komunikabideak

'Gaztezulo' aldizkariak 100. zenbakiaren festa

Donostiako Tabakaleran ari da izaten ospakizuna, 21:00etatik aurrera.

2009ko urriaren 17a
21:47
Entzun
Gaztezulo-k festa berezia antolatu du gaurko Donostian, 100. zenbakira iritsi direla ospatzeko. Tabakaleran ari dira egiten jai hori, 21:00etatik hasita. Hasteko bertsoaren eta raparen arteko lehia izanda, Bertsound System ikuskizunarekin; bertsolariak Xabier Silveira eta Iñaki Viñaspre izan dira, eta rap abeslariak Maisha MC, Endika Lahaine eta lagunak. Segidan, musika beltza eta elektro-funkaren arteko fusioa egingo du Mamba Beat taldeak. Sarrera doan da.

Duela bederatzi urte hasi zuen bidea Gaztezulo euskarazko aldizkariak eta Fermin Muguruza musikaria elkarrizketatu zuten aurreneko zenbakian, eta Muguruza bera hautatu dute 100. zenbakiko azalerako. "Ziklo bat itxi" dute horrela, eta elkarrizketa luzea egin diote musikariari.

100. zenbakia izaki, ez dute aldizkariaren ohiko egitura errespetatu eta bederatzi urteotako "edukirik onenak" berreskuratzen saiatu dira. "Protagonista izan direnen soslai gaurkotuak" egin dituzte; besteak beste, Barbara Goenagarenak, Sorkunenak, Iker Fernandezenak eta Nora Izagirrerenak. Halaber, Gertatutakoaren zuloa izenburupean, urteotan jorratutako gaiak gogorarazi dituzte: indarkeria matxista, euskal artzaintza, lan istripuak, gaztetxeak, Garoña, Nuna Mais, homofobia, maskaradak... Gainera, duela bederatzi urteko prezioak eta oraingoak konparatu dituzte. Hiru zerrenda ere egin dituzte: urteotako 10 filmik onenak (Iñaki Lazkanok), 10 libururik onenak (Gari Berasaluzek) eta 10 diskorik onenak (Gorka Erostarbek).

Zazpi harpidedun elkarrizketatu dituzte, bat herrialde bakoitzetik. Eta aldizkariko kolaboratzaileei hitza eman diete. Lehiaketa berezia ere prestatu dute, ohi baino sari gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.