Durangoko 58. Azoka

Gazteena ere bada Durango

Gazteak ez ezik, batez ere familiak batu ditu ikasle egunak Durangoko Azokaren bigarren egunean. Arratsaldean, berriz, adin guztietakoak elkartu dira azokako kaleetan.

(ID_13409516) (Jon Urbe/@FOKU) 2023-12-07, Durango. 58
Ikasle eguna Durangoko 58. Azokan. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Durango
2023ko abenduaren 8a
05:20
Entzun

Atzoko irekieraren lehen orduak ez zuen asteazkenekoak bezainbeste bete Landako. Apurka-apurka, ordea, handik eta hemendik zetozen 70 autobusak iritsi ahala beharbada, berriz ere zirrikiturik gabe utzi zituzten gunerik gehienak eguneko zenbait ordutan. Durangoko Azokak berak emandako datuen arabera, 400 gaztek eman zuten izena ikasleen egunerako antolatutako tailer eta lantegietan; besteak beste, Baionako, Lekeitioko (Bizkaia), Altsasuko, Iruñeko eta Berako (Nafarroa) eskoletatik etorriak. Haien eskaerara egokitu zuten, bestalde, egitaraua. Izena eman gabe izan arren, jardunetara gerora batu zenik ere izan zen, halere.

Askotarikoak izan ziren gazteei zaletasuna pizteko eta transmisioa ziurtatzen laguntzeko lantegiak, eta horien artetik arrakastatsuenetako bat, kasurako, Gamer Gela izan zen, bai eguerdiko saioan, bai eta arratsaldeko lauretakoan ere. Kabi@n espresuki paratutako ordenagailuak baliatu zituzten horretarako. Irakasle edo gidari lanetan Ibai Aizpurua aritu zen, hain zuzen 2021ean Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi eta horri esker Barraka bideojokoa plazaratu zuena urtebeteren buruan, 2022an. Aizpuruak, bideojokoen inguruko aurkezpen motz bat egin ostean, batez ere «pantailen diseinuari eta jokagarritasunari» heldu zion. Azaldu zuenez, «bideojoko lantegi bat ematea zaila da berez, eta zer esanik ez hain epe laburrean hasi eta bukatu behar bada».

Hortaz, bideojokoaren prozesuko atal bat hobetsi, eta lanean jarri zituen parte hartzaileak. Hasiera-hasieran emandako aholkuaren arabera, «jokoak, hasteko eta behin, jolasten erakutsi behar du, eta gero eta konplexuagoa egin behar da». Hortaz, ordenagailuen aurrean multzoka jarrita, Epic Game aplikazioa zabaldu, eta pantaila bat edo beste asmatzeari ekin behar izan zioten, aurrez sortuta zegoen materiala baliatuz.

Horretan jardun ziren, esate baterako, Iratxe, Saoirse, Izarne, Lihia eta Manon, Baionako kolegioko ikasleak, Txomin Hiriart-Urruti irakaslea aldamenean zutela. «Arretaz eta gustura» aritu zirela esan zuten 14-15 urte inguruko bost neskek, aho batez esan ere, eta, tailerra bukaturik, bertan jarraitu zuten, tailerrean bildu ziren gainontzeko gazteek bezala, ordenagailuetan instalatuta zeuden jokoetan jolasean.

Manga bana eskuetan

Ioritz Lizaso, Adur Etxeberria, Oihan Etxebeste, Aitor Aizpurua eta Alex Zuriarrain oiartzuarrak Haurtzaro ikastolako (Gipuzkoa) ikaskideekin heldu ziren Durangora, baina ez zuten inongo tailerretan eman izena. Beren kasa ibiltzeko utzi zizkieten bi orduak Azokako kaleetan gora eta behera eman zituzten, gustuko produktuen bila. Manga bana eskuetan zutela, Landakoko bazter batean dauden eskaileretan eseri, eta irakurtzen aritu ziren, ordu erdiz edo. Cube Arts, Dinosaurs Sanctuary eta Heroines Game sailetako aleren bat edo bi zeraman bakoitzak.

Haien hitzetan, «euskaraz natural, erraz eta gustura irakurtzeko moduan» daude itzulita, eta salneurria «aski egokia» dutela gaineratu zuten. Manga ale bakoitza 10 euroan jarri du salgai Harriet argitaletxeak, eta, horko editore Mikel Muroren hitzetan, tirada handiko erdarazko aleak baino apur bat garestixeago izanagatik ere, «aldea txikia eta onargarria» da.

Aipaturiko manga ale horiez gain, diskoak ere erosi zituzten: ETSren Aukera berriak, Glaukomaren Kalima, Faborez bildumako CDak eta Su Ta Gar taldearen Jaiotze basatia biniloa.

Ohi bezala, musika talde jakin batzuen inguruan ilara ikusgarriak osatu zituzten erakusmahaien inguruan, goizetik hasita. Gazte multzo ugariena ETS taldeak bildu zuen. Arratsaldeko lehen orduetan, esate baterako, beren salmenta txokotik hasi eta kanpoaldetik luze jarraitzen baitzuen haien jarraitzaileen zerrendak. ETSko kideak bazkaltzeko etenetik noiz itzuliko ziren zain zeuden gazteak eta gurasoak, disko sinatuak ez ezik haiekin egindako selfieak ere lortzeko itxaropenez. ETSkoen arrakastari aski gertutik jarraitu zion Zetak taldearenak ere. Jendea «aski emozionatuta» etortzen zitzaiela azaldu zuen beren txokoko saltzaileak, eta askok eta askok azokan sartu orduko «zuzen-zuzen» jotzen zutela haiengana, disko berrienaren bila, eta «adin askotakoak» zirela gainera.

Liher taldeko Lide Hernandoren aburuz, jendetsuagoa izan zen lehen eguna, eta ikasle egunean baino gehiago saldu zutela esan zuen. Nolanahi ere, gazte asko «sinadura eske» agertu zitzaizkiela azaldu zuen, eta gaineratu salmenta egun batetik bestera handitzea ez zutela espero, gazteak ez baitira inoiz «diruz oparo» ibiltzen.

Literaturari begira

Gazte literaturan idazle ezagun eta estimatua da John Andueza. Elkar argitaletxeko erakusmahaian eman zuen eguarte osoa, eta aurreko urteko ikasle egunarekin alderatu zuen aurtengoa. Oro har, eta goizari lotuta betiere, «mugimendu gutxiago edo aurrera eta atzera gazte gutxiago» ikusi izana nabarmendu zuen. «Beharbada eskola askotan zubia» egin izana aipatu zuen besteak beste, murrizte horren arrazoi gisa.

Alabaina, ez zion utzi liburuak sinatzeari eta bere liburuen zale diren gazteekin hitz egiteari. Haren ustez, «irakurle jendea ahalik eta ondoena hartzen ahalegindu beharra dago beti». Helduen literaturan ez bezala, gazteei espresuki zuzenduriko literatur esparruan sarri ikusitakoa nabarmendu zuen Anduezak: «Bazatoz azkena ateratako liburua buruan duzula, hori bera zure goizeko liburu izarra izango delakoan, baina, askotan, duela hiruzpalau urte idatzitakoak hobeto funtzionatzen du». Erakusmahairaino etorritakoen arabera gertatzen dela azaldu zuen idazleak, «askotan ez baita jakiten irakurle gazte horrek nondik norako erreferentzia jaso duen, lagun batek gomendatuta ote datorren ala eskolan entzun ote duten hurrena liburu hori erosi beharko duela».

Liburu plazaratu berriek «artean ibilbiderik egin ez izanak» ere emaitza baldintzatzen duela esan zuen Anduezak, eta hori, bere horretan, «polita» iruditzen zaiola, «liburuak horren erraz hiltzen ez diren seinale delako».

Esparru guztietan «beti azken nobedadearen menpe ibili beharra» nekagarri egiten zaiola azaldu zuen, eta erantsi «zorionez gazte literaturan halako mirariak behintzat» gertatzen direla, alegia, «erdi ahantzita leudekeen perlak bat-batean biziberritu egin litezkeela», zergatik den ondo jakin gabe.

Ez zen erabat iritzi berekoa Erein argitaletxeko Gari Arzallus. Haren esanetan, aurreikuspenak «ederki eta zenbaitean uste baino goragotik» bete zituzten. Asteazkenean «oso ondo» hasi zirela eta atzokoan «egun lasaiagoa» espero zutela esan zuen, baina ez zela horrelakorik gertatu. Gaztetxoak «beharbada asteazkenean baino gehiago» ibili zirela esan zuen, eta batzuetan taldean baina bestetan familian heltzen direla. Dena den, eta oro har, «profil askotariko jendea» etorri zitzaiela nabarmendu zuen, eta beren erakusmahai luzean, adibidez, liburuen kokapenaren arabera aldatzen zela publikoaren adina. Liburu estimatuenen artean, aurreikuspenen gainetik saldutakoa Yolanda Larreategiren Puta gorda izan zela adierazi zuen Arzallusek, eta, horrekin batera, «Jon Arretxeren Toure sagako liburu guztiak eta Goiatz Labandibarren Bekatua».

Baina ikasle eguna izendatzeak ez du esan nahi ikasle guztiak egun horretan agertuko direnik. Baionako Bernat Etxepare lizeoko gazteek eta irakasleek, esate baterako, nahiago izan zuten asteazkenean berean egin azokako itzulia, urte amaierako pare bat eguneko txangoaren barruan. 65 lagun ziren guztira, eta tropelean sartu ziren Bernardo Atxagaren hitzaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.