Hasierako agurretik agertu zuen intentzioa, eta rol batean edo bestean, bertsoarekin esan daitekeenaren langa goian utzi zuen Beñat Gaztelumendi Arandiak Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoan. «Hitza mailu bat da eta / hasi gaitezen kolpeka» kantatuz ekin, eta sokatik erortzeko imintziorik ere egin gabe osatu zuen Oiartzungo saioa. Baita biribildu ere, mailu kolpeka, etxegabeen egoera kontatzen ari den Donostiako kale garbitzaile baten ahotik.
Saioa irabazita, ziurtatua du abenduaren 14ko finalerako lekua, 560,5 puntu bildu ondoren. 552 puntu eskuratuta, Ane Labaka Maiozek gertutik jarraitu zion azken bi aldietako txapeldunari, eta aurreko biek bezain saio beterik egin ez arren, finalisten eskarmentua erakutsi zuen Nerea Elustondok ere —522,5 puntu ditu—. Haien atzetik geratu ziren, koska bat beherago, Asier Azpiroz Iztueta (475 puntu), Oier Etxeberria Zubimendi (468,5 puntu) eta Eli Pagola Apezetxea (449 puntu).
Finalaurrekoetako bete-beteko itxura zuen Elorsoro kiroldegiak. Gutxi gorabehera 1.150 entzule bertsolarien lanari adi, Ane Ezenarro Beristain gai emaile zela. Hasteko, albistegietan irudi gogorrak ematearen egokitasunaz aritu ziren Azpiroz eta Pagola, zortziko handian, bi kazetariren rolean jarrita. «Ta Palestinan bere semea galduta daukazu ama / guk morborikan ez deu bilatu, hoixe da pasatu dana», hasi zen lehena. «Baina halako irudi bidez baldin badezu formula / ba arduradun politikoak enfokatu ditzagula». erantzunez amaitu zuen bigarrenak.
Labakak eta Elustondok egin zuten ariketa horretako bertsoaldirik osoena, baserritar izateagatik ikaskideen irainak jasan behar izan zituzten bi lagunen ahotik. Gauzak aldatu direla argudiatu zuen Labakak, «orain jenderik progreenak ere» baserrian bizi nahi duela azalduta: «Paretan huntzak zenbat kolore, ta ximaurrak ze fragantzi / kalitatea kentzen zigun lehen, orain labela erantsi». Oraindik ere «kaxero eta kaxera» deitzen dietela erantzun zion Elustondok: «Baserriratu den kalekume horrek ene zenbat neke / simaur usainak ta zintzarriek traba egiten diete».
Erlazionatuta
Etxeberria eta Gaztelumendi kuadrillan bikotekiderik ez duten bakarrak izan ziren hurrengo ofizioan. Etxeberria: «Baina kuadrillan begiratuta ja pasatzen ari gera / partida onak izatetik ta, mutilzaharrak izatera». «Nere lagun ta nere maitale baditut mila harreman / maitasunari ez dago zertan bikote formarik eman», esanez lasaitu nahi izan zuen laguna Gaztelumendik: «Etorri zaitez nere ondora, ni bizi naizen jitera / eta besteak joan daitezela merendolak egitera».
Ohiko hiruna bertsoak ez, launa kantatu behar izan zituzten zortziko txikian, rol bana beste heldulekurik ez zutela. Tatuatzailea izan zen Azpiroz, eta haren bezeroa Labaka; telefono bidezko saltzailea Pagola, eta deia hartu duena Etxeberria; eta magoa Elustondo eta publikoko boluntarioa Gaztelumendi.
Elustondok ederki ireki zuen bidea, magia munduko erregistroa baliatuz, eta Gaztelumendik, berriz, erantzunetan kolpe politak utziz osatu zuen elkarrizketa. Elustondo: «Nahiz ikusten zaitudan bastante patxadan / sar zaitez kaxa hontan zatitu zaitzadan». Gaztelumendiren erantzuna: «Metro terdi bakarrik horixe naiz, aizu / ni gehiago zatitzen kosta behar zaizu!». Eta hurrena: «Ez badezu nahi kaxa horretan urtzea / nahiago ote dezu uso bihurtzea?». Erantzuna: «Pertsona txarretik ez dago uso onik / hori Txan magoari ikasi nion nik».
Ganbara eta bakarkakoa
Ordura arteko ariketetan zalantzarik bazen, ganbarako sei puntuko motzean eta bakarkakoan nabarmendu egin ziren Labaka eta Gaztelumendi. Biek batera osatutako lanean lortu zuten ofiziorik sinesgarri eta aldi berean hunkigarriena egitea. Halaxe eman zien gaia Ezenarrok: «Bikotea zarete. Une gogorra bizi behar izan duzue elkarrekin, baina indartuta atera zarete».
Guraso izan nahia aipatu ondoren, halaxe hasi zen Gaztelumendi: «Sofan mantapean bare / gertu-gertu, parez pare / haurra ez zaigu etorri baina gu hementxe gaude». Abortu hitza esplizitu egin ondoren, Labakak: «Orain ondoan zaitut zu / gazteak gera, ze luxu! / esan didate: 'lasai, beste bat edukiko duzu’». Gaztelumendik: «Bizi izan dugu horrela / tabu bat balitz bezela / gero jakin dut beste askori gertatu zaiela». Eta Labakak, elkarrizketa biribiltzeko: «Fetua ezin errolda / barrua lokatz estolda / … / bilduz elkarren ondora / ilbehera edo ilgora / berriz saiatu aurretik hartu dezagun denbora».
Puntukako ariketaren ondoren, bakarka aritu dira bertsolariak, bakoitzari gai bat emanda. Urte sabatikoa hartu ondoren, planak alde batera utzi eta gurasoen zaintzaz arduratu behar izan duenaren larruan jarri zuten Labaka: «Aurrean daukat murrua / ta barruan amorrua / nahaste bat soilik bilakatu naiz sentipenen desterrua / ez joatearren tristura eta tristuragatik errua».
Gaztelumendiri, berriz, kale garbitzaile izatea egokitu zitzaion: «Gero eta pertsona gehiago ikusten dituzu lotan kale bazterrean». Añorgarrak ederki ekarri zuen lehen bertsotik Donostiako Kaleko Afari Solidarioen bueltan gertatua:«Hainbeste jende delako kalean geratu dena / ta bizitokitzat kartoi mehe bat hartu duena / horixe da Donostiaz kontatzen ez digutena». Eta hirugarrenean: «Bat-batean udaltzainen sirenak ditut aditu / pareko etxegabea urduri dut nabaritu / … / nik berriz erratza hartuta, nire lana dut erritu / lehen garbi zegoen lurra arraskatu ta berritu / Europak, biziko bada, gaur burgesak behar ditu / ta hala gabiltza kaleak garbitu eta garbitu».
560,5 Beñat Gaztelumendi Arandia
552 Ane Labaka Maioz
522,5 Nerea Elusondo Plazaola
475 Asier Azpiroz Iztueta
468,5 Oier Etxeberria Zubimendi
449 Eli Pagola Apezetxea
Zarautzen eta Arrasaten izango dira datozen bi finalerdiak. Saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 14ko finalerako, eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste bostek osatuko dute zortzikotea.