Durangoko 54. Azoka. Ahotsenea

Gazteak ditu ardatz 'Hegats' aldizkariaren 57. zenbakiak

Aurtengo argitalpenak ertz askotatik begiratu dio gazteek literaturarekin duten harremanari. Mikel Antza idazlea aritu da editore lanetan

Yolanda Arrieta, Mikel Antza eta Garbiñe Ubeda, Hegats aldizkariaren 57. zenbakia aurkezten, Ahotsenean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Idazleen Elkarteak baditugutxienez bi «harribitxi», Garbiñe Ubeda elkarteko lehendakariaren hitzetan. Hitzen Uberan ataria da bata, eta urtean behin argitaratzen den Hegats aldizkaria bestea. Gogora ekarri du duela lau urte «barne buletin izateari utzi eta dibulgaziozko aldizkari» bihurtu zela, eta literaturaren ertz guztiak ukitzea duela xede. Urteko zenbakia gai ezberdin baten bueltan ardazten da beti, eta aldi bakoitzean pertsona ezberdin bat aritu ohi da editore lanetan. Mikel Antza idazlea izan du editore 57. zenbakiak, eta gaia, berriz, gazteak eta literatura. Argitalpen berria Durangoko Azokan aurkeztu zuten Ubedak, Antzak eta Yolanda Arrieta idazleak, herenegun arratsaldean, Ahotseneko solasaldien barruan.

«Pozez eta arduraz» ekin zion zereginari Antzak, azaldu zuenez. «Erabaki nuen gazteak eta literatura izatea gaia, uste dudalako garai hauek aurrera begiratzeko garaiak direla, eta inportantea delako ikustea gazte jendea zertan dabilen». Beti da bihar. Datozkeen literaturak izenburua darama zenbaki berriak horregatik. Gazteak literaturatik oso urrun dabiltzalako ustea hor dagoela, baina aldi berean gazte literaturazale ugari ere badela aipatu zuen Antzak. Eta gaiari lau ertzetatik begiratzea pentsatu zuen.

Elikadura nondik? izenburupeko lehen atalak aztergai du gazteek literatura nondik edaten duten, eta, liburuez harago, bertsolaritza, komikia, antzerkia, poesia eta musika ditu hizpide, baita sarearen eta pantailen mundua ere.

Bigarren atalean, bi mahai inguru jaso dituzte. Lehenean, gazteak nola iristen diren literaturara eta etorkizunean nola irits daitezkeen dute hizpide Yolanda Arrieta, Xabier Mendiguren, Intza Alkain eta Dorleta Kortazarrek. Bigarrena, berriz, gai berari buruz eta Gotzon Barandiaranek gidatuta, Uxue Alberdik eta Imanol Epeldek Mungiako (Bizkaia) institutuko ikasleekin urrian izandako «enkontru literarioa» da.

Hasi gabeak jarri diote izena hirugarren atalari, nahiz eta Hasiberriak ere dei zitekeen, editorearen aburuz. Literaturarako jauzia egin duten hainbat gazteren ekarpenak bildu dituzte bertan, hala nola bertso eskola batean ari den gazte batena nahiz liburu bat idazten bukatzen ari den 14 urteko beste batena, besteren artean.

Laugarren eta azken atalak, berriz, Gazte ginen izenburupean, «indusketa arkeologiko literario» baten gisako ariketa bat planteatzen du, eta azken urteotako literatur belaunaldiak eta hainbat mugimendu aztertzen: Itu Banda, Lubaki, Korrok, Ttu-ttuà, Maiatz, Susa, Pott, Igela...

Gazte ugari ageri dira ehun orrialdeko aldizkarian, testuen edukietan ez ezik, baita sinaduretan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.