Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Gazteei hitza emateko ariketa

Jonas Truebak 'Quién lo impide' erakutsi du Sail Ofizialean, gazte talde bat ardatz duen dokufikzioa. Paco Plazak 'La abuela' terrorezko filma eraman du lehiara, amama-biloba batzuen arteko istorioa

Paco Plaza, Almudena Amor eta Enrique Lopez Lavigne. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
Donostia
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gazteak kritikatzeko joerari segitu beharrean, bestelako hautu bat egin du Jonas Trueba zinemagileak: gazteei eurei segitzea eta haiei hitza ematea. Nerabe talde baten eguneroko bizipenak, elkarrizketak, planak, gogoetak, kezkak eta ametsak filmatu ditu, dokumentaletik zein fikziotik duen lan bat osatzeko. Bost urteko prozesuaren emaitza da Quién lo impide, belaunaldi baten ia lau orduko erretratua. Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuen zuzendari espainiarrak filma, atzo. Eta bertan aritu diren aktoreekin batera egin zuen agerraldia, hitza haiei etengabe emanez, beste behin ere.

Orain bost urte, La reconquista filmarekin (2016), Donostiako Zinemaldian izan zen Trueba, eta bertan parte hartu zuten aktoreetako lau —Candela Recio, Pablo Hoyos, Pablo Gavira eta Claudia Navarro— alboan zituen atzo ere. Hain zuzen, gazte haiek zinemaren bitartez ezagutzen jarraitu nahi sortu zen proiektu berria. «Film hartarako hautaketan ezagutu genituen, 13 urte-edo zituztela, eta polita da zazpi urte geroago hemen berriro egotea». Ondoan zituen lan berrian aritutako beste lau aktore ere: Silvio Aguilar, Rony-Michelle Pinzaru, Marta Casado eta Javier Sanchez. Urteotan haien bizitza jarraitzeko aukera emateagatik esker oneko agertu zen denekin. «Oso eskuzabalak izan dira, hasieran ez baikenuen argi hau film bat izango zenik ere; zerbait eroagoa zen».

Aktoreek gidalerro batzuk bazituztela —haiek proposatutakoak sarri— baina ziren bezalakoak agertzeko eskatzen ziela zehaztu zuen Truebak. Eta haren lan egiteko era goraipatu zuten gazteek. Pinzaru: «Fikziozkoak dira egoera batzuk, baina guk geuk jokatuko genukeen moduan irudikatzen ditugu». Gavira: «Niri Jonasek ez dit inoiz eskatu antzezteko edo ni ez nintzen inor irudikatzeko. Ez nuen ezeren plantarik egin behar, dena sortzen zen ni bizitzen ari nintzen errealitatetik».

2016ko udazkenean abiatu zen Trueba, kamera eskuetan, 15 urte inguru zituzten gazte haien bizitzen atzetik. Bere aurreko lanetan bezala, Madril da agertokia, baina aldirietako auzo eta udalerrietan ageri dira gazteak oraingoan. «Ez zegoen pentsatua, filmatzeak eraman gintuen leku horietara, gazteak han zeudelako. Baina polita da bakoitzak aniztasun horretatik Madril bat osatu izana». Gazte adina iritzi, kezka eta bizipen ageri dira filmean, baita partekatzen dituztenak ere.

Bokazio «ireki» batekin jaio zen filma, eta modu berean eman zion amaiera Truebak. «Sentitzen dut ez nuela filma itxi, abandonatu egin nuela une batean, eta, hortaz, zintzilik bezala geratzen dela, irekita, galdera bat eginez bezala. Uste dut hori zela zintzoena». Bost urteko grabazioak Marta Velasco muntatzailearekin elkarlanean egindako «destilazio lan handi» baten ondotik ekarri zituzten ia lau ordura. Zuzendariarentzat filmaren parte diren bi atsedenaldi barne. «Oso prozesu intuitiboa» izan zela gehitu zuen, filmari «arnasa hartzen» uzteko aukera eman diona. «Hala egin dugu orain; agian urte batzuk barru beste era batera muntatuko genuke. Amaiezina izateko bokazioz jaio zenez, gerta liteke urte batzuk barru berriro irekitzea».

Rafa Berriori eginiko omenaldia ere bada filma, Truebaren hitzetan —haren izen bereko abestitik hartu du izenburua—; asko zor diola esan, eta eredutzat jo zuen.

Izuaren eremuan

Beldurrezko zinemaren kode jakin batzuk bere gain hartzen dituen film bat baino gehiago izan da, azken urteetan, Zinemaldian. Orain hiru urte, In Fabric aurkeztu zuen Peter Stricklandek, italiar giallo-aren eragina jasotzen zuen film beldurgarri bezain dibertigarria, eta, aurten bertan, generoari erreferentziak egiten dizkion beste film bat ere badago Urrezko Maskorra lortzeko lehian, Claudia Llosaren Distancia de rescate.

Ez da, ordea, hain ohikoa izan beldurrezko film huts bat aurkitzea Sail Ofizialean. Atzo, baina, Paco Plaza zuzendari espainiar espezializatuak —[Rec] seriea, Romasanta, Veronica...—, La abuela aurkeztu zuen, generoari modu estuan lotzen zaion film bat.

Bi emakume ditu protagonista nagusi filmak: Susana (Almudena Amor) Parisen bizi den 24 urteko modeloa, eta Pilar haren amama (Vera Valdez), Madrilen bizi dena etxe batean bakarrik. Une batean Susanari ospitaletik deituko diote amamak odol isuri bat izan duela jakinarazteko, eta itzultzeko eskatzeko. Zaintzaile bat bilatu bitartean, Susanak bere gain hartuko du Pilar zaintzeko ardura, baina egoera zaildu egingo da.

Plazak denbora zeraman ideiari bueltaka, baina ez zuen gidoiarekin asmatzen, ez zuen «ikuspuntu egokia» aurkitzen, harik eta Carlos Vermut zinemagile eta gidoigileari laguntza eskatu zion arte. Azken hori gerturatu izan da batzuetan generora —Magical Girl-ekin Urrezko Maskorra eskuratu zuen 2014an—, baina ez hain modu zuzenean. «Niri asko gustatzen zait beldurrezko zinema, eta landu ere egin dut, baina modu ezkutuagoan. Pacok aukera eman zidan errealitatearen kortseari lotu gabe jolasteko».

Haria nahi baino gehiago argitu gabe, La abuela «deabrutze» film bat dela adierazi zuen zuzendariak, «zeinetan deabrua zahartzaroa den». Plaza: «Denboraren igarotzea satanizatzen duen gizarte batean bizi gara, eta gaztetasuna, edertasuna eta halako balioen gorespen gehiegizko eta etengabea dago zabaldua».

Pandemiagatik, filma Donostiara iritsi bitarteko bidea ez dela erraza izan azaldu zuen zuzendariak, eta pandemiak berak filmaren gaineko irakurketa aldatu duela uste du. «Biloba bat amama zaintzen... horrek ez du esanahi bera gaur egun eta pandemiaren aurretik. Adinekoak baztertzen ditugu beste norabaitera begiratuta. Pelikularen bihotzean horretaz hitz egitea dago».

Plazaren iritziz, «azkenaldian gero eta gehiago dira beldurrezko generoaren eta egile zinemaren artean mugitzen diren filmak, eta ugaritzen ari dira zinema jaialdietan». Eta umorez gaineratu zuen: «Denak beldurrezkoak izatea nahiko nuke nik!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.