Udako seriea. Historian aztarrika (V)

Gaztelu mendiko akitaniarren herexen gibeletik

Altzürüküko Gaztelu mendiko herrixka gotortua aztertuko du irailean Aranzadik. Lehen hurbilketak egin dituzte uztailean, eta zenbait zeramika puska eta ikatza atzeman dituzte. Litekeena da Burdin Arokoa izatea herrixka.

Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologoa, irailean Altzürükün aztertuko duten Gaztelu mendia gibelean duela, ezkerraldean. GUILLAUME FAUVEAU
Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologoa, irailean Altzürükün aztertuko duten Gaztelu mendia gibelean duela, ezkerraldean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
GAZTELU (ALTZÜRÜKÜ)
2024ko abuztuaren 24a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Ipar Euskal Herrian, Zuberoako lurraldean, Arbailako eskualdean, Altzürüküko herrian: Gaztelu mendi tontorra. Zehazkiago, Altzürüküri dagokion Garaibi auzo partearen eta Altzürüküko herri zentroaren arteko muga egiten duen tontorra da —Garaibiko bigarren parte bat Urdiñarberi (Zuberoa) dagokio—. Hilerritik so egiten ahal zaio, adibidez: berez mendi bat besterik ez da, eta deus guti zaio nabaritzen, baina, behin, jendea bizi izan omen zen han gainean. Gaztelu, gaztelu gain, gaztelu zahar deitzen zaien horietakoa da gain hura ere. Mendi tontor zenbait dira, zeinen gainean herrixkak antolatu baitzituzten Burdin Aroan. Ipar Euskal Herrian 70 bat kontatu dituzte horrelakoak: denak atzemanak baina kasik bat ere ez xerkatuak.

Heldu den irailaren 2tik 15era eginen dituzte indusketak Aranzadi elkartekoek Gaztelun, Altzürükün; Mattin Aiestaran arkeologoak zuzenduko ditu ikerketak. Hura bera izanen zen, bestalde, Irulegiko Eskua Nafarroan aurkitu zuteneko indusketen eramailea. Aldi honetan, Zuberoako Burdin Aroko akitaniarren herrixka gotortu baten ikerketa arkeologikoa eginen dute, eta, lehen aldia da Altzürüküko aztarnategi horretan eginen dena. Bertako jendearen egun oroztako bizimoldea aztertzea dute helburu nagusi, baita hirigintza eta defentsa sistema ere.

Indusketa mapa, Gaztelu
 

Iraila heldu aitzin, halere, lekua ikustera jin ziren uztail urrentzean, zeren lehen aldia izanen baitute indusketak bertan eginen dituztena, eta aitzinetik prestatuak izan behar baitute. Ostiral arrastiri hondar batez bildu zen Aiestaran Altzürüküra, Johaine Karrikaburu Lapistoi-rengana. Ezagunak dira biak, eta, joan den urtean jadanik, Aiestaran Aranzadiko beste zenbaitekin jin zen herrira Irulegiko Eskuaren aurkeztera. Orduan 2024ko udako indusketen inguruan elestatu ziren: Lapistoik Gaztelu aipatu zion, eta mendi gotortu ohiak lukeen interes posibleaz oharturik, irailean indusketak bertan egitea erabaki zen.

Gaztelu
Gazteluko tontor horretan berean eginen dituzte indusketak. ARANZADI

«Gure ustez, bikain joan da», erran du Aiestaranek Gaztelun egin dituzten lehen hurbilketei buruz. «Egin ditugu zazpi zundaketa: atzeman ditugu zeramika zatitxoak, atzeman ditugu ikatzak... Horiek analizatu beharko ditugu laborategian, baina lehen itxura da zaharrak direla. Ez dakigu Burdin Aro bukaeran edo non kokatu gaitezkeen, baina Burdin Aroan, bederen, bai». Aztarna horiek lur azaletik 80 zentimetro ingurura atzeman dituzte. Lurrazalean atzeman bazituzten, orduan pentsa zitekeen elementuak mugitu zirela denboran zehar, eta duda sar zitekeen zinez bertakoak ote diren. Baina, lurrazpian atzeman dituztenaz geroz, segurago erran dezakete garai hartan erabili ziren tokian egon direla. «Horrek poztu gaitu». Gainera, fenomenoa harresiaren inguru guzian berritzen da: aldiro-aldiro, elementuak lurpean dira, orduan, segur ere, bertakoak. Horren arabera, badakite guti gorabehera irailean non zilatu beharko duten, eta «nahiko segur» dira «zerbait interesgarria atzemanen» dutela.

«Atzeman ditugu zeramika zatitxoak, atzeman ditugu ikatzak... Horiek analizatu beharko ditugu laborategian, baina lehen itxura da Burdin Arokoak direla»

MATTIN AIESTARANAranzadiko arkeologoa

Gainetako gaztelu zaharrak

Gaztelu, gaztelu zahar, gaztelu gain... Toponimia horrez izendatzen dira zenbait mendi gailurretako herrixka gotortuak. «Zuberoan, eta Ipar Euskal Herrian orokorki, badira 70 bat herrixka inguru. Horiek aurkituak izan dira, baina ez xerkatuak. Izaten ahal dira garai anitzetakoak... Badakigu zaharrak direla: Erdi Arotik honaino baino zaharragoak; beraz, bederen mila urte izaten ahal dituzte».

Herrixka horien garaiari buruz zehatzago izatea zaila gertatzen da, zeren lekuen arabera, jendeak behin eta berriz okupatu izana posible baita; orduan, hainbat garai izan daitezke. «Hego Euskal Herrian, bederen, horrelako mendi gainetan —hegietan, bazterretan, ikusgaitasun handia duten eta amildegiz eta defentsa naturalez inguratu mendietan—, lehen aldiz hasi ziren bizitzen duela hiru mila urte inguru».

Akitaniarrak. «Delako baskoiak ezagutzen ditugu, Nafarroan baikara ere lanean, eta ezagutuko ditugu orain garai bereko akitaniarrak, Burdin Arokoak». Herrixka horiek plantatu aitzin, etxoletan bizi ziren, «egun ere mendian ikusten ditugun etxola horietan». Gero heldu dira, hain zuzen, mendi gainetako herrixka egonkorrak: «Ez sasoika egoten direnak, baizik eta urte osoan bertan egoten direnak». Eta, irauten du, nagusiki, erromatarren iritsiera arte, duela bi mila urte arte: Kristo aitzineko lehen mendea. Baina, garrantzitsua da zehaztea erromatar denak ez zirela Euskal Herrira garai berean toki guzietara iritsi. «Kristo aurreko lehen mendearen hasieran, Nafarroako hegoaldera: hortik erromatartzen dira lehenik baskoiak. Gero, Iparraldea, lehen mendearen erdialdean: Julio Zesarrek galiarren konkistan Akitania ere konkistatzen du; argiki bereizten ditu akitaniarrak galiarretatik erranez bertze hizkuntza batean mintzatzen direla, beste ohitura batzuk dituztela... Eta lurraldea politikoki oso zatikatua dela».

«Zuberoan, eta Ipar Euskal Herrian orokorki, badira 70 bat herrixka inguru. Izaten ahal dira garai anitzetakoak... Badakigu zaharrak direla: Erdi Arotik honaino baino zaharragoak; beraz, bederen mila urte izaten ahal dituzte»

MATTIN AIESTARANAranzadiko arkeologoa

Hain zuzen, herrixka bakoitzak bazuen bere izaera, baina denak elkartu ziren gero, Erromari aurre egiteko. «Galdu zuten, bistan dena», zehaztu du irriz Aiestaranek. Eta jarraiki: «Hori ere bada arkeologiaren rola: enta badira gauza anitz historia idatzian agertzen ez direnak, eta bertze anitzetan agertzen dena kontrastatu behar da. Erroma Garaiak idazten du bere ikuspuntutik, inperialista izaten ahal dena, gezurra izaten ahal dena. Batzuetan, egia. Gu saiatzen gara aztarna materialetatik iragana ikertzen». 

Teknika ez-suntsitzaileak

Lehen aldia delarik toki baten indusketa egitera doazela, hautuak egin behar dira, zeren ezinezkoa bailitzateke gune osoaren ikertzea; hala gisan Gaztelu mendiaren kasua, adibidez. Anitzez ere zabalegia da eremua, eta, baliteke nonbait zerbait interesgarria atzematea, baina beste puntan ez. Orduan, indusketetan hasi aitzin, erreparatze lanak egitera heldu dira.

Altzürükün ere horrela egin dute, eta uztail hondarrean jin zirenean, lehen lan horietan aritu ziren. Aiestaranek prozesua azaldu du: «Zundatzeko makinarekin egiten ditugu 5 zentimetroko diametroko zuloak, eta laginak ateratzen». Eraikuntzan ere erabilia den metodo bat da, adibidez, baina geologiaren aztertzeko; honako honetan, helburua desberdina da, «arkeologikoki toki bat zenbateraino emankorra den ikusteko» balio baitie. Azkenean, indusketa lanak zein izan beharko diren eta horiek nola eraman beharko dituzten finkatzen laguntzen diete. Hain zuzen, metodo horri esker ikusi ahal izan dituzte Gazteluko elementuak —zeramika puskak eta ikatza, adibidez—, 80 zentimetrora lurpean. Horien arabera deliberatu dute ere zer-nolako lanak eginen dituzten irailean.

Gaztelu
Lehen hurbilketetan zenbait zeramika puska eta ikatzak atzeman dituzte Gaztelun. ARANZADI

Arkeologo gazteak erran du teknika berri horiek ahalbidetzen dietela fiteago lan egitea ere: «Lehen, itsu-itsuan joaten ziren, eta hamar urte baino gehiago egon ondotik toki batean, berdin ez zuten kasik deus atzematen. Orain, urtebetean jakin dezakegu non lan egin». Eta hori guzia, inguruak hondatu gabe, zeren zundaketarena, adibidez, «bada teknologia bat ez dena arras suntsitzailea», eta «ez du hondatzen lurpean dena».

Zundatzearen teknika hatsarretik erabilgarria bazaie, badituzte ere beste zenbait baliabide lana aitzina eramateko baliagarriak zaizkienak, betiere, gunea hondatu gabe. «Geofisika. Lurrik mugitu gabe, egiten dugu lurraren erradiografia bat. Orgatxo bat pasatu, horrek uhin batzuk lurpera igorri, eta, programa informatiko batekin marrazten digu plano bat. Orduan, bagoaz: hemen kale bat, hemen etxe bat, bertze».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.