Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiaren zuzendaria

«Gazteen harrobia da abesbatzaren etorkizuna»

Antxon Aiestaranen lekukoa hartuta, Jose Antonio Sainz Alfarok 25 urtez zuzendu du Donostiako Orfeoia, eta egindako bide oparoa eskertu dio abesbatzari.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Donostiako Orfeoiak mende bat baino gehiago darama euskal abesti herrikoiak, sinfoniak, operak eta bestelako obrak profesionalen maila berean interpretatzen. Tarte horretan lau zuzendari ezagutu ditu, eta bakoitzak bere nortasunarekin moldatu du abesbatza. Secundino Esnaola eta Juan Gorostidi izan ziren aitzindariak, eta Antxon Aiestaranek eman zion lekukoa Jose Antonio Sainz Alfaro gaur egungo zuzendariari (Donostia, 1956), duela 25 urte. Pozik eta harro dago azken 25 urteetan egindako ibilbide oparoarekin, eta etorkizun bikaina iragarri dio orfeoiari.

Donostiako Orfeoia zuzendu duzu 25 urtez. Ez da nolanahiko lanbidea. Gogorra al da abesbatzaren arduraduna izatea?

Esker oneko lanbidea da, plurala eta harro sentitzeko modukoa. Orfeoiak ekartzen duen emaitza beti da ona, bikaintasuna ukitzerainokoa. Zailena abeslariekin harreman ona izatea da, eta, zorionez, orfeoiko kideen artean giro aparta dago.

Nola aldatu da musika klasikoaren eta abesbatzen egoera azken urteetan?

Orfeoia abesbatza sinfonikoa da, eta nahiko norabide finkoari jarraitzen dio. Horregatik, gainontzeko abesbatzetatik aldenduta dago. Azken urteetan abesbatzak desagertu dira, eta beste batzuk sortu dira, baina orfeoiak berean jarraitu du.

Orfeoiak 115 urte ditu, eta tarte horretan, hasierako ahotsek beste batzuei utzi diete lekua. Nola lortu du abesbatzak kalitateari eustea?

Abesbatzaren sorreratik, aldaketak oso pixkanaka gertatu dira, ez berehala. Ardoa gordetzeko upelen antzera, urteen poderioz jende berria etorri arren, abesbatzaren gorputza, funtsa, ez da aldatu, aberastu baizik.

Duela 25 urte ez zuen zer berritasun eskain dezake gaur egun?

Bizkortasuna, malgutasuna. Orfeoian berriki sartu den gazte jendea oso prestatua dator; musika teknikak ezagutzen dituzte. Gure garaian, musika ikasgaiak nahiko urriak ziren, baina gaur egun oso ondo prestatzen dituzte. Orokorrean, herritarrek musikan duten jakite maila igo egin da, eta, horregatik, obra zailak inoiz baino errazago ikas ditzakegu.

Duela urte batzuk abeslari gazteen harrobi propioa sortzea erabaki zenuten, eta hasi zarete fruituak jasotzen. Profesionalagoa bihurtu al da abesbatza?

Harrobia etorkizuna da. Horri esker, prestatutako jende gehiago lortu du orfeoiak, eta lehenago. Gaur egun, kontzertuetako mailari eutsi eta hobetu dezaketen 16-17 urteko abeslariak ditugu, Orfeoi Txikian 5 urterekin sartu zirenak eta Orfeoi Gaztean ikasi dutenak.

Eta, hala ere, kaleko jendea abesbatzan sartzera animatu duzue kanpaina batekin.

Orfeoia abesbatza amateurra da, eta, ondorioz, abeslariek beste lanbide batzuk dituzte. Hori dela eta, proiektu guztietara iristeko jende nahikoa lortzea zaila izaten da batzuetan. Abeslariak aukeran ditugu, baina egutegi aldetik zailtasunak ditugunean, ondo datorkigu ordezko jendea.

Musikaren zaleen berrehun ahotsek osatzen dute orfeoia. Nola prestatzen zarete urteko kontzertu guztietara iristeko eta obra berriak ikasteko?

Ahal bezainbeste entsegu eginez. Lan jarraitua eta etenik gabekoa da arrakasta lortzeko makila magiko bakarra. Horrez gain, garrantzitsua da kontzertuetarako abeslari talde egokia osatzea, beti ez digutelako berdina eskatzen.

Entzuleek kontzertuaz gozatzen dute, baina zer gertatzen da agertokiaren atzeko aldean? Nola prestatzen da opera bat, edo sinfonia bat?

Kontzertuaren eguna gertu dagoenean, ohi baino entsegu gehiago egiten ditugu. Horrez gain, obrak eskatzen duen soinua eta pasarte bihurrienak lantzen ditugu, erabat zorroztu arte. Obra guztiek ez dute eskatzen lan bera. Esate baterako, aurreko hilean Francis Poulencen Stabat Mater obra eman genuen Lyonen, eta azkenaldian ikasi dugun piezarik zailenetakoa izan da.

Orfeoia abesbatza amateurra izanik ere, profesionalen maila berean lan egiten du. Ordu gehiago sartzen al dituzue entseguak egiten?

Egia esan, profesionalek baino askoz ere ordu gutxiago sartzen ditugu. Astean gehienez 6 orduren entseguak egiten ditugu, eta abesbatza profesionalek 20 bat ordu sartzen dituzte. Desabantaila horrek askoz ere malguagoak eta bizkorragoak izatera behartzen gaitu.

Beraz, orfeoiak obrak ikasteko eta bereganatzeko ezohiko gaitasuna al dauka?

Bai, dudarik gabe. Abesbatza profesionalak zuzendu izan ditut, eta orfeoiak eskatzen diotenari erantzuteko duen gaitasuna ez dut beste inon ikusi.

Bi aste barru, Tolosa (Okzitania) eta Parisera zoazte, Gustav Mahlerren II. sinfonia abestera Tolosako Orkestra Sinfonikoarekin eta Tugan Sokhiev zuzendariarekin. Urteko kontzertu garrantzitsuenetakoa izango da. Zer espero duzue?

Bai orkestrak eta zuzendariak eta bai hango entzuleek harrera beroa egin digute beti, eta harreman bikain horrek aurrera egitea espero dugu. Gainera, Parisko Salle Pleyeleko akustika bikaina da, eta kontzertu paregabea ematea espero dugu.

Mahlerren obra abesbatzaren lanik goraipatuenetakoa da. Zergatik doakio horren ondo orfeoiari?

Gure obra enblematikoen artean dago Mahlerren II. sinfonia; munduan erabateko profesionalak gara lan hori interpretatzen. Hutsetik infinitura doan obra bat da, eta abesbatza bereziki prestatua dago dinamika horri erantzuteko. Gainontzeko abesbatza profesionalek ahots bikain bakoitza batzen dute, eta guk ahotsen batuketa eta kenketa konbinatzen ditugu, denon artean soinu bikainena lortzeko. Ez gara perfektuak, baina denon artean irits gaitezke maila gorenera.

Zein da abesbatzaren ezaugarri onena? Eta okerrena?

Sendotasuna eta indarra da abesbatzaren ezaugarri onena. Horrenbeste urtez eta halako maila altuarekin lan egin ondoren, egonkorra eta finkoa bilakatu da. Eta ezaugarri okerrena abeslarien lanbideak eta bestelako konpromisoak dira; izan ere, traba horiekin ez dugu inoiz lortu abeslari guzti-guztiak batzea.

Horrenbeste urtez abesbatza zuzendu ondoren, abeslariak ondo ezagutuko dituzu. Esperientzia al da arrakasta lortzeko sekretua?

Bai, esperientzia eta etengabeko lana. Dena den, ezinezkoa da ahots guztiak ezagutzea, asko direlako eta etengabe aldatuz doazelako. Denborarekin, zuzendari bakoitzak bere soinu propioa sortzen du, abeslariei eskatzen dionaren arabera.

Zure aurretik, Esnaola, Gorostidi etaAiestaran izan ziren orfeoiaren zuzendariak, eta 30 eta 40 urte bitarte egin zuten lana. Betiko al da musika zuzendariaren lana?

Zuzendaritza oso lan berezia da. Ez da gaztetan hartu beharreko lanbidea; 80 urterekin ere has zaitezke. Dena den, jendea gidatzeko, berezko ezaugarriak eduki behar dira.

Orfeoiak nolako harremana dauka donostiarrekin eta euskal herritarrekin?

Oso ona, urte askoan ikusgai izan garelako, kontzertu garrantzitsuetan eta baita txikiago eta gertukoagoetan ere. Gure lana ondo egiten dugulako txalotzen gaituzte.

Krisi garaietan, ba al dago oraindik artearentzat lekurik?

Arteari esker jasangarriagoak dira garai latzak. Orfeoiak bere entzuleei eusten die, eta laguntzak erori arren, gazteei esker, urte askotarako indarra dugu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.