'IN COMUNE'
Konpainia: CCN Nantes. Koreografia: Ambra Senatore, dantzarien konplizitatearekin. Musika: Jonathan Seilman, Beethoven, Mozart eta Schuberten konposizioetan oinarrituta. Argiak: Fausto Bonvini. Jantziak: Fanny Brouste. Lekua: Miarritzeko Kasinoa. Eguna: Irailaren 14a.
Ambra Senatore italiarrak Nantesko (Frantzia) CCN bat gidatzen du, eta horren harira izan da gonbidatua aurtengo Dantza Maitaldian. Esku-programan irakurri dugunez, koreografo, dantzari eta performerra da, eta bereziki interesatzen zaizkio gizakien arteko loturak eta era kolektiboan lan egitea. In comune deitu da Miarritzeko Kasinora ekarri duen lana, eta fitxa artistikoan ageri denez, «dantzarien konplizitatearekin» eratu da koreografia.
Niri behintzat txakurrei bezala jartzen zaizkit belarriak tente «dantzarien kolaborazioarekin» eta antzekoak irakurtzen ditudan bakoitzean, horrek esan nahi baitu norabide argirik gabeko lan baten aurrean aurkituko garela. Kasu honetan ere horrelakoa izan da emaitza, eta Senatorek berak diosku: «Bizitzako hilabete batzuk partekatu ditugu, asko dantzatu dugu eta asko eztabaidatu gure artean […]. Bizitzaren koadro bat da lana. Ezagutzen den, igarri den, zalantzak sortzen dituen eta ezezagun izaten jarraitzen duen horrekin».
Gero esan digu pieza amaitzekotan zeudelarik aurkitu zutela Forugh Farrokhzad iraniar emakume olerkariaren poema bat, eta bururatu zitzaiela piezan txertatzea. Izan ere, testuek nolabaiteko garrantzia eduki dute proposamenean, betiere era zatikatuan eta elkarrekin zerikusirik izan gabe, itxura batean behintzat. Hala izanik, gazela baten eta lehoi baten arteko lasterketa eta ehizaz hitz egin digute, edota inurrien gatazkez eta kooperazioaz, beste gauza ustez zentzugabe batzuen artean.
Bitartean argiek ez zuten beste munduko gauzarik esaten —hori bai, dantzari bat eskuko led-foku handi batekin ibili da hara-hona gorputzak argiztatzen—, jantziak munduko arruntenak ziren —kaletik ibiltzeko ere nahiko zatarrak— eta teorikoki Beethoven, Mozart eta Schuberten konposizio banatan oinarritu den musikan ez dugu haien arrastorik antzeman —tira!, haietariko batena bai, baina oso moldaketa gogaikarrian, zinez—.
Eta dantzari dagokionez, sentitzen dut esatea ezer aipagarririk ez dutela egin, eta horren harira anekdota bat azalduko dut hemen: gazteagoa nintzenean Bilboko Institut Françaiseko ikastaro batean eman nuen izena, arte eszenikoak eta amamak irakatsitako frantsesa praktikatzeko, eta hara non neuk ere egin nituela oraingo dantzarien ariketa berberak, nire gorpuzkera ez bereziki estilizatuarekin eta hutsaren hurrengo teknikarekin. Amaitutakoan, ordea, Donibane Lohizuneko euskaldun gazte bat poz-pozik irten da emanalditik. Eta horrek pentsarazi dit agian zaharregia naizela. Edo beharbada Senatorek gazteegia izaten jarraitu nahi duela.