Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Gaurko Arrasateko saioan osatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Gaurko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, Alaia Martinekin eta Beñat Gaztelumendirekin batera. Finalaurrekoetako hiru irabazleek eta puntu gehien lortutako hurrengo bostek osatuko dute finaleko zortzikoa. Abenduaren 14an izango da finala, Donostian.

Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Oiartzunen. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan, Oiartzunen. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko abenduaren 1a
05:05
Entzun

Zarauzko eta Oiartzungo saioen ondotik, hirugarren finalaurrekoa jokatuko da gaur, Arrasaten (Gipuzkoa), eta, horrenbestez, azken bultzada izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak, finalaren aurretik. Gaurko saioa 17:00etan izango da, Uarkape pilotalekuan, eta gertatzen denaren arabera, osatuta geldituko da abenduaren 14an Donostian jokatuko den finala.

Sei bertsolari hauek ariko dira Arrasaten: Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran. 

Gai jartzaile, berriz, Imanol Artola Arretxe ariko da. Epaileak, ostera, hauek izango dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Mikel Lersundi Aiestaran. Idazkari lanak Aratz Irazustabarrena Garmendiak beteko ditu.

Final-zortzirenetatik hasita, 42 bertsolarik parte hartu dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Finalaurrekoetara, berriz, hemezortzi iritsi dira, eta seinako hiru multzotan lehiatu. 

Lehen finalaurrekoa azaroaren 17an jokatu zen, Oiartzungo Elorsoro udal kiroldegian. Orduko hartan, Beñat Gaztelumendi Arandia nagusitu zen. Bigarren finalaurrekoa astebete geroago jokatu zen, Zarautzen. Azaroaren 24ko hartan, Alaia Martin Etxebestek lortu zuen puntu gehien. Beraz, biak ala biak finalean sartu dira jada.

Gaurko saioan irabazten duenak ere finalean aritzeko aukera izango du, eta gainontzekoak, finaleko saioa osatzeko faltako diren bost bertsolariak, hiru finalaurrekoak aintzat hartuz puntu gehien lortutakoak izango dira. Finalean, zortzi bertsolarirekin emango zaio hasiera jardunari, eta puntu gehien metatzen duten bi bertsolarien arteko lehiarekin amaituko da.

Lehen bi finalaurrekoetako puntuak

  1. Beñat Gaztelumendi (560,5)

  2. Ane Labaka (552,0)

  3. Alaia Martin (544,5)

  4. Nerea Elustondo (522,5)

  5. Eneritz Artetxe (519,5)

  6. Aner Peritz (512,0)

  7. Unai Mendizabal (504,5)

  8. Amaia Iturriotz (493,5)

  9. Asier Azpiroz (475,5)

  10. Oier Etxeberria (468,5)

  11. Eneko Araiztegi (462,0)

  12. Eli Pagola (449,0)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.