Ainara Ortega. Musikaria

«Gauzarik zailenak azaltzeko, umorea oso erreminta ona da»

Ortegak lider moduan kaleratu duen lehen diskoa da 'Scat'. «Zentzurik ez duten gauza askori bide bat» eman die haren bidez, betiere ironia puntu batekin. Gaur kontzertua emango du, Donostian.

Ihintza Elustondo
2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
«Bromazalea, ironikoa beharbada, sakona ere bai momentu batzuetan, baina beti zinismo etaironia puntu horrekin, nahiko probokatzaile ere bai, eta batez ere, umore handikoa, edozer gauza dela ere, umorea nabari zaio,nik uste». Askotan esan dizkiote adjektibo horiek Ainara Ortegari (Hernani, Gipuzkoa, 1981), haren Scat (Vaiven produkzioak) diskoa definitzerakoan. Jazzean ohikoa da scat inprobisazio teknika erabiltzea umorea eragiteko, eta, Ortegak diskoa sortzerakoan asmorik batere izan ez duela dioen arren, badu umorerik emaitzak. Otsailean kaleratu zuen musikariak lehen lana lider moduan Iñaki Salvador, Hasier Oleaga eta Javier Mayorrekin elkarlanean. Ortega abeslari lanetan eta biolina jotzen aritu da, eta ahalik eta emanaldi gehien ematea da orain haren helburua. Gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da.

Hamabost urte zuzeneko kontzertuak ematen igaro ostean,etorri da zure lehen diskoa. Orain zela abagune egokia uste duzu?

Aspalditik neukan asmoa, gogoa eta ilusioa. Baina, askotan, ez daukazu baldintza egokirik; askotan, baldintza gogorrenak ekonomikoak izaten dira. Bestelakoak ez zaizkigu falta; gogoa ez zaigu inoiz falta. Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzea bururatu zitzaigun, eta Vaiven produkzioen plataforma erabiliz, lortu ahal izan dugu bultzadatxo hori. Horri esker animatu naiz estudioan sartzera. Erlojuaren kontrako lana denean, oso ondo funtzionatzen dut. Bestela, agian, egingo nuke luzatu, utzi, aitzakiak bilatu....

Jazz gisa etiketatu nahi izan duzu diskoa.

Batzuetan, musikaren barrenean murgilduta bizi garenok badaukagu halakoxe konplexua-edo; ez dakit zer den. Nik ez daukat inolako konplexurik. Bai, jazza egiten dut. Horixe da nik ikasi dudana, eta gehienetako bat maite dudan estiloa. Gero, diskoa entzuten duzunean, jende askok esaten du: «Hau bere hartan ez da huts-hutsik jazza». Horren barrenean askoz gauza gehiago daude. Baina, nire kasuan, nire ustez, ez da ezer txarra eta zaila katalogatzea.

Era berean, estilo ugari fusionatu dituzu.

Nire bizitzan oso ohikoak izan diren musikak landu ditut. Musika brasildarra, jazzeko estandarrak, euskal kantak eta gaztelaniazkoak. Denak batu zaizkit nahi gabe saltsa horretan. Asko bilatu gabe batu zaizkit, oso berezkoak egiten zaizkidan estiloak direlako.

Scat izena jarri diozu lanari. Jazzean ahotsaren bidez inprobisatzeko teknikari deitzen zaio horrela.

Zuk nahi dituzun nota edo esaldi musikal horiek bilatzeko, fonema batzuk asmatzen dituzu. Eta horri jazzean scat deitzen zaio. Nik baino lehen, askoz jende gehiagok egin izan du. Bai kontserbatorioan eta bai kontserbatoriotik kanpo, jazza lantzerakoan askotan esaten zidaten: «Zu oso scat zalea zara, asko gustatzen zaizu...». Konplexu hori kendu, eta zuzenean diskoaren izenburua izango zela pentsatu nuen.

Hamaika abesti ditu diskoak; horietatik bi zuk onduak dira. Inprobisazioa ezaugarri nagusi izanda, nola sortzen dituzu abestiak?

Nik egindako zerbait argitaratu den lehendabiziko aldia da. Eta bi gai neuzkan buruan; bata euskaraz izango zen, eta bestea, gaztelaniaz. Euskarazkoan, banekien gutxi gorabehera zeri buruz hitz egin nahi nuen. Oso argi ere ez da ulertzen testuan, baina euskal kantagintzan joan zaizkigun horiek utzi diguten emaria eskertzeko modu bat da. Bestalde, gaztelaniazkoa askoz absurdoagoa eta surrealistagoa da; beste mundu eta dimentsio batzuetan sartzen da. Maitasun istorio arraro, absurdo edo desorekatu bat da.

Gainontzeko bederatzi kantuak bertsioak dira. Zergatik abesti horiek, eta ez beste batzuk?

Lehen esan bezala, erlojuaren kontra lan egin dudalako. Denbora pixka bat gehiago eman izan balidate, akaso oraindik erabakitzeko lanetan ibiliko nintzen. Baina denborarik ez nuenez, oso garbi atera zitzaizkidan kantuak. Hau eta hau eta hau. Jazzean oso ohikoa izaten da kantuak hartu eta zuk zure moldaketak egitea. Eta lau hizkuntza azaldu zaizkit nahi gabe. Euskara, gaztelania, portugesa eta ingelesa. Nahiko natural; oso organiko atera zait.

Jazza eta euskara uztartzea bada zerbait berezia, ezta?

Bai, bada berezia. Hizkuntza bakoitzak badu bere musika. Ingelesak segituan eramaten gaitu jazzera, eta euskararekin, musika aldetik, beste bilatze lan bat da. Baina, noski, posible da, edozein hizkuntzarekin egin daiteke edozer gauza; edozein musika. Oso gustura ibiltzen naiz zure oso etxekoa den hizkuntza bat gero zure oso etxekoa den musika batekin bateratze horretan.

Lagun zaharrengana jo duzu: Iñaki Salvador, Hasier Oleaga eta Javier Mayor aritu dira zurekin batera musikari lanetan.

Horretan ez dut zalantzarik izan. Lagunak izateaz aparte, hamar urte-edo egin ditugu elkarrekin jotzen, eta inolako zalantzarik gabe beraiekin egin nahi nuen. Oso erraza izan da, asko jolastu ginen, eta musikalki apartak dira. Etxeko egongelan ariko bagina bezala izan da. Hasier, Iñaki eta Javierrez aparte, Mikel Andueza aritu da saxoarekin, eta Baptiste Techer tronboiarekin. Horiek nire bi gutiziatxo izan dira. Eta, azkenekoa, Amaia Zubiria.

Imanol Larzabalen Zure tristura egin duzu Amaia Zubiriarekin.

Nire buruarentzako gutizia izan da. Eta entzuleentzakoa, noski. Euskal kantagintzako ahotsak beti oso gertukoak egiten zaizkigu. Euskaraz ari direlako, betidanik entzun dituzulako akaso, eta zure bizitzaren parte direlako nolabait. Eta ahots horien artean, niretzat berezienetakoa eta bihotza bereziki ukitzen didana Amaia Zubiriarena izan da beti. Abeslari gisa asko miresten dut. Gonbidatu egin nuen, eta ez zuen zalantzarik izan. Zehazki, Zure tristura kantatu nahi nuen berarekin; Imanolen kanta zoragarria.

«Nire ni zenbait atera zaizkit lehen disko honetan, ezin eutsiaz batzuk, barrenak zirikatuta beste batzuk». Diskoko liburuxkan irakur daitezke hitz horiek.

Lagun mordoxka batek esan didate, nire autorretratu ona dela disko hau. Eta hori hitz polita da. Diskoa entzun eta gero, eskuetan edukitakoan eta abestiak bata bestearen ondoren entzundakoan konturatu naiz ni horretaz. «Hau da nire alderik sarkastikoena, hau da nire alderik desorekatuena, hau da bizipoz handiena duena, eta hau haurtzarora eramaten nauen abesti bat». Denok dauzkagu ni asko gure barnean. Mordoxka bat azaldu ditut; beharbada, beste asko oraindik ez.

Hainbeste barre egin duzuenez, disko serioa dela sinestea kosta egin zaizula diozu.

Barre piloa egiten dugu gure artean. Umorearekin oso ondo ulertzen gara, umore mota asko erabiltzen ditugu, hitz-jokoak,absurdoak, umore beltza batzuetan... Noiznahi erabiltzen dugu, komunikatzeko bide gisa ere bai askotan. Gauzarik zailenak, korapilatsuenak eta sakonenak azaltzeko, umorea oso erreminta ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.