Euskal Dantzarien Biltzarrak belaunaldi berriengan jarri du arreta, eta haientzat antolatu du Gazteen Dantza Topaketa, lehen aldiz. Helburua da dantzaren alorrean belaunaldi aldaketa erraztea, eta dantza taldeen iraupena eta euskal dantza tradizionalen geroa bermatzea. Horretarako, adin tarte bereko dantzariak elkartuko ditu asteburu batez, gaiari buruz elkarrekin hausnartu eta eztabaidatu dezaten. «Ekitaldi honen bidez, gazteen ahalduntzea lortu nahi da, nortasun sentimendua areagotzea», azaldu dute antolatzaileek.
Zehatzago esateko, 15 eta 25 urte arteko dantzariei egin die gonbita elkarteak, eta ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitarte egingo dute topaketa, Asparrenan (Araba). Parte hartu nahi dutenek martxoaren 24a baino lehen izena eman beharko dute, www.gazteendantzatopaketa.eus webgunean ageri den inprimakia betez.
Antolatzaileek nahi dute talde eta herrialde ezberdinetako dantzariak elkartzea eta elkarren arteko harremanak sortzea. Izan ere, uste dute horrek «identitate sentimendua» eta dantzaren komunitatea indartzen lagunduko duela. «Gure ustez, gune hori eskainita, bultzada bat ematen ari gatzaizkie gure gazteei, konturatu daitezen haien eskuetan dagoela etorkizuna, taldeetan aktiboki parte hartu behar dutela, hori egiteko gai direla. Gure dantzak, gure folklorea, gure dantzariak balioesten ari gara».
Modu ludikoan
Horretarako, askotariko jarduerak egingo dituzte, guztiak ere dantzaren bueltakoak, baina «modu ludikoan» emanak, eta «emanaldietan ohikoa den zurruntasunik gabe». Hala, larunbatean, talde dinamizazioa, kalejira, aurrez aurreko dantza desafioa eta erromeria izango dituzte, besteak beste. Eta igandean, berriz, mahai ingurua egingo dute, dantza taldeetako bizipenei eta dantzaren etorkizunari buruz gogoetatzeko. «Egiten dutenari balioa ematea nahi dugu, dantzei, eta haiek diren horri. Dantzari izateaz harro senti daitezela. Nortasun sentimendua berreskuratu nahi dugu».
Izan ere, antolatzaileek aitortu dutenez, 1965ean Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zenetik dantza taldeen alde egin bazen ere, belaunaldi aldaketarena urteetan korapilatuz joan den «arazo bat» dela. Nolanahi ere, «itxaropenez eta ilusioz» antolatu dute topaketa, gazteak konponbidearen parte direla sinetsita.
Gazteen Dantza Topaketa egingo dute, belaunaldi aldaketa helburu hartuta
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra izango da, Asparrenan. Izena eman behar da parte hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu