Gauzatu gabeko besarkadak

Elkarren eredu eta kide nahi lukete Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko literaturek. Ez dagoen harremanaz aritu dira Atxaga eta Rivas Bartzelonan.

Bernardo Atxaga —ezkerrean— eta Manuel Rivas —eskuinean—, Aritz Galarragak asteazkenean gidatutako saioan. ORIOL CLAVERA.
Samara Velte.
Bartzelona
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Muga berberarekin egiten dute talka nazio gutxituetako idazleek euren hizkuntza esparrutik ateratzen diren aldiro. «Istorio bat Eibarren edo Betanzosen kokatzen baduzu, txokokeria bat egiten ari zara; aldiz, Manhattanen kokatzen baduzu —Betanzos baino auzoagoa izan arren—, kosmopolita zara». Manuel Rivasenak dira hitzak; aldamenetik, buruarekin arrazoia ematen dio Bernardo Atxagak: «Literatura ezinezkoa litzateke, banaketa hori erreala balitz». Kataluniak elkartu ditu euskarazko eta galizierazko idazle ezagunenak, Sant Jordi egunaren bezperan, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak eta Euskal Etxeak antolatutako solasaldi sorta baten aitzakian.

Hiru herrietako literaturen artean egotea nahi luketen baina ez dagoen harreman kulturalaz aritu dira, batik bat. Rivasek gogora ekarri du frankismo amaieran «askatasunaren eta borrokaren iruditzat» zeukala Katalunia: «Mediterraneoak eta Atlantikoak elkar besarkatzea nahi zenukeen». Besarkada hori, ordea, ez da sekula benetan gauzatu. Atxagak zalantza gutxi ditu: «Hizkuntza desberdinetako literaturen arteko harremana ia ezinezkoa da, hizkuntzak berak baldintzatzen duelako gure jarduna». Hartatik datoz «ia arazo guztiak», eta hartatik konponbideak. Batentzat balio duten errezetek, ordea, ez dute besteentzat balio; are gutxiago hizkuntza gutxitu batean ari zarenean, gutxieneko zentralitate bat eskuratu nahian.

Rivasek trantsizio garaiko ezintasunei egotzi dio harreman falta hori. «Tamalgarria da garai hartan ez genuela gehiago partekatu. Gainerako esparruetan gertatzen zenak ez gintuen hainbeste baldintzatu behar. Lurraldea markatzeko obsesio hori, boterea markatzekoa...». Gaur egun kultur aniztasun handiagoaz ariko lirateke, bere garaian «kontrabandoan» gehiago jardun izan balute: «Bideak zabaltzen, alegia. Kultura hori da funtsean: partekatzea eta bideak zabaltzea».

Baina banatuta eta barreiatuta heldu dira euskarazko eta galizierazko literaturak XXI. mendera, txokokeriaren itzala arrastaka beti, eta norbere muga geografikoetatik harago oihartzuna lortzeko zailtasun handiekin. «Funtsean zentralitatearen inguruko gatazka dago», azaldu du Atxagak: «Guztiok uste dugu bizi garen mundua zentrala dela, eta ez zerbaiten menpekoa». Gatazka sortzen da kultura hegemonikoaren eta gutxituen arteko botere harremanak hain desorekatuta daudenean: «Telebistako eztabaidak ikusten ditut, eta hor ez dago periferiarik: ez katalanik, ez euskaldunik, ez galiziarrik. Horrek guztiak, noski, eragiten dio zentralitateari: probintzia edo eskualde mailara murriztu nahi gaituzte».

Eztabaida horrek esparru politikora darama ezinbestean. Bistan da literaturaren edukiak ez duela erabakitzen zer den unibertsala eta zer ez. Halako interpretazioak erabat interesatuak direla diote bi idazleek. «Bereizketa hori egia balitz, zein literatura edukiko genuke?», galdetu du Atxagak: «Begira Homerok nolako lekuak aipatzen dituen. Zer esanik ez Bibliaz: Betleem herrixka txiki bat baino ez da-eta!».

Toki batzuetan sortzen denari ikusgarritasuna ematen zaion edo ez da, beraz, kontua. Rivasek beste solasaldi bat ekarri du gogora: Atxagak, Juan Goitysolok eta berak hartu zuten parte. «Europako hedabideetan eman zuten topaketaren berri; Espainian ia ezinezkoa izan zen. Zaila da sortzen dena islatzea, lana bera itzuli behar izan gabe». Oztopo hori gainditzeko, literaturak politikarekiko dinamika autonomoagoa behar lukeela iritzi dio: «Lortu beharko genuke Cervantes institutuak gutako norbait Parisera gonbidatzea eta inork ez esatea, 'Hau euskalduna da eta, gainera, Cervantes institutua ere aprobetxatzen du'».

Enbaxadore deserosoak

Literaturak bete beharreko funtzio politikoaren inguruko gatazka ezagun dute biek: bakoitzaren kulturaren «enbaxadore» izendatzen dituztenero azaleratzen da. «Badu zerbait faltsutik planteamendu horrek. Enbaxadore batengan pentsatzen dugunean, trinkoa den materia bat daukagu buruan; bertatik lagin bat ateratzen da —enbaxadorea—, eta hark ordezkatzen du osotasuna. Bada, hasteko: gure kasuan, ez dago halako jatorri trinkorik», dio Atxagak. Areago, idazteak berak gatazka dakarkio idazleari bere komunitatean: «Gutxieneko talde batetik gatoz, eta talde hori beste ehunka talderekin batera bizi da gizarte gatazkatsu batean».

Kolektibo baten ahotsak urri direnean, ordea, karga handiagoa du haietariko bakoitzak. Atxagak zein Rivasek badakite euren burua baino gehiago ordezkatzen dutela Eixampleko aretoan hizketan ari direnean. «Jakina, ezin da ukatu idazlearen eta sortu den tokiaren arteko harremana. Arotz bati buruz idaztea, irakasle bati buruz, edo baita espetxera joan diren kideei buruz ere, hil zirenei edo hil zutenei buruz, norbere munduaz hitz egitea da», argitu du Atxagak: «Horrek horrela izan behar du, eta neu idaztera bultzatzen nauten arrazoietako bat da, inon agertzen ez dena kontatzea baita». Besterik da, ordea, idazlea politikoki erabiltzea: «Hori onartezina da, objektu bihurtzen zaituztelako: ez zara zeu zaren idazlea, baizik eta beraiek behar dutena eta moldatzen dutena. Bistakoa baita ez zaituztela irakurtzen».

Rivasen ustez, bere sistemaren barruan «ahots eszentriko» izaten asmatu behar du idazleak. «Erbesteratuaren ikuspuntutik begiratu behar zaio norbere errealitateari, horrek ikuspegi zabalagoa ematen dizulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.