Ospakizun kutsua dario Erasotaldearen azken lanari. Hogei urte egin ditu Zarauzko (Gipuzkoa) laukoteak musikaren bidean, eta disko berri bat ondu dute efemeridearen bueltan. Ibilbideko seigarren lana da Kaiolatik ihes izenekoa (Bonberenea Ekintzak)—aurretik, 1996 eta 1997 artean, bi maketa osatu zituzten—, eta Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak dioenez, urteak baino gehiago, abiatu zireneko espirituari eutsi izana ospatu nahi izan dute lan berriarekin: «Hasieran geneukan ilusio berarekin jarraitzea guretzat garaipena da». Garaipen hori borobiltzeko, Euskal Herriko oholtza hainbatetan zehar egingo duten bira txikian murgildu dira.
Hogei urte, azken batean, hogei urte dira. Eta, halere, tarte horretan taldea «apenas» aldatu dela uste du abeslariak. Tira, ez dira oraingoak hastapenetako garai «intentsoak», eta «leundu» da entsegu eta zuzenekoen erritmoa, partaideen aitatasuna medio. Sortzeko prozesua ere «pentsatuagoa» da orain. Eta bai, «arnasa» hartzeko tarte handiagoa dute egun taldekideek. Baina, oro har, gorabeherak gorabehera, apenas aldatu den taldea, Ruizen ustez, hasierako izaerari eutsi diotelako: «Erasoren filosofiari eutsi diogu, indarra eta sentiberatasuna uztartuz». Eta eutsi diote, batez ere, «pasio» gisara bizi dutelako taldea, eta ez ogibide modura. «Hortaz bizi izan bagina ez dakit hemen egongo ginatekeen».
Aldatu dena, aldatzekotan, «taldetik kanpoko detaile asko» izan dira, Ruizek dioenez. Alegia, oro har, musika industriaren funtzionamenduarekin zerikusia dutenak, izan diskoetxeak, izan areto eta programatzaileak, izan musika kaleratzeko euskarriak. Baina hortik aparte, eta «detaileak» kenduta, talde «trinko» modura mantendu da Eraso azken bi hamarkadetan. Pentsa, hasierako bandako hiruk jarraitzen dute taldean —kantariak, Nestor Urdanpilleta gitarra jotzaileak eta Iñigo Beitia bateria jotzaileak—. Ibai Castro, baxu jotzailea, orain dela lau urte batu zen proiektura.
Kontuak kontu, eta aldaketak aldaketa, hogeigarren urtemugaren langara iritsi dira Eraso taldekoak, eta inoiz baino patxadatsuago eta lasaiago sentitzen dira orain. «Askeago», taldeko kantariaren hitzetan. Neurri batean, egoera horretatik edaten du diskoari jarri dioten izenburuak, Kaiolatik ihes horrek. Kaiolak, loturak eta mugak atzean utzi balituzte bezala, beldurrik gabe aritzeko: «Libreago sentitzen gara orain; disko honekin sentitu gara ez hasiera bat balitz bezala, baina antzeko: libre, gogoz, indartsu». Eta azaldu du, argi: «Ikasi dugu gure bidea zein den, libre sentitzen gara gure musika erakusteko, egiteko, eta ahal den ozenen esateko pentsatzen duguna». Eta hori guztia, ohiko rock gogorraren doinuei eutsiz. Nahiz eta hori ere ezbaian izan: «Ez gaituzte beti leku berberetan sailkatzen. Batzuentzat, rock gogorra da gurea; beste batzuentzat, metala. Beti ibili gara inoren lurretan, eta hori ere interesgarria izan da».
Aurrera jarraitzeko gogoz
Akaso bizi duten askatasunarengatik, edo akaso urteetako esperientziak ematen duen lasaitasun eta konfiantzagatik, «Eraso naturalena» ageri da bandaren azken diskoan, Ruizek dioenez. Erabaki kontzientea izan da, propio bilatutako xedea: «Rock gogor edo metal taldeetan, beharbada, soinu aldetik dena egoten da prefabrikatu samarra. Guk geure kontzertuetan lortzen dugun soinu hori ahalik eta garbien islatu nahi genuen». Eta helburu hori jomugan jo zuten Karlos Osinaga Txap-engana. Hark egin ditu teknikari eta ekoizle lanak, Tolosako (Gipuzkoa) Bonbereneako estudioetan. Eta «oso interesgarria» izan da prozesua, Eraso taldeko abeslariaren arabera.
Fruitua, bederatzi kantuko lana. Binilo kutxa batean kaleratu dute uzta, eta barruan, CDa zein biniloa, biak, nahieran entzuteko. Otsail bukaeran aurkeztu zuten diskoa, eta ordutik, biran dabiltza herriz herri; Bilboko Kafe Antzokian ariko dira gaur, 22:00etan. Beste lau kontzertu ere iragarri dituzte oraingoz, tartean, etxean joko dutena, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, hilaren 30ean. «Ilusioz» dabiltza emanaldia prestatzen, «etxean jotzeak beti duelako bere xarma». Hogeigarren urteurrenaren ospakizunik «ederrena», ordea, orain bi hilabete izan zuten, taldeko partaideen lagunek festa sekretua antolatu zietenean. Eta urtemuga borobiltzeko asmoa ere badarabilte buruan, dokumental formatuan akaso, «ibilbidea ordenatzeko», eta hor zehar barreiatutako milaka argazki eta bideoei itxura emateko.
Argi dagoena zera da: Eraso taldekoek ez dute oholtzetatik jaisteko asmorik. Aurrera jarraitzeko gogoz dihardute lanean, eta nabari da hori kanta berrien «baikortasun eta argitasunean». Inaxio Esnaola musika kritikariak lan «nostalgikoa» ikusi du Erasoren azkenean, Ruizen ustez badagoelako «antzinako diskoetatik zer edo zer». Horregatik,«Eraso klasikoena» da azken diskokoa hainbatentzat. Izan ere, haren ustez, «baikortasuna eta nostalgia ez dira kontrajarriak».
Gauzak natural egitea
Inoiz baino «askeago» iritsi dira Eraso taldekoak 20. urteurrenera, eta disko bat kaleratu dute ospatzeko.Bilbon ariko dira gaur gauean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu