Abesti zahar bat, bertsio bat eta omenaldi kanta bat. Hamabi minutura ere heltzen ez den hiru kantako disko laburra kaleratu du Zarama taldeak. Eta, halere, bada albiste. Hemeretzi urte baziren estudioko lanik kaleratu ez zutela, eta horregatik da garrantzitsua keinua. Euskal rockak 80ko hamarkadaz geroztik izan duen ikono nagusietariko bat bizirik dela esan nahi duelako. Eta are gehiago: oraingo labur hau geroko luze batera heltzeko lehen urratsa ere izan daitekeelako. Roberto Moso abeslariak dioenez, materiala badute. Baina nahiago izan dute urratsez urrats jo. Horregatik EPa. Horregatik Sinestezina (Baga Biga). «Hau gutxi dela? Badugu kanta berri sorta bat gehiago, baina oraingoz lan labur bat ateratzea iruditu zaigu inteligenteena».
Ezaguna dute formatua aurrez ere, eta nolabait ere sustraietara itzultzea da horregatik laburraren alde egin izana. Bi single izan ziren bere ibilbideko lehen bi lanak: Nahiko eta Ezkerraldea kantuak batzen zituen lehenak, eta Zaramaren erdian eta Gasteizko gaua besteak. Hori izan zen beren aurkezpen txartela orduan, eta oraingoan ere antzera. Egungo Zaramak zuzenean egin dezakeena erakustea da asmoa, dioenez. Gero gerokoak.
«Errazagoa egiten zitzaigun zerbait laburra kaleratzea, ekonomikoki ere merkeagoa delako, eta kantari eman nahi genion protagonismoa. Bueltatu egin gara singlearen filosofia horretara», aitortu du Mosok.Horregatik hiru piezako diskoa. Kanta berririk gabea, baina egungo taldearen formatura moldatuta. Gitarra bakarrarekin eta teklatuen presentzia handiagoarekin. Hiru adibide: Sinestezina, 1996ko kanta zahar baten berreskurapena; Bring a Little Loving The Easybeats taldearen kanta baten bertsioa; eta Jon & Johny Cash, Johnny Cash musikari mitikoari egindako omenaldi kanta.
Urteak daramatzate elkarrekin, baina oraindik ere gustura aritzen direla dio Mosok, eta jarraitu egingo dutela hala iraun bitartean. 1977an sortu zen taldea, eta estudioko zazpi lan kaleratu ostean, 1994an desegin zen. Hamabost urteko etenaldia heldu zen gero, eta itzulera ondoren zuzeneko grabaketa eta guztirekin 2009an. Lau kontzertu ematea zen hasierako asmoa, baina eroso sentitu, eta astean bitan gelditzen dira entseatzeko bost kideak: Tontxu Tabares (gitarra), Xabier Alvarez (baxua), Ernesto Alava (bateria), Roberto Moso (ahotsa) eta Joseba Lafuente (teklatuak).
Iraupenerako formula
Bakana da haien kasua. Gutxi dira 80ko hamarkadan hasi eta egun ere elkarrekin dirauten taldeak. Mosok azaltzen du klabea: «Oraindik ez dugu elkar gorroto. Agian ez dugu gizartearentzako lortu amestu genuen sozialismo perfektu hura, baina lortu dugu gure taldearentzako haren zantzu onargarri bat. Inork ez du inori aurpegiratzekorik ezkutuan. Elkarrekin sinatzen ditugu kantak, eta jasotako diru pixarra ere denon artean banatzen dugu. Ergelkeria diruditen horiek dira elkarbizitza on baten oinarria». Xabier Alvarezek egin ditu laburpen lanak: «Bat guztientzat, eta guztiak batentzat».
Irri egiten zioten taldekideek Tontxu Tabares gitarra jotzaileari hasieran. Ez zuten ulertzen Santurtzin (Bizkaia) duen estudiorako tresna analogikoak erosteko zuen tema. «Irentsi egin behar izan ditugu gure hitzak orain», onartu du Mosok. Zuzen zebilen Tabares. «Asmatu egin du bere aukerarekin, eta asko dira 70eko hamarkadako soinua nahi dutelako harengana joaten diren taldeak». Eta bertan grabatu ditu hiru kantak Zaramak ere, S.T.S. estudioan. Etxean, kasik. Eta pozik daude emaitzarekin. «Zahartzeak baditu bere bertuteak. Freskotasuna galdu, baina teknika irabazi duzu».
Bitxia da Zaramakoek sorterriarekin duten harremana. Eta diskoa da horren adibide. Izan ere, zorrotza da Sinestezina abestian Santurtziz egiten duten kritika. «Gure haurtzaroko landetan/ hamar pisuko etxea./ Non dago maite nuen herri kuttuna?/ Non hemen dirudun bihurtu direnak?». Baina kritikak kritika, maitasun kanta bat dela diote. «Maitasun kanta mingarri bat». Haietariko bat ere ez da herrian bizi jadanik, baina santurtziarrak dira, eta horregatik herriarekiko harrotasuna, horregatik herriarekiko nekea. Baina bada goxotasunerako tarterik ere. Gastronomica Elkarteak Santurtzi Saria eman die orain aste batzuk, eta pozik daude jasotako aitortzarekin. Sorterriarekin baketzen ari ote diren? Moso azaldu du: «Tira, beti egon gara hor erdibidean».
ZUZENEAN
Maiatzaren 21ean. Ibilaldia festan, Portugaleten (Bizkaia).
Gaurkotutako Zarama
Hiru kantaz osatutako disko labur bat kaleratu du Zaramak, estudioko azken lana kaleratu eta hemeretzi urteren ondorenKanta berririk ez dakar lanak, baina disko luze propio bat kaleratzea badute buruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu