Basati. Beñat Goitia musikariak izenburu hori jarri dio Benizze izenarekin kaleratutako bigarren estudioko lan luzeari. Basatiago izaten saiatu delako. Hala azaldu du berak: «Izenburuak berak aipatzen du basati izaera hori, eta disko honetan bada ahalegin kontziente bat aurrekoekiko, beharbada, metaforaren testuinguru hori bazterrean utzi eta gauzak era gordinagoan, bortitzagoan azaleratzeko».
Gordinaren kontua gizartearen eraldaketarekin lotzen du Goitiak, azken hau eraldatzen doan heinean bere musikak ere aldatuz baitoa. «Hizkuntzaren inguruan, gure identitatearen inguruan kezka etengabekoa da kantuan. Eta, azken hamar-hamabost urteetan Euskal Herrian aldaketa nabarmenak egon dira, esparru guztietan, gure identitatean eta hizkuntzan eragina izan dutenak. Nere ibilbidean ikus daitekeen zerbait da, uste dut». Eta, oraingoan, musikalki ere zuzenagoa izan dela dio. «Beharbada, orain arte chill atmosferaren geruza horietan gehiago ezkutatu izan naiz eta, orain, banuen gogoa pixka bat geruza horiek kendu eta zaplazteko bat aurkezteko, modu zuzenagoan».
«Beharbada, orain arte chill atmosferaren geruza horietan gehiago ezkutatu izan naiz eta, orain, banuen gogoa pixka bat geruza horiek kendu eta zaplasteko bat aurkezteko, modu zuzenagoan».
BEÑAT GOITIAMusikaria
Hamabost urte zituela Expolio taldean jotzen zuen Goitiak, Kalifornia kutsuko skate-punk doinuen erritmora. Gerora, Montauk taldean aritu zen sei bat urtez, eta, COVID garaia iritsi zen. Orduan, gitarra alde batera utzi eta ordenagailu aitzinean musika elektronikoari lotu zitzaion gehiago. Horretan dabil geroztik Benizze proiektuarekin. Lehen diskoak artistaren eta albumaren izena bat egin zituen, abiatzeko: Benizze atera zuen 2022an.
Babes beharra
Paradisu Zinema musika bekari esker ekoitzi, editatu eta kaleratu du lana musikariak. EHZ festibalak, Antxeta Irratiak eta Elkarrek iaz sortu zuten saria, eta Goitiaren proiektua atera zen garaile. 10.000 euroko saria jaso zuen. Iñigo Muguruzari omenaldia egitea ere izan dute burutan sariaren sortzaileek, eta Goitiak guztiak izan ditu gogoan Baionan egindako aurkezpenean. «2001ean Fermin Muguruzak Big Beñat kantan aipatu zuen ‘Gas-Gasteiztik Bai-Baionara’, eta gaur, bide hori egin behar izan dut hona etortzeko. Hain zuzen, bere anaiaren omenez antolatu den beka baten harira sortu da disko hau; Iñigo Muguruza». Lotura horiek guztiak «oso esanguratsuak» zaizkiola azaldu du: gasteiztarra baita Goitia, Baionara hurbildua bere proiektu berria aurkeztera; Beñat du izen ttipia, gainera.
28 musika-proposamenen artean, epaimahaiak Benizzerena hautatu zuen. «Freskotasuna, argitasuna eta konbentzimendua» nabarmendu dio Andres Kamio Jituk, Elkar argitaletxeko ekoizle exekutiboak. Hautua eginik, prozesua martxan abiatu zen, eta 2024ko urtarrilean Elkar estudioetako Victor Sanchezen gidaritzapean grabatu zuten diskoa.
«Horrelako disko bat ateratzeak babes baten beharra izaten du askotan. Eta, eragileak hurbilekoak direnean, oraindik eta erakargarriagoa egiten da babes hori».
BEÑAT GOITIAMusikaria
Goitiak kontatu du zerk bultzatu zuen, hasieran, izena ematera: «Horrelako disko bat ateratzeak babes baten beharra izaten du askotan. Eta, eragileak hurbilekoak direnean, oraindik eta erakargarriagoa egiten da babes hori. EHZ, Elkar eta Antxeta tartean egonda, nire testuinguruan zeuden eragileak izanik, gainera, animatu nintzen parte hartzera». Azpimarratu du, gainera, hiru eragileekiko sentitzen duen lotura berezia: «Irratian ibili izan naiz, eta EHZn ere, xingarra frijitzen». Elkarri dagokionez, noski, musikatik du lotura.
EHZ jaialdian
Eta, bizipen pertsonaletatik at, geografiaren ikuspegia ere azpimarratu du beka aipaturik: «Oso esanguratsua iruditzen zait hirurek elkarrekin antolatu duten beka bat dela; hain zuzen, Hendaian (Lapurdi), Irunen (Gipuzkoa) eta Arberatzen (Nafarroa Beherea) haien egoitzak dituzten hiru eragile dira, eta Euskal Herriaren periferiako beste punta batera jo dute disko hori egiteko pertsonaren bila». Aurtengo EHZ festibaleko lehen gaualdian estreinatuko du Goitiak bere proiektu berria zuzenean, Lamia Mari DJak lagundurik.