Gaurko den tradizioa

Tradizioan oinarri harturik, dantzarako sortutako 20 pieza berri batu ditu Aiko taldeak 'Bilgua' diskoan

Aiko taldeko lau kideak, dantzarako 20 kanta biltzen dituen Bilgua diskoaren aurkezpenean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Tradizioa garaikidea da. Orain gertatzen den zerbait da». Esaldi horrekin laburbildu du Sabin Bikendi musikariak Aiko taldearen filosofia. Musika tradizionala da haiek egiten dutena, baina propio sortutako kantekin. Berriak dira jotzen dituzten piezak, baina zaharra da haiek sortzeko baliatzen duten iturria. Konstante bat dute jarrera hori beren ibilbidean, eta oraingoa ez da salbuespena. Pirinio inguruetako txuntxun izeneko hariak eta perkusioa batzen dituen tresna oinarri hartuta, dantzarako 20 pieza sortu dituzte. Eta Bilgua izeneko bilduman batu dituzte guztiak.

Luzaiden (Nafarroa) aurkitutako dokumentu zahar bat da diskoaren abiapuntua. Kantaz kanta deskribatzen da XIX. mendeko erromeria bat, eta egitura hori errespetatuz osatu dute diskoa Aiko taldeko kideek. Jauziak lehenik, elkarrekin dantzatzeko piezak ondoren (ingurutxoak, baltsak, kontradantzak...), eta berriz ere jauziak amaitzeko. «Gaur egun dantzatzeko musika da, nostalgiarik gabe. Tradiziotik sortutako musika, zeren tradizioa berritu egin behar da, eta berritu egiten da etengabe».

Orain sei urte sortu zuten taldea hainbat musikari eta dantza irakaslek. Eta erromeria «gizarteratzea» izan da haien asmoa. Tradizioaz interpretazio zabala egiten dute horregatik. Likidoa, ia. «Gure dantzak dira gure sentitzen ditugunak», dio Bikandik. Propiotzat defenditu ditu horregatik rantxerak, txotisak edo balsak.

Piriniora begira jarri dira oraingoan. Horregatik baliatu dute inguru hartan tradizio handia duen txuntxuna. Txistua ere jotzen du txuntxuneroak, eta beste bi tresnarekin ere izaten da maiz plazetan. Hirukote gisa osatu dituzte horregatik kanta guztiak: txuntxuna (Sabin Bikandi), danborra (Asier Garcia), eta biolina (Ainara Artetxe). Eta Pirinio inguruetatik hartu dute diskoaren titulua ere: Bilgua. Artzainen bilkurari esaten zaio Bilgua.

Ikuskizun ez den dantza

Dantzatzeko dantza omen da haiena. Eta badu bere garrantzia zehaztapenak. «Dantza ez da ikuskizun bat plazan. Ongi pasatzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko modu bat baizik», azaldu du Labordak. Diskoko kantekin grabatutako bideoak dira horren lekuko. Kanta guztiak jarri dituzte sarean. «Bideo horiek ez dute asmo pedagogikorik. Egin genuen erromerian izandako giroaren lekuko dira». Badira irudietan dantzari finak, baina badira hain fin ez direnak ere. Erratu eta barrez dabiltzanak. Eta hori dela plazako dantza. Eta hori dela erakutsi nahi izan duten giroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.