Gazte literatura plazara

Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azoka egin dute Saran. Egitarau oparoa eskaini dute herriko hainbat lekutan. Liburu azokaz gain, ikusgarri andana ere izan da.

Bi haur liburu bati so, atzo, Sarako karrika batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Sara
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Herriko karriketara atera dira liburuak. Pilota plazatik herriko gelara doan karrikako murruak apaintzeko ageri dira Titirimari, Sorpresa!, Madasa eta Kiratsa. Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren azokak hartu zuen Sara (Lapurdi) atzo eta herenegun. Eskolen eguna izan zen herenegun, eta, atzo, familien egunaren karietara hainbat ikusgarri egin zituzten herrian. Liburu azoka ere egin zuten.

Hirugarren aldia du Ikusi Mikusik. Antolatzaileetariko bat da Amaia Hennebutte idazle eta ilustratzailea, eta gertakariaren nondik norakoez aritu da: «Euskal haur eta gazte literaturaren arloa aski berria da. Buruan nuen azoka bat egiteko ideia, tailerrekin eta ikusgarriekin batean, liburua plazerarekin lotzeko». Azpimarratu du belaunaldien artean euskaraz aritzeko parada eskaintzen duela gisa horretako egun batek. «Sekulako lotura sortzen da haurren eta euskararen artean. Bonu batzuk banatzen dizkiegu eskolekin heldu diren haurrei, eta haurrak gustukoa duen liburua hautatzen du». Hennebutten ustez, «haziak» landatzen dituzte horrela, eta batzuk «erein» egiten dira.

Harekin bat egin du Peio Duhalt Elkar argitaletxeko eledunak. Ostiralean Ikusi Mikusiko eskolen egunean parte hartu zuen, eta kontatu du nola haurrak harengana heldu ziren bonuarekin eros zezaketen liburuaren bila. «Biziki polita zen, ageri baitziren haien emozioak, haien hautuak. Uste dut biziki inportanteak direla horrelako egitasmoak biharko gure irakurleak hazteko».

Jenofa Landaburu 5 urteko alabarekin etorria zen atzo, eguna pasatzera. «Ni euskara irakaslea naiz. Iruditzen zait horrelako egunak baliagarriak direla kultura ere transmititzeko, eta liburuaren inguruan euskara bultzatzeko gure etxean».

Arnasgunea

Laguntzaile franko bildu zen azokako bi egunetan programazioa aitzina eramateko. Izan ere, Sarako herriko zenbait tokitan egin zituzten ekintzak: herriko gelan, kirol gelan, plazan... Ninientzako txoko bat ere prestatua zuten. Antolatzaileen aburuz, euskara «plazara» ateratzeko aukera ematen du azokak.

Ladix Arrosagarai da laguntzaileetako bat. Ziburun (Lapurdi) egiten den liburu azokako antolatzailea da, eta gogora ekarri du euskarazko zortzi liburu azoken arteko sare bat osatu dutela, Doinu izenekoa, elkarren arteko harremanak eta elkarlana bultzatzeko. Ildo horretatik, Imanol Agirre Ilarramendi Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendako arduradunak honela erran du, irribarre konplize batekin: «Ez da Durangoko Azoka bakarrik».

Arrosagaraik argi du gisa horretako egunak «arnasgune» direla euskararentzat. Uste du egitasmo «guti» egiten direla euskara hutsean, eta horiek «indartzeko» premiaz aritu da.«Gero eta euskaldun gutiago gara. Euskal Konfederazioak aipatu du hemendik 2050era euskara desagertzekotan dela, eta iduriz batzuei ez zaie problema». Salatu du «perfusioan» atxikitzen dutela hizkuntza, eta horrelako egitasmoak «baitezpadakoak» direla.

Hala uste du Hennebuttek ere. «Errealitatea da Ipar Euskal Herriko haur anitzentzat euskara eskolako hizkuntza dela. Behingoz; Ikusi Mikusiren egunean plazerarekin lotzen dute, plazan mintzo dela ikusten dute». Elkar argitaletxeko Duhalten ustez, «hizkuntzaren ikusgaitasunak handiagoa izan behar du jendartean», eta, hizkuntza laguntzeko, «irakurketa eta literatura» ezinbestekoak dira.

Argitaletxeentzat, parada

Liburu azoka muntatu dute, eta eskaintza oparoa da. Hainbat argitaletxe etorri dira Euskal Herriko lau txokotatik; besteak beste, Txalaparta, Elkar, Erein... Txalapartako kidea da Hodei Aranguren. Hark lehen aldia du Ikusi Mikusin. Argitaletxeko eskaintza aurkeztu du: «Alde batetik, Txo bilduma dugu haur liburuentzat, eta Axeri bildumaren pean ditugu gazteentzako direnak». Berritasunen artean dute, adibidez, Aintzane Usandizaga Lopezen Ez duzu sinetsiko.

Imanol Agirre Ilarramendi, Garoa liburu dendako arduraduna izateaz gain, haurrentzako literaturaren harpidetza proiektu bat aurkeztera etorria da; Paperezkoak izena du proiektuak. Hilabetero liburu bat eskuratzea da helburua. «Euskal argitaletxe batzuekin hitzarmenak sinatu ditugu, jasotzen duzuen ipuina merkatuko nobedadea izan dadin». Harpidetzen diren haurrek album ilustratu bat errezibituko dute. Gurasoentzako gida bat izango da, eta umeentzako ariketak eta opariak. QR kode bat ere izanen dute kutxan, sarean entzungai izanen den ipuin baterako lotura izanen duena. Gisa horretako proiektuak aitzinera eramateko aukera «ederra» da Sarako azoka, Agirre Ilarramendiren ustez.

'Flipluf', dantza eta musika

Herriko Lurberri gelan Flipluf emanaldia eman zuten atzo goizean Alabena konpainiako Arantxa Lannesek eta Maider Martinok. Adin guzietako haurrentzako emanaldia da, eta metamorfosi bat kontatzen du: beldarra izatetik pinpirin izaterakoa. Arantxa Lannes dantzariak egiten du bide hori, Maider Martinoren bozak, eskusoinuak eta perkusioek lagundurik.

Dozenaka haur eta familia bildu ziren Alabena konpainiaren ikusgarrian. Hasieran, beldurra sentitu dute batzuek; negar hots batzuk entzun dira. Emeki, metamorfosiarekin batean, haurrak geroz eta lasaiago jarri dira, eta irriz hasi. Irriz segitu dute bi artistak murru ttipi baten gibelean kukutu direnean eta oinak atera dituztenean, bizikletan bezala. Ikusgarria finitzean, publikoa eta artistak elkarrekin kantuz aritu dira. «Esku batez burua estaltzen dut, esku biez burua estaltzen dut». Loriatu dira umeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.