Gazteentzako hiru lan atera ditu Alberdaniak

Janne Tellerren 'Ezer ez', Nancy Hustonen 'Ultramorea' eta Jean-Philippe Blondelen 'Blog' dira liburuak

Janne Teller, Ezer ez eleberriaren egilea. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
«Aurtengo udari begira Alberdania argitaletxeak euskal irakurleari eta bereziki irakurle gazteari —edozein adinetakoa delarik— egin nahi dizkion hiru proposamen» aurkeztu ditu berriki Inazio Mujika Iraola editoreak: Janne Teller-en Ezer ez, Juan Mari Mendizabalek itzulia; Nancy Huston-en Ultramorea, Jon Muñozek itzulia; eta Jean-Philippe Blondel-en Blog, Irati Fernandezek itzulia.

Mujika Iraolak uste du irakasleentzat ere liburu hauek interesgarriak izan daitezkeela. «Badira argitaratzen diren liburu berriak irakurtzen dituzten irakasle onak, gero ikasleei haiek aholkatu eta ikasleekin haiek lantzen dituztenak. Horrelako irakasleak altxor preziatuak dira guretzat, eta iruditzen zait hiru proposamen hauekoso egokiak direla haientzat, gero ikasgeletan lantzeko balio baitezakete, gazteen arteko eztabaidarako».

Gizartearen lotsariak agerian

Janne Tellerren Ezer ez eleberriaren hasieran, honako hau dio Pierre Anthon pertsonaia nagusiak: «Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea». Eskola utzi eta aranondo batean gora igo da gero, ikasi duen hori oihukatzeko, eta lagunek, oker dagoela frogatu nahian, garrantzia duten gauzak erakutsi dizkiote. Hiru liburu berrien artean «filosofikoena» eta «gogorrena» da. Modu xaloan eta eztitasunez idatzia badago ere, tragedia latza du kontagai.

Ipuin zahar edo alegia baten moduan kontatua, gizarte baten miseriak eta lotsariak agerian uzten ditu narrazioak, eta erakusten du betiko galtzen ez diren arte ez direla behar bezala balioesten eskura izaten diren onurak eta aberastasunak. Aurkako erreakzioak ere sortu ditu, baina Danimarkako ikastetxe askotan nahitaezko irakurketa da ikasleentzat.

Nancy Hustonen Ultramorea-k Kanadako Alberta eskualdean 1936an zegoen giro moral itxi eta itogarriaren berri ematen du, Lucky neskatoak bere hamahirugarren urtebetetzean hasi duen egunkariaren bidez. Askatasunaren aldeko aldarria da liburua. Ez da hau Alberdaniak euskaratuta kaleratzen duen Hustonen lehen eleberria, duela hiru urte Jaiotze markak kaleratu baitzuen (Iñigo Errastik itzulia).

Jean-Philippe Blondelen Blog eleberriak aitarekin haserre dagoen seme bat du protagonista. Ezin du eraman aitak bere blogean idazten dituenak irakurtzea. Aitak, ordea, berak gaztetan antzeko kezkak eta grinak zituela ikusarazi nahi dio semeari, eta horretarako berak «nire bloga» deitzen duena erakusten dio: gaztetako gutunak eta bestelako dokumentuak. Interneten garaiko gazteak ez direla funtsean aurreko belaunaldietakoen aldean oso bestelakoak ikasiko du semeak horri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.