Juan Bautista Mendizabal. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gipuzkoako lehendakaria

«Gaurko berritzaileei 250 urteko gure altxor hori eman behar diegu»

Real Sociedad Bascongada de los Amigos del Pais-Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 250. urteurrena ospatzen ari da. Egungo berrikuntza elkartearen zuztarrekin lotzearen aldekoa da Juan Bautista Mendizabal.

Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Frantzisko Xabier Munibe Idiakezek, Peñafloridako kondeak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1729-Bergara, Gipuzkoa, 1785), Azkoitiko Insausti jauregian antolatu eta bultzatutako solasaldietatik sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 1764an, duela 250 urte. Irurac bat lelopean. «Elkarte honen helburua Euskal Herriak Zientziekiko, Arte eta Letra Ederrekiko duen joera eta zaletasuna lantzea, ohiturak zuzendu eta fintzea eta euskal herritarren arteko batasuna gehiago sustatzea da», zioen, gaztelaniaz jatorrizkoan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen estatutuen lehen artikuluak. «Helburu horretara zuzenduko ditu Euskal Herriaren aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzen duten jarduera, azterketa edo ikerketa guztiak, eta herriaren hizkuntza, lege, ohitura eta usadioak, eta historia aztertzen jarraituko du». Urteurrena hori ospatzeko ekitaldi ugari izango dira urte osoan. Elkarteak 250 urtetan osatutako altxorra egungo berrikuntzarekin uztartu behar dela dio Juan Bautista Mendizabal RSBAP-EAEren Gipuzkoako lehendakariak (Azkoitia, 1961).

Zein da Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sekretua, hainbeste urtez irauteko?

Hasieratik izan dituen balioak. Sortu zen unetik beretik izan du konpromisoa Euskal Herriarekin, bere estatutuen lehen artikuluak ondo erakusten duen moduan, bai eta pertsonekin eta pertsonen heziketarekin ere. Horrez gain, mundura zabalik egon da beti, eta hori ere balio garrantzitsua da. Orain dela 250 urteko giza balio horiei eutsi die elkarteak, eta, horrez gain, balio horiek gaurkotu ere egin ditu.

Aitzindaria izan zen elkartea arlo askotan.

1764an hiru herrialdeak elkarrekin lanean hasteko Irurac bat leloa sortu eta instituzionalizatu zuen elkarteak, Euskal Herriko lurraldeak elkarrekin lanean hasteko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batuz eta, ahal zen neurrian, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere aintzat hartuz; handik urte batzuetara, Anton Abadiak indartu eta Zazpiak bat bihurtu zuenaren aurreko adibide argi bat da Irurac bat hori. XVIII. mendeko Europa hartan herri nortasun bat finkatzen eta instituzionalizatzen horrela aritzea, modernitate horrekin, garrantzitsua da. Elkarteak heziketari eman zion garrantzia ere aipatzekoa da. Garai hartan munduan zeuden irakaslerik garrantzitsuenak eta aurrerakoienak ekarri zituzten zientziak irakasteko Bergaran. Ordura arte, eskolastika zen jaun eta jabe inguruan, eta, handik aurrera, zientzia hasi zen indarra hartzen. Heziketaren arloan, euskarari ere eman zioten lekua. Bergarako seminarioan eta Azkoitiko akademian euskaraz egiten zen, ez idatzi arren.

Zaharra izateak badu arrisku bat ere: atzera gehiegi begiratu eta zaharkituta gelditzekoa.

XIX. eta XX. mendeko garai bat nahiko errebisionista izan zen elkartean. Asko jo zen zer izan ginen erakustera eta nabarmentzera. Baina denbora hori pasatu zen,eta ideia eta kimu berriak sortu dira geroztik erakunde honetatik: Donostiako San Telmo museoa, Aranzadi Zientzia Elkartea, Donostiako Argazkilaritza Elkartea, Euskal Gastronomia Elkartea, Aquarium, Zuzenbidearen Euskal Akademia… Horiek denek gure elkartean izan zuten ernamuina, eta denek antolatuko dute zerbait, aurten, elkartearen 250. urteurrena ospatzeko. Bidean kimu berri asko sortu dira, eta guk orain gure altxor hori, 250 urteko lekukotasun hori, eman behar diegu gaur egungo berritzaileei, denontzat altxorra den marka handi bat sortuz, Euskadin berrikuntza lantzeko, baina orain dela 250 urteko zuztarrak dituena, eta gaur egungo lanak garai hartan egin zenarekin lotura bat dutela erakutsi.

Adibide zehatzik?

Berrikuntza arloan lan egiten duten bi korporazio garrantzitsurekin akordio bat lortuko dugu laster, IK4rekin eta Tecnaliarekin.

Zer helburu edo erronka nagusi ditu gaur egun elkarteak?

Gaur egun, gure erronka nagusia da elkartea zabaltzea eta gehiago ezagutaraztea. Herriratzea eta belaunaldi berriekin lanean jarraitu, emakumeen parte hartzea indartuz, euskararen mundura gehiago hurreratuz eta berrikuntza sustatuz. Hiru gai horiekiko eta herri honekiko konpromisoarekin jarraitzea da gure asmoa.

Kide berriak hartzerakoan, hori dena kontuan hartuko duzue?

Funtsean, gure asmoa da gizarte guztiari zabaltzea elkartea eta haren lana; baina, bereziki, arlo horietan sumatzen dugu zabaltzeko premia: emakumea, euskara eta berrikuntza.

Webgunea [www.bascongada.org] berritu izana zabaltzeko asmo horren ondorio da?

Bai. Eta webgunea berritzeaz gain, elkartearen argitalpen asko digitalizatu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, 250. urteurrenarekin bat eginez: elkartearen buletina, 1945tik 2013ra arte; Egan aldizkaria, 1948tik 2013ra arte; sarrera hitzaldiak, 1988tik 2013ra arte; bai eta dokumentu zaharragoak ere, 1766 eta 1793 bitartekoak, besteak beste. Liburuklik-en daude nahi duenaren eskura.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaileen «B aldea» utzi du agerian Iñigo Aranbarrik Apirila nobelan (Susa, 2013), eta gogorarazi du 1766ko matxinadetan parte hartu zutenentzat heriotza zigorrak eskatu zituztela Peñafloridako kondeak eta garaiko beste hainbat jauntxok.

Garai hartan, balio batzuk eta mundua ikusteko modu batzuk zeuden, eta orduan egindakoa ezin da epaitu gaurko balioekin eta mundua ikusteko gaurko moduekin. Eta, gainera, ez ditugu nahastu behar erakundeak eta pertsonak. Pertsonek bide batzuk hartzen dituzte, eta erakundeek beste batzuk, eta… zein dago libre B alde izatetik? Ni biniloaren garaikoa naiz, eta disko guztiek dauzkate A eta B aldeak; eta geuk ere, antzera. Ez daukanak bota dezala lehen harria.

Gertakari haiek eta elkartearen sortzaileek haietan izandako jokabidea ezkutatu egin direla salatu du Aranbarrik.

Ez nago ados horrekin. Ni duela bi urte sartu nintzen elkartean, eta sarrera hitzaldian aipatu nituen gertakari haiek. Eta ezagutzen ditudan historialari guztiek aipatzen dituzte. Kontu horiek hor daude, baina uste dut benetan garrantzitsua elkartearen modernitatearen historia dela —benetan zoragarria dena eta hainbeste pertsonak ikertu eta zabaldu dutena mundu osoan—, eta guri horren berri ematea dagokigula. Elkarteak 250 urte baditu, zerbaitegatik izango da. Horrela adierazi zuten 2013ko urrian Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez eskaini ziguten Erakunde Adierazpenean:«Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 250 urtetan gipuzkoar eta euskal gizarteari ekarri dizkion aurrerapenak aintzat hartzen ditu, eta bere esker ona erakusten die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.