Miren Billelabeitia. Idazlea eta irakasle ohia

«Gaztetan zaletu diren horiek helduko dira berriz liburuak irakurtzera»

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Filologian lizentziatua, euskara eta literatura irakasle izan zen Miren Billelabeitia Benjoa (Mungia, Bizkaia, 1960). Irakurzaletasuna bultzatzeko praktikari buruzko gogoetak egin ditu urte luzez, eta hainbat saio egin ditu horri lotuta. Idazle gisa hainbat lan argitaratu ditu; tartean, Euskal literaturaren historia (2003) eta Lauaxeta. Oihartzunak (2008).

Literatura sari bat irakurzaletasuna aldarri duen liburu batentzat. Biribila da.

Oso pozik nago; zer esango dizut, ba? Egia esan, irakurketa denbora luzean izan da nire ardura, eta plazera ere bai. Denbora luzean egon naiz ikasleekin, gazteekin, irakurritakoak komentatzen-eta. Eta une horiek oso zoriontsuak izan dira niretzat. Baina, halako batean, pentsatu nuena zorion hori transmititu egin nahi nuela nolabait. Hortik sortu zen liburua egiteko ideia, eta begira orain.

«Biribila» da testua epaimahaiaren iritziz. Nola hartu duzu hori?

Asko hunkitu nau. Argitaletxera eroan nuenean jada oso pozik gelditu nintzen aintzat hartu zutelako. Batzuetan batek pentsatzen du berea interesgarria dela, baina agian besteentzat ez da. Urte asko eman ditut irakaskuntzan, eta ni konturatu nintzen funtzionatzen zuela, solasaldi moduan bederen. Baina ez nengoen ziur idatzita berdin izango zen edo ez. Nik asko irakurri dut irakurketari buruz, baina beti beste hizkuntzetan, batik bat gaztelaniaz. Beraz, ekarpen bat egiten ari nintzela pentsatu nuen.

Aipatu duzu ikaslerik gabe ez zela posible izango liburu hau.

Ez nirea, ez beste edozein. Zeren liburu bat irakurtzeko egiten da. Gazteei gehiegietan botatzen diegu errua, baina oso irakurle onak dira. Egia da gero batzuek aparkatu egiten dutela, baina gaztetan zaletu direnek gero berriro hartzen dute. Ikasle askok esan dit hori. Esperientzia gozoa izan duen hori helduko da berriz liburuak irakurtzera.

Hori da irakurzaletasuna bultzatzeko sekretua?

Ez dakit; ez dago errezeta bakar bat. Baina guk disfrutatzen badugu, beste batzuek ere hala egingo dute. Norberak irakurtzen ez badu, ezin da esan ez denik irakurtzen. Pertsona batek liburu batekin disfrutatu badu, hori igarri egiten da. Agian zoriontasun hori transmititzea da gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.