Gaurkoak eta ostekoak

Gaur taldeko kide izan ziren zortzi artisten 32 pieza bildu ditu Bilboko Michel Mejuto galeriak.Aurrez erakutsi gabeak dira lanetariko batzuk

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
50 urte dira aurten Gaur taldeak Donostiako Barandiaran galerian bere lehen erakusketa egin zuenetik, eta ezinbesteko erreferentzia bilakatu da geroztik Eduardo Txillidak, Jorge Oteizak, Rafael Ruiz Balerdik, Jose Luis Zumetak, Nestor Basterretxeak, Remigio Mendiburuk, Jose Antonio Sistiagak eta Amable Ariasek osatutako zortzikotea. Gaur taldearen urtea bilakatu du 2016a urteurrenak, eta erakusketa bereziak antolatu dituzte Donostiako San Telmo museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak eta hainbat galeria pribatuk ere. Bilboko Michel Mejuto galeria ere bai, tartean. Gaur taldean izandako artistek taldea utzi ostean egindako lanak biltzen dituen erakusketa zabalduko dute bihar, eta horregatik hautatu dute izenburua: Gaur harrezkerokoak. Apirilaren 17ra arte egongo da zabalik.

«Oso esanguratsua da Gaur. 1936ko gerraren ostean haiek dira lengoaia garaikideekiko harremana berriz hartzen dutenak». Azalpenarekin batera eman du desenkusa Michel Mejuto galeristak. «Izan ziren hemen talde gehiago ere, noski, baina Gaur da gehien gogoratzen duguna. Akaso, injustua izango da nagusiki hura gogoratzea, hor zeudelako Emen eta Orain taldeak ere, baina Gaur izan zen enblematikoena eta memoria artistikoan arrastorik sakonena utzi zuena. Sekulakoa da bertan gertatu zen artisten elkarketa».

32 artelan daude erakusketan, guztira. Bilduma pribatuen parte dira gehienak, eta orain arte sekula publikoan erakutsi gabeko pieza batzuk ere badaude tartean.

Artistaren zalantzak

Galerian, elkarren ondoan jarri dituzte batzuen eta besteen lanak. Erakusleihoan, esaterako. Rafael Ruiz Balerdiren koadro abstraktu koloretsu bat ezkerrean, eta haren ondoan Txillidaren lan bat eta Mendibururen beste bat. Elkarrizketak kasik. Lurra G du izena 1989ko Txillidaren eskulturak. Lur koloreko bloke kubiko bat da, lerro zuzenez egindako arrakalekin. Eta hor dago oihartzuna. Alboan duen Mendibururen pieza ere arrakala geometrikoz osatzen delako. Eta ez da kasualitatea kokapena. Mejuto: «Oso artista ezberdinak ziren Gaur taldeko kideak, eta oso lengoaia diferenteak erabili zituzten, baina igartzen da elkarrengan izan zuten eragina».

Galeristak zehaztu duenez, salgai daude ikusi daitezkeen piezen %85 inguru, eta horrek ere izan du eragina artelanen aukeraketan, ahalik eta aukerarik zabalena eskaini nahi izan baitio galerian Mejutok balizko erosleari. Badira Jose Antonio Sistiaga artistaren margolan erotiko batzuk, bada Jorge Oteizaren kutxa metafisiko bat, badaude Jose Luis Zumetaren erliebe eta margolanak, badira Ariasen olioak, Ruiz Balerdiren kleraz egindako koadroak, Txillidaren serigrafia eta marrazkiak, Basterretxearen akuarela eta eskulturak, eta baita Mendibururen bi marrazki eta burdinazko eskultura txiki bat ere.

Erakusketan badago artisten sortze prozesua ikusterik ere, gainera. Bi maketa ikus daitezke galeriako bigarren aretoan; Oteizarena bata eta Basterretxearena bestea. Biak aurrez aurre. Elkarrizketan. Klera laborategian zebilen garaikoa da Oteizarena, eta eskulturaren oinarrian datorren gaztelerazko oharrak erakusten du pieza maketa bat dela: «Harrian handitzeak egiteko zura». Eskulturaren ertzetan errotulagailu markak ikus daitezke Basterretxearen piezan. Markatutako zati horiek kendu edo ez kendu, hori zuen zalantza artistak maketa hori egin zuen garaian. Azkenean, mozketarik ez Trapagaranen jarritako meatzarien omenezko eskulturan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.