Mari Puri Herrero eta Nora Aurrekoetxea sortzaileek eta Consonni arte garaikideko ekoizle eta argitaletxeak jasoko dituzte aurten Gure Artea sariak. Ibilbide artistikoa sarituko diote Herrerori; sorkuntza lana Aurrekoetxeari; eta arte plastikoen eta ikusizkoen arloan eragile gisa eginiko lana Consonnikoei. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Jesus Mari Lazkano sarietako epaimahaiburuak atzo jakinarazi zituzten irabazleen izenak, Herrero eta Aurrekoetxea han zirela, Gasteizko Artium museoan —bideo dei bitartez parte hartu zuten Maria Mur eta Munts Brunet Consonniko arduradunek—. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo dute, Donostiako Tabakaleran.
Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan banatzen diren «garrantzitsuenak» dira Gure Artea sariak, Jaurlaritzak gogora ekarri duenez. Hemezortzina mila euro jasoko dituzte Aurrekoetxeak eta Consonnik. Eta Herrerok, berriz, 20.000 euro, aurreko aldietan baino 2.000 euro gehiago. Lazkanorekin batera, Damaris Panek, Fernando Perezek, Maite Garbaiok eta Mikel Lertxundik osatu dute aurten epaimahaia, eta Lazkanok azaldu zituen hartutako erabakiaren arrazoiak.
Mende erditik gorako ibilbide artistikoa egin du Herrerok (Bilbo, 1942), eta oraindik jardunean ari da. Lazkanoren iritziz, «koherentzia bat mantendu du» urteotan guztietan. Horregatik, ezbairik gabeko «erreferentzia» bat dela azpimarratu du epaimahaiburuak: «Oraindik jardunean dabilen sortzaile berezia da Herrero —margolaria, grabatzailea eta eskultorea—, eta haren obra irudimenezko hausnarketatik eta inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Haren obrak figurazio liriko eta poetiko bat islatzen du, gainera, eta erreferentzia sinbolikoz betea dago».
Artistaren «herentzia kulturalak eta garaikidetasunarekiko interes erneak» XX. mendeko euskal artea ulertzeko «funtsezko figuretako bat» bilakatu dute, epaimahaiaren iritziz. Lazkanoren hitzetan, «klasikotasun modernoko» pintura garatzen du, eta hiriko eta landako bizimoduaren ikuspegi pertsonala eta intimoa erakusten ditu bere lanetan. Hori bakarrik ez: Herrerok «artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa» ere goraipatu dituzte.
«Espero ez nuen sari bat izan da», aitortu zuen Herrerok, eta behin eta berriz errepikatu zuen «asko eskertzen» duela aitortza: «Estudioan pasatzen dut denbora gehien, eta gutxi ateratzen naiz; ez nago ohituta horrelako sariketetan egotera. Are, amaitu arte ez dut margolana erakusten».
Aurrekoetxea (Bilbo, 1989), berriz, «egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat» da, epaimahaiaren iritziz. Haren lanek publikoaren «barrenera» sartzeko gaitasuna dute, Lazkanoren hitzetan. «Artistaren lanak eraginkortasunez lotzen ditu landu izan dituen diziplina ezberdinak —arte ederrak, psikologia eta sexologia—, giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren».
Era berean, obretan hainbat lengoaia uztartzen dituen artista ere bada: testua, performancea eta objektuak, besteak beste. Epaimahaiburuak goraipatu zuen artistak bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko «hausnarketa sakonen zerbitzura» jartzen duela artea.
Aurrekoetxearentzat, «berezia» da Gure Artea saria Herrerorekin eta Consonniko kideekin batera jasotzea. Izan ere, asko miresten du artisten arteko elkarlana. «Niretzat, oso garrantzitsua da une oro beste artista batzuekin harremanetan egotea. Gure lana ere bada testuinguruak sortutako zerbait, eta ez bakarrik sorkuntza indibiduala», esplikatu zuen. Horrez gain, halako aitortzek duten garrantziaz mintzatu zen, norbere obrak «beste baten begiradatik ikusteko aukera» ematen dutelako, bereziki.
Artea hedatzea helburu
Artea sortzeko ez ezik, hura hedatzeko egindako esfortzua ere —literaturan, irratian eta hezkuntzan, besteak beste— aitortzen dute Gure Artea sariek. Eta arlo horretan egindako lanagatik sarituko dute Consonni, Bilbon egoitzan duen arte garaikideko ekoizle eta argitaletxe espezializatua. Horretarako sortu baitzuten Consonni 1996an, baita artistei ekoizpen prozesuetan laguntzeko asmoz ere. «Haiekin lotura konplize estuan egoteko, eta baita edozein egoeratan laguntzeko: besteak beste, pentsatzeko, elkarrekin lan egiteko, ekoizteko eta erakusteko», Lazkanoren hitzetan.
25 urte daramatzate Consonniko kideek euskal artistekin lanean. Epaimahaiburuak azpimarratu zuenez, «kultura kritikoa ekoiztea» da haien esentzia: «Consonniren moduko proiektuak garrantzitsuak eta ezinbestekoak dira artea hedatzeko eta publikoak artisten lanez gozatu ahal izateko». Horregatik guztiagatik, «auzolana» egiten dutela iritzi zion epaimahaiburuak.
Murrek eta Brunetek, Consonniko arduradunek, Kasseletik (Alemania) hitz egin zuten, bideo dei bidez. Murrek adierazi zuen saria beste bi emakumerekin batera jasotzeak «ilusio izugarria» eragin diela.«Consonnikook talde batu bat gara. Uste dugu gure hurbiltasunaren eta babesaren isla dela sari hau jasotzea». Haren ustez, feminismoa ardatz hartuta sortu duten «konplizitate sare horri esker» irabazi dute aitortza.
Emakumezkoak izan dira aurtengo sarituak, eta guztiek nabarmendu nahi izan zuten andreek sorkuntzan egiten duten lana. «Garaiaren isla da», iritzi zion Murrek. «Zergatik ez da andrazko margolarien lana gizonezko margolarien lana bezala aitortuko?», aldarrikatu zuen Herrerok. Eta Aurrekoetxeak, amaitzeko: «Emakumeoi, azkenean, merezi duguna aitortzen zaigu».
Gaurko artearen hiru aurpegi
Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira 2022ko Gure Artea saridunak. Ibilbidea, sorkuntza lana eta eragile gisa egindako lana saritu dizkiete, hurrenez hurren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu