GAZTETXEAK, KULTUR ARNASGUNE

Gizarte eraldaketarako tresna, harreman molde berrietarako gune, eta kultur sorkuntzarako eremu ezinbesteko. Hala ikusten dituzte sortzaileek beraiek ere. Zein dira, baina, gune autogestionatuen erronkak egun? Nola erlazionatu kultur esparru ofizialekin? Zein izen eta izan behar ditu geroan?

Kultur sortzaileek agiria aurkeztu zuten Kortxoenearen alde; irudian, haietako batzuk. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2015eko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bi irudi. Bi hilabeteko epean ateratako argazkiak dira. Irailaren 4koan, Batiste Ezeiza argazkilariak egindakoan, hip hop dantzari gazte bat ageri da, bi eskuak lurrean eta ipurdiak eta bi zangoak airean. Eta parean lau ertzain, aurpegiak kaskoz estalita. Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea eraisteko lehen ahaleginaren egunekoa da. Testuingurua, batetik. Metafora, bestetik. Herritarra, dantza lagun duela protestarako armatzat. Parean autoritatea, eskuak gurutzatuta eta armak soinean. Bigarren irudia aste honetakoa da. Aurrez Donostia 2016ko hainbat langilek egin bezala, Donostiako Udaleko kultur jarduerak kudeatzen dituen Donostia Kultura enpresa publikoko beste zenbaitek Kortxoenearen aldeko mezua igortzeko argazkia egin dute. Bigarren argazki horrek ere badu bere mamia. Kultura instituzional eta ofiziala ordezkatzen duten langileak izanik, babesa eta sostengua adierazi nahi izan diote kultur alternatibo eta autoeratuaren ikur bilakatu den eredu bati. Talka bat badago, kultur ofiziala vs kultura alternatiboa. Ez da berria talka hori, baina gizartea, politika eta kultura ulertzeko paradigma berriak sortzen (edo eraldatzen) ari diren honetan, indar sinboliko nabarikoak dira bi irudiok.

Hondeamakinek eraitsi zuten Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea, azaroaren 4ko goizaldean. Eraikin bat soilik ez, gizarte antolaketa-molde bat, kultura sortu eta partekatzeko eredu bat, harremanak eratzeko modu bat eraitsi zuten; hondeamakinek egin zuten lana, baina haiek tresna exekutatzaile baino ez dira, jabego pribatuen interesek gidatu eta botere erakundeek babesturiko tresna. Ez da herrigune bati, zein gizarteari, zein kulturari arnasa ematen dion gune autoeratu eta autokudeatu bat indarrez eraisten duten lehen aldia. Asko dira adibideak. Iruñeko Euskal Jaikoa, 2006an, edo Bilboko Kukutzakoa, 2011n, azken hamarkadako bi aipatzearren.

Gaztetxeek egikaritu eta sinbolizatzen duten kultura alternatibo horrek, agidenez, ez du harreman onegirik izan historikoki erakundeek proposatutako kultur sistema ofizialarekin. Maialen Lujanbio bertsolariak planteatua du oraintsu galdera, Euskadi Irratiko Faktoria saioan: «Gure herri hau inteligentea balitz, gaztetxe mugimendua Europari azaltzeko desiratzen behar luke... Baina hemen botere garbizaleari zapatak zikintzen zaizkio gaztetxeetan, eta Gaztelekuak proposatzen dituzte, tutelatuak eta pasteurizatuak. Posible ote da ba pareta zuridun eremu librerik?».

Ñabardurak egin beharrekoak dira. Hala uste du Beñat A.-k, Kortxoenea gaztetxeko kideetako batek. «Kultura ofiziala zer den argitu beharko genuke, baina Kortxoenearen kasuan ezin da esan kultura ofizialaren gaitzespena jasan duenik, ez gutxienez administrazioetatik datorkigun kulturarena. Hor dugu Donostia 2016ko eta Donostia Kulturako langile ugarirengandik jaso ditugun atxikimenduak. Bi eredu desberdin dira noski, erakundeek ere badute herritarrak kulturaz hornitzeko ardura, baina ezin dira kultura herritarraren oztopo izan».

Kortxoenearekin batera, gaztetxearen molde berria irudikatzen dutenetako bat da Gernikako Astra, zeina 2006an okupatu zuten, eta juridikoki herriko udalak erosi eta lagatako eraikina den. Hango kide dira Leire Lopez eta Oier Plaza. Gaiaren inguruan elkarrekin egindako gogoeta da honakoa: «Askatasun eremu izan nahi bada, derrigorrez egon behar da autonomia kultura instituzionalarekiko. Beharrezkoa da eremu horretan jendeak modu librean pentsatu, egin, kritikatzeko. Horrek ez du esan nahi bizikidetza egon ezin denik kultura instituzionaleko espazioekin».

Hain zuzen ere, Astrak «harreman harmoniatsua» du herriko kultur etxearekin, «nahiz eta jakin beste gauza bat dela». Hori bai, administrazioak «onartu behar ditu espazio autogestionatuak», haien ustetan. «Bizikidetza hori batzuetan gatazkatsua izango da, eta horregatik da beharrezkoa autogestioa, modu autonomoan antolatzea. Baita autofinantzaketa ere. Horrek autonomia ematen du».

Ander Bolibarrek hamar urte egin ditu Bergarako herriko gaztetxean, Kartzela Zaharra deiturikoan, aktiboki lanean. Haren ustetan, kultura instituzionalarekiko aurkakotasun posizioa «bertan goxoa» bilaka daiteke, «kapitalismoaren presio eltzearen isuri kontzientzia lasaigarria». Alternatibak sortzetik «benetan eragitera» pasatzean dago «gakoa» Bolibarren iritzian, eta horretarako «zailtasunak» dituzte gaztetxeek. «Esentzia galdu gabe lokatzetan ibiltzean dago erronka. Instituzioenganako kritika antolatu gutxi dago, eta leku hori ere bete behar da, baina garaietara moldatuz eta aniztasun ideologikoa kudeatuz. Ezin dut gaztetxe hegemoniko bat irudikatu, bertako kontrakultura ideiak ugaritzen badira, irauli eta sortutakoaren sektore kritikoan jarraituko dutelakoan nago».

Kultur ahotsen sostengua

Tentsioz beterikoa ez ezik, arazotsua izan bada ia beti gaztetxe eta botere instituzionalen arteko harremana, oso bestelako izan da, oro har, kultur sortzaile eta eragileekin izandakoa. Bai Kukutzakoa eta baita Kortxoeneko gaztetxeak hustu eta eraistean, edota eraisteko arriskua usnatu denean, gizarteak emandako erantzun kolektiboak, eta, besteak beste,sortzaileen komunitatetik bideratutako babesak adierazten du gune autogestionatu horiek zer-nolako hauspoa ematen dioten kultur komunitateari. Kortxoenean etengabeko kultur jarduerak egin dira irailaren 4an hura aurrenekoz botatzen ahalegindu zirenetik. Orduko hartan, huste lanak behin-behinean eten zituen udalak, segurtasun neurriak betetzen ez zirelako: epailearen baimenik gabe eta eremua hesitu gabe ari baitziren lanean. Baina, eraisteko arriskua ikusi orduko,hainbat kultur eragilek Kortxoenearen aldeko manifestua sinatu zuten. Euren artean ziren, besteak beste, Oier Guillan, Koldo Izagirre, Edorta Jimenez, Xabier Montoia eta Beñat Sarasola idazleak; Lisabo, Anari, Fermin Muguruza, Rafa Rueda, Andoni Tolosa Morau, Willis Drummond eta Mursego musikariak; eta Alaia eta Jon Martin, Aitor Mendiluze, Maddi Ane Txoperena eta Amaia Iturrioz bertsolariak. Eta beste asko. Ez hori bakarrik; sortzaileak erne jarri eta ia atsedenik gabeko kultur egitaraua osatu zuten, harik eta etxea eraitsi zuten arte. Hainbat kontzertu eskaini zituzten; Fermin Muguruzak eta Xabi Solanok, Anarik, Berri Txarrakek, Mursegok, Jupiter Jonek, Glaukomak, Zea Maysek —Kukutzaren aldeko kantua ere osatu zuen duela lau urtekoan—, Perlakek, Ze Esatek-ek eta Joseba B. Lenoirrek, besteak beste. Sortzaileek, izan ere, jasotakoa itzultzeko nahia sentitu izan dute gaztetxeren bat desagertzeko arriskuan ikustean; ez dira alferrik, beste gauza zenbaiten artean, kultur sortzaile eta dinamizatzaile gaztetxeak, kultur faktoriak. Nor bere berezitasunetik, baina ia guztiek betetzen dute sortzaileari plaza bat eskaintzeko funtzioa. Musika kontuetan bereziki aritu eta mugitu da Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea gaztetxea 1997tik; urtean, 70 bat kontzertu egiten dira han, baita bertso saio, antzerki emanaldi, hitzaldi eta bestelakoak ere. Gainera, musika zigilu bat ere osatu zuten Bonberenea Ekintzak izenarekin. Urtero dozena inguru disko grabatu izan dituzte. Gernikako Astrak, beste esparru batzuk lantzen ditu musikaz gain, ia proportzio bertsuan. 2014an, adibidez, 196 ekitza egin zituzten guztira. Musikarekin loturikoak 37 ziren; hitzaldi, mahai inguru eta eztabaidak 27, zinema eta ikus-entzunezkoekin loturikoak 21, eta arte eszeniko nahiz plastikoekin loturikoak 19. Azkoitiko Matadeixek kontzertu eta zinema eskaintza oparoa izaten du urte osoan; Larrabetzukoak musika eta literatura gertutik zaintzen ditu; kontzertuez gain, genero ikuspegia bereziki landu dutenak dira Zarauzko Putzuzulo eta Getariko gaztetxea (Gipuzkoa)... Horiek eta beste zenbait gaztetxeren dinamika oparoa ikusita (Gasteizkoa, Urretxukoa, Andoaingoa, Oñatikoa, Donibane-Ziburukoa...), ez da astakeria esatea, dozenaka ez, ehunka kontzertu eta kultur ekitaldi egiten direla urtero gaztetxeetan.

Eraitsi berria den Kortxoenea, kontzertuetarako gune izatez gain, kultur sorkuntzarako espazio ere izan da, Beñat A.-k nabarmendu duenez. «Dozenaka musika talde igaro dira Zaratagela izeneko entsegu lokaletik, eta antzerki taldeek ere erabili dute urte hauetan Kortxoenea entseguak egiteko. Gainera, hamaika dantza ikastaro izan da: dantza afrikarra, break-dance-a, euskal dantza, capoeira».

Ion Andoni Del Amo EHUko ikerlari eta Party & Borroka. Jóvenes, música(s) y conflicto(s) en Euskal Herria: transformaciones identitarias a comienzos del siglo XXI tesiaren egilearentzat Euskal Herrian ez da egon gaztetxeen tankerako kultur espaziorik. «Batez ere 80-90etako hamarkadetan, erakundeek programazio kulturalik ia ez zeukatenean. Garai hartan, industria kultural globalaren parean ere kokatu zen gaztetxeetatik sortutako kontrakultura: kale estuetan etorbidean, mainstream-ean, bezainbeste jende zebilen. Musikagintzan batez ere, talde txiki edo berrientzako sekulako aukerak ematen dituzte gaztetxeek, entseguak eta kontzertuak egiteko oinarrizko sare bat; halakorik ez dagoen lekuetan taldeek ia ez dute aukerarik, zirkuitu komertzialetan sartzea lortzen ez badute».

Bestetxe izateko bidean

Kultur zirkuitu alternatiboak eratzeko ezinbesteko dira egun gaztetxeak, etxe okupatuak eta gune autogestionatuak, baina hori baino gehiago dira. Hala uste dute Oier Plazaketa Leire Lopezek. «Norberaren kabuz eta, bereziki, kolektiboan gauzak egiteko gai garela ikasten da. 'Ezin da' erantzuten diete askotan instituzioek herritarren eskaerei. Espazio eta kolektibo autogestionatuetan ikasten da modu autonomoan antolatuz gero kulturan, arlo sozialean, politikan eragin dezakegula. 'Ezin da' horri baietz adierazten duten ekintzekin erantzun ahal diogula».

Eta autoeraketan oinarrituriko esperientzia kolektibo horiek historikoki gazteen errebeldiarekin edo eraldaketa gogoarekin lotu badira ere, geroz eta gehiago dira, gune autogestionatu horiek gazteen esparru huts izatetik harago jo behar luketela edota, are, jada bide hori egiten hasiak direla uste dutenak. Alegia, Gaztetxe izateari utzi, eta gune horiek Bestetxe bihurtzea proposatzen dutenak, Iñaki Segurola idazleak sortu eta aldarrikatutako terminoa erabiliz; «jende helduak ere baduelako eskubidea eta beharra bestelako gauzak egiteko». Edota Europako hainbat lekutan ohi dutenez (Alemanian, Italian...) Zentro Sozial modura izendatzea, gazte ez direnei ere sarbidea erraztuz. «Ez dugu uste gaztetxeak gazteentzako gune bakarrik direnik. Esango genuke etxe sozial gisa funtzionatzen dutela neurri handi batean. Oraindik ere, karga gutxi dituzten pertsonak dira militantziari denbora gehien eskaini ahal diotenak: lanik ez dutenak, seme-alabarik ez dutenak, zaindu beharreko pertsonarik ez dutenak... Errazagoa da egoera horretan daudenak gazteak izatea. Dena dela, gaztetxeak gizarte eraldaketarako gune dira, oro har. Astran ahalik eta zabalen izaten saiatu gara, herritar eta kolektiboen dibertsitatea bilatzen, uste dugulako dibertsitate horretatik abiatuta indar gehiago dugula», nabarmendu dute Plazak eta Lopezek.

Euskal Herrian, «Astra txiki» asko daudela uste du Ander Bolibarrek. «Zentro sozial autogestionatuaren izendapena hobeto egokitzen da errealitatera. Izena akuilu baino gehiago traba bada, etengabeko aldaketaren pauso logikoa da izen aldaketa ere. Aldiz, kontuan hartzekoa da adin tarte batek behar duen askatasun eta arnasgunearen funtzioa ere; hazitegi subertsiboaren eta alternatiba iraunkorren arteko dantzan asmatu beharra dago». Bergarako Kartzela Zaharrean hainbat kolektibo aritu dira azken urteetan lanean; gazteek eta ez hain gazteek parte hartu dute: Gazte Asanblada, Txapa irratia, Haur eta Guraso Asanblada, Bertso Eskola, Angiolillo liburutegia, Antzerki Eskola... Guztien artean eraikitzen da programazioa. «Adin eta kezka anitzetako jendeak osotasuna ematen dio proiektuari. Umeentzako ipuin kontalari bat aritu daiteke egun batean, eta jai brasildar bat egon daiteke hurrengo egunean, eta, tartean, fracking-aren inguruko hitzaldi bat ere bai».

Donostiako Kortxoeneak ere badauka gaztetxeak izaten ari diren bilakaera horrekin lotutako proiekturik esku artean: «Datorren ekainean hutsik geratuko den eraikin bat du udalak Kortxoenea zen lekutik 100 metro eskasera, eta gure helburua da eraikin hori eskaintzea espazio gisa, Kortxoeneko proiektuei ez ezik Donostiako eragile sozial eta kulturalei ere, beren proiektuak hantxe garatzeko». Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia departamentuko hainbat irakaslerekin elkarlanean dabiltza. Izan ere, Kortxoeneak bost urteko ibili laburra egin badu ere, irakaspen argi bat atera baitute bertan aritutakoek: «Gogoa eta ilusioa daudenean horrelako proiektuak gauzagarriak direla ikustea izan da ikasgaia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.