Gaurkoa ere baden Xaho

Asisko Urmeneta marrazkilariak 'AztiHitza' osatu du, Agosti Xaho ekintzaile zuberotarraren biografia-komikia. Heldu den larunbatean, aurkezpen berezia egingo dute Atharratzeko Xahoenean

Asisko Urmeneta marrazkilaria, AztiHitza komikia eskuetan duela, Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Euskal eragile sutsua izan zen Agosti Xaho (Atharratze, Zuberoa, 1811-Baiona, 1858). Hitzez eta ekintzaz. XIX. mendeko kazetari, idazle, hizkuntzalari eta politikari euskalduna ez ezik, «erromantikoa ere izan zen, erromantikoen garaian». Haren jarraitzailea dela aitortu du Asisko Urmeneta komikigileak, eta, ikerketa lan mardularen ostean, Agosti Xahoren biografia bildu du marrazkilariak bere azken sormen lanean: AztiHitza (Erroa). Iragana eta oraina ale bakarrean batu gura izan ditu, eta, horretarako, Xahoren Bidaia Nafarroara liburuan oinarritu da. Biografikoa izan arren, «errealitatetik asko eta fikziotik zertxobait» duela onartu du Urmenetak.

Errealitatean oinarritu dela dio Urmenetak, eta Xahoren sorterrian girotu duela liburua. Gaur egungo Zuberoan hasi du kontakizuna, 2018. urteko Atharratzen, eta bi urte atzera eginez abiatu du istorioa. Azaldu du zergatia: 2016. urtean, Xahoren etxea zen Atharratzeko Xaho trinket-ostatua salgai jarri, eta bizkaitar batzuek erosi zuten, eraikinak zuen historia gal ez zedin. Etxea, baina, herriko gazteen esku uztea erabaki zuten jabe berriek, gazteek «nahi zuten eran». Prefosta elkarteak hartu zuen eraikina berpizteko ardura, eta erosleek baldintza bakarra jarri zieten herriko gazteei: Xahoren memoria eta izpiritua gorde eta Euskal Herriko txoko guztietan barrena hedatzeko ardura. Hala jaio zen Xahoenea deitzen dioten espazioa. Egitasmoa ezagutzen zuen Urmenetak, eta egilea, argitaletxea eta Prefosta elkarteko kideak elkarlanean aritu dira liburua osatzeko.

Horraino, dena errealitate. Fikzio ukitua erantsi dio komikigileak ondoren. Eman ditu xehetasunak marrazkilariak: Xahok egindako bidaia laburbiltzen duen Bidaia Nafarroara liburua aurkitu du Prefostako kide Xilbik, eta hura irakurtzeari ekin dio. Hortik aurrera hasten da jolasa. «Oraingo Atharratze eta orduko Euskal Herria batu nahi izan ditut komikian». Bi istorioak tartekatu ditu AztiHitza liburuan: Xahoren bidaia, batetik, eta ibilbidearen kontakizunaren interpretazioak dakartzaten Xahoren «bestelako alderdiak», bestetik.

Urmenetaren kezka bat ardatz hartuta sortu da liburua: «Zuberoaz ari garenean beti etortzen zaigu burura iragana. Agosti Xaho, maiz, duela 200 urteko erromantiko hura da guretzat. Horrek ezinegona sortu izan dit beti». Jack Kerouac idazle estatubatuarraren aipua ere ekarri du gogora; ez, ordea, harekin bat datorrelako. Kerouacek zioen iragana ekialdean dagoela eta etorkizuna, berriz, mendebaldean. Baieztapena irmoki ukatu du Urmenetak. «Nik uste dut bide guztiak gurutzatu behar ditugula. Iraganetik izango dugu berdin-berdina den zerbait iparraldean, ekialdean... Denetan. Horregatik egin nahi izan dut jolas txiki bat».

Komikia ireki eta lehen kolpean ikusiko du irakurleak Xahok egindako bidearen irudia. «Baionatik abiatu zen Agosti Xaho, kontrabandista batzuekin kontaktua eginda, 23 urte zituela. Lekunberriraino egin zuen bidaia, Zuberoan eta Nafarroan barrena. Hori da komikiaren lehen bi orrialdeetako irudia». Ibilbidearen mapa marraztu du Urmenetak, gorriz eta beltzez.

Lehenaldiko eta orainaldiko ardatzak batu ditu Urmenetak, eta bueltaka zuen ezinegon bat plazaratu: «1834. urtean Xahok Baionatik Lekunberrira egin zuen bidaiarekin hasi dut komikia, baina 2018ko Atharratze ere erakutsi nahi nuen. Zuberoan egun badela euskaldunik, badela bizitzarik eta badela ekintza interesgarririk ikusarazi nahi izan dut».

«Luxuzko edizioa»

Apustu berezia egin du Urmenetak AztiHitza-n. Azaletik bertatik hasita da ezohikoa komikia, egilearentzat. «1834. urtean Agosti Xahok argitaraturiko AztiBegiak liburuaren bertsio berria da azala. Jatorrizko liburutik lapurtu dutideia». Xaho ageri da irudikatua azalean, jatorrizko liburuan ageri den arbola hondoan duela, eta ezkerreko goiko izkinan, berriz, izar bat. Izarraren esanahia komikia irakurri ahala jakingo du irakurleak, Urmenetaren hitzetan. Izenburuarekin ere jokatu du: palindromoa da AztiHitza; aurretik atzera eta atzekoz aurrera berdin irakurtzen den hitza. «Agosti Xaho sortzailea, jostalaria eta hizkuntzalaria ikusaraztea izan da nire asmoa».

Azaldu duenez, edizio «dotore bezain herrikoia» uztartu ditu argitalpenean; eta, oihal gorria eta zilar kolorea hautatu ditu horretarako. 112 orriz, aipu historiko ugariz, zenbait bertsoz eta ehunka marrazkiz osaturiko literatura lana da, Xahoren inguruko dokumentazioz gainezka dagoena.

Politikari sutsua izateaz gain, beste hainbat ekarpen egin zituen Xahok, Urmenetaren aburuz: «Kosmologia asmatu zuen, Aitorren eta Amagoiaren kondairak osatu zituen, eta feminista eta antiklerikala zela ere jakin izan dugu. Gainera, euskarazko lehenengo kazeta sortu eta euskara batuaren alde jardun zuen». Xilbik, liburuan azaltzen den pertsonaiak, horrelako kontu batzuen eta beste zenbaiten berri izango du liburuaren zenbait pasarte irakurri ahala, apurka-apurka, eta Xahoren aldaera guztiak ezagutaraziko ditu.

Herenegun aurkeztu zuten lana, Bilboko Kafe Antzokian, baina agerraldi berezia izango dute etzi, Xahoenean. Arratsalde osoko egitaraua prestatu dute. 16:00etan hasita, haurrentzako marrazketa saioa egingo dute. 19:00etan, liburuaren aurkezpena egingo du Urmenetak, hainbat artistaren parte hartzearekin. Jan- edana ere egongo dela iragarri dute, eta 21:00etarako kantaldia antolatu dute, Patxi Saizekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.