gaiak aldatzeko, ariketa berriak sartzeko, nahiz eta, nire ustean, zenbaitetan estuegi hartu izan den»

ARANTZAZU LOIDIBertsolaria

Helduen bertsogintzan ere gaiak lantzeko era asko aldatu da, baita horiek jartzeko modua ere. Esango nuke txapelketetan asko zaintzen dela hori, eta, era berean, izugarri exijitzen zaiela bertsolariei. Betidanik egin da ahalegin handi bat gaiak aldatzeko, ariketa berriak sartzeko, nahiz eta, nire ustean, zenbaitetan estuegi hartu izan den. Hemen esan ohi dugun moduan, bertsolariari txatxilipurdia eginarazten diote, jira-buelta eginda jartzen dute. Horrelako egoerak oro har txapelketetan nagusitzen diren arren, plazetan ere ikusi izan dut gaiak nola planteatzen diren, eta deigarria egiten zait.

1998an argitaratu zen Bertsolari aldizkariaren 30. zenbakian, epaileen lanaren inguruan galdetu zizuten, eta zuk, «neketsua, gogorra eta esker txarrekoa» dela erantzun. Aurten ere, saio batetik besterako puntuazioen ezberdintasunagatik kexak nagusitu dira zaleen eta bertsolarien artean. Gaur egun nola ikusten dituzu epaileak?

Bada, onartu behar dut ez dudala oso hurbiletik jarraitu epaileen lana, baina esango nuke berariaz asko formatu den jendea egoten dela hor, eta taldean zehaztutako irizpideen arabera jarduten dutela. Nik ez dut sekula epaituko beste epaile baten lana. Badakit zer den hor egotea. Areago, urte luzeetan, hausnarketa prozesu sakonak egin dira, eta lan handia egin da gaur egungo egoerara heltzeko. Ziur nago hor dauden epaile horiek formakuntza handia dutela; lehen, bertsozaleak soilik egoten ziren bertan. Agian baten irizpideak gehiago gustatuko zaizkigu beste batenak baino, baina lan hori egiteko borondatea erakutsi duen horri eskertu egin beharko genioke, ez baita lan erraza. Txapelketa egitea erabakitzen den momentutik, badakigu puntuazioak behar direla, eta hori norbaitek egin behar duela. Irizpideak errespetatzen dituzte, noski; hala eta guztiz ere, subjektibotasuna ukaezina da, eta beharrezkoa; bestela, makina edo robot bat jarriko genuke puntuazioak ematen. Beraz, txapelketaren asmakizunak ere badu bere B aldea. Gero, entzuten dagoenarentzat eta bertsolariarentzat, beti egongo da kritikatzeko arrazoiren bat, eta hori saihetsezina da.

Orain arteko ibilbidea aztertuta, nolako etorkizuna ikusten diozu bertsolaritzari?

Auskalo, ezin da jakin. Espero dut jarraitzea, hizkuntzaren oinarri garrantzitsuenetako bat delako, eta euskararen biziraupenaren lekukoa izango delako. Bertsolariak daudela esaten jarraitzen badugu, edota arrakasta duen mugimendu honek jarraitzen badu, gizarte euskaldun bat dagoen seinale izango da. Nire desioetako bat da hizkuntza aberastasun bati heltzen dion gizarte bat izatea. Gizartea gero eta erdaldunagoa den honetan, eta kultur aniztasun honetan, bertsolaritzak bere lekua izatea gustatuko litzaidake.

«Bertsolariak daudela esaten jarraitzen badugu, edota arrakasta duen mugimendu honek jarraitzen badu, gizarte euskaldun bat dagoen seinale izango da»

ARANTZAZU LOIDIBertsolaria
Amaitzeko, zer aholkatuko zenioke bertsotan hasi berri den Arantzazu nerabeari?

Aholku bat eman baino gehiago, egindako bidea errazagoa izan zedin desiratuko nioke. Guk urratu behar izan genuen bidea errazagoa izatea gustatuko litzaidake, eta bidean gozatzea. Afizio batekin, ofizio batekin, eta hitzekin jolasteko aukera polit horrekin. Bai umetan, bai gaztetan eta bai gerora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.