Ilunabarrez hartu argazkiak dira. Antzeko bi argazki: gasolindegiak biak ere. «Bata Kalifornian da, eta bestea, Maulen», azaldu du Guillaume Fauveau argazkilariak (Bokale, Lapurdi, 1982). «Hor bada txistea». Baionako Didam aretoan jarri ditu bere ibilbidean aterarako 70 lan inguru. Bertara sartu orduko, erakusketa paratzen ari diren langileak agurtu ditu. Sortzez, Aturri hegikoa da argazkilaria, eta ezagutzen ditu kulturguneko langileak. Behin baino gehiagotan eskertu ditu laguntzagatik. Baionako herriko etxeko kultur zerbitzuan irudi arteen zuzendari den Amandine Chapuit-ekin ere mintzatu da. Hura ere eskertu du, dena zalu behar izan baitituzte antolatu erakusketa gaurko prest izateko. Errealitateari so deitu du erakusketa, eta gaur estreinatuko du,18:00etan, eta martxoaren 23ra arte egonen da ikusgai, dohainik.
Sarrera pareko lehen horman, etorkinei harrera egiten dien Pausa guneko irudi handi bat ikusiko du bisitariak. Horma horren gibelaldean dira Pausan egin lanetik Fauveauk aukeratu dituen argazkiak. Carole Suhas kazetariarekin Libération egunkarirako egin lan baten emaitza da, baita Mediabask, Gara eta BERRIA kazetentzat eginiko lanarena ere. Argazki guztiak zuri-beltzean dira. Eskuinaldeko gelan, Euskal Herriko prentsarentzat egin erreportaje argazkiak dira. Ipar Euskal Herriko azken urteetako taupaden berri ematen dute. Ezkerraldeko gela bi zatitan da. Bata potretena da. Euskal Herriko gizarteko pertsonaia ezagun batzuei atera potretak dira, baita musikari batzuentzat egin lan bereziak ere. Azken gelatxoa Fauveauren beste munduena da; Chaputek Arrats-argitan deitu duena. Zinemari egin erreferentziak (David Lynch, Cohen anaiak, Tarantino...), argazkigintzari eta irudigintzari egindakoak (Depardon, Hopper...), eta surfzalea denarentzat, paisaia handi eta zabalena.
Denetarat, 75 argazki hautatu ditu Fauveauk. Lehen aldia du izari horretako erakusketa muntatzen duela, eta «agian ez da berriz gertatuko», atera du umilki. Erakusketaren antolatzaileekin esker onekoa da, askatasun osoa utzi baitiote argazkien hautatzeko: «Herriko etxeak ez du deus erran, ez deus begiratu, eta hori arraro da. Aske izan naiz».
Pausa zentroari buruz jada egin zituen erakusketak Euskal Herrian eta Okzitaniako Tolosan. Prentsatik ere ezagun bilakatu da Fauveauren lana. Halaber, musika munduan. Fauveauk uste du Libération-entzat egin lanak izan zuela oihartzun, eta Euskal Herrian lan nasaia egiteari esker ere jendeak ezagutu duela. Herriko etxeak egin dion gonbita hala ulertu du: «Erdiz egin dudan lanari lotua da, erdiz harreman sareari; hemengoa naizelako». Beste anitzek berak bezala «merezi lukete» halako erakusketa bat, haren ustez.
«Testuingurua ematea oso inportantea da. Bestela, argazki berarekin esanahi bat edo guztiz kontrakoa atera dezake ikusleak»
GUILLAUME FAUVEAUArgazkilaria
Errealitetari so erakusketa «oso dokumentala» da; «ez da artistikoa». Umiltasuna, berriz ere. «Koadroa eta argia zaintzen eta lantzen ditut». Erakusketarako eman zaion sariarekin argazkiak kalitate handiko inpresioan erakusten ahal ditu, horretarako antolatu erakusketa gelan. Horrela, argazkilariaren begia eta izpiritua baldintza ederretan agertzen dira. Pozik da Fauveau, ezen gainera formatu oso handiko hiru argazki agertuko dira, pertsona baten goratasunekoak. Eta argazkiez gain, testuak ere izanen dira, euskaraz eta frantsesez, lana kokatzeko: «Testuingurua ematea oso inportantea da. Bestela, argazki berarekin esanahi bat edo guztiz kontrakoa atera dezake ikusleak». Horretan ere kazetariek dituzten bost oinarriak bete nahi ditu: «Nor? Zer? Non? Noiz? Nola edo zergatik? Bestela, nahaskeria litzateke».
Pausa
Itzulia hasi du argazkilariak. Argazki baten aitzinean gelditu da. Didametik ehun metro ingurura dagoen Pausa harrera zentro barnean hartutakoa da. Etorkin bat ageri da bizkarrez, ohe baten gainean jarririk. Saihetseko leihotik sartzen da argia bi eremu markatuz eta plegadurak agerian utziz. Irudi zolan, beste etorkin bat, sakelakoarekin. «Hurbildu nintzaion eta ez ninduen entzun. Oso argazki formala da, baina maite dut leihoko argia nola ateratzen den; konposizioa». Argi-itzalen joko horretan erliebeak ateratzeko gaitasun hori badu Fauveauk. «Ikusten duzu hor argiarekin egiten den muga; kontrasteak markatzen ditu».
Estetikaz gain, Pausa argazkitan ateratzean ohiz kanpoko esperientzia baten herexa gisa finkatzeko xedea izan zuen Fauveauk. «Bakarra baita» halakoa. «Euskal Herria hori da; Frantzian ez da holakorik, besterik; eta gaur egun ez da posible». Paueko prefetak, funtsean, trabatu nahi izan zuen Baionako harreragunearen irekiera. Fauveauk oroitarazi du Briançon hirian (Okzitania) gertatua. Hango auzapezak etorkinei harrera egin nahi izan baitzien, etxea erre zioten. Euskal Herria —«nahiz eta orain faxistak pixka bat hemen ere agertzen diren»— faxista gutiko lurraldea delako seinalea zaio.
Nortasuna, musika, zinema
Potreten gelara sartu eta ezkerretik abiatuz, prentsarako atera pertsonaia batzuk badira: Lorentxa Beirie, Jean-Noel Etxeberri Txetx, Jean-Louis Davant, Amets Arzallus, Lucia Lakarra, Iñaki Etxaniz, Maryse Cachenaut. Davanten potretari urrunetik begiratuta, kasik iduri luke margolan bat. Iluna da, eta argiak begitartea marrazten dio; koloreak araberan landu ditu Fauveauk, Rembrandten margo bati pentsaraziz.
Itzulia segituz, musikari batzuekin egin lan artistikoagoak zintzilikatu ditu: Felix Buff Rudiger, Lolita Delmonteil eta Zetkin taldea daude, tartean. Ezberdintasun nagusia bada bi potret moten artean: prentsarako minutu gutiz hartutakoak dira; musikariekin, haatik, estetika bat, mundu bat bada eraikirik, eta denbora luzeko saioak izan dira. Rudigerrekin hiru ordukoa izan zuten. «Lekua pentsatu genuen lehenik, ikustera joan; jantzientzat estilista batekin lan egin du. Potreta da, baina lan asko bada». Zetkinekin, Quentin Tarantinoren Death Proof filmeko iruditeria bilatu zuten.
Beste argazkietan AEBetako zinemako eszena eta giroak ageri dira, baina Euskal Herrian atera argazkiekin. «Asko ikusten dudan zinema estetika bat da, eta pentsatzen dut eragina baduela ene baitan», aitortu du Fauveauk.
«Asko ikusten dudan zinema estetika bat da, eta pentsatzen dut eragina baduela ene baitan»
GUILLAUME FAUVEAUArgazkilaria
Tokiko prentsarako egin argazkien gelan, Ipar Euskal Herriko herri mobilizazioak erakutsiak dira, konfinamendu garaiak, baita lurraren eta etxebizitzaren inguruko arazoak ere. Bata hiru metroko euskarri batean paratua da. Espekulazioari ez pankarta bat hesola bati kontra eta mazoarekin plantan ematen ari den militante bat ageri da. Ezin baita argikiago intentzioa adierazi irudi bakarrean. Beste batean, Baionako herriko etxeari begi kliska egiten dio; prezioengatik Baionan bizitzea ametsetako lukainka bilakatua delarik, Maurizia eraikin huts okupatuaren kanporaketa operazioa ageri da argazkian, polizia anitzekin.
Errealitateari so erakusketa martxoan bukatuko delarik, Fauveauk hirurogeita hamar argazkiz goiti ukanen ditu besapean, euskarri eta argitalpen kalitate handitan. Gogo onez erakutsiko lituzke Euskal Herriko eta kanpoko beste anitz lekutan.