Gaur izango da 'Muga deitzen da pausoa' filmaren estreinaldia

Maider Oleagak zuzendu du, eta Elbira Zipitriari buruzkoa da. Haren etxea izandakoan egin du filmaren grabaketa guztia

Maider Oleaga, Muga deitzen da pausoa filmeko fotograma batean. BERRIA.
Miren Garate.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
«Esperimentu pertsonal bat, saiakera filmatu bat, bilaketa prozesu baten destilazioa»: hitz horiek erabili izan ditu Maider Oleaga zinemagileak (Bilbo, 1976) Elbira Zipitriari buruz (Zumaia, Gipuzkoa, 1906-Donostia, 1982) prestatu duen Muga deitzen da pausoa filma azaltzeko. Iazko azaroan erakutsi zuen lehen aldiz jendaurrean, Gijongo (Espainia) zinemaldian, eta filma ikusteko beste zenbait aukera ere egon dira, baina gaur iritsiko da zinemetara. Donostiako Principe, Bilboko Multicines eta Gasteizko Florida aretoetan estreinatuko da.

Oleagak kasualitatez izan zuen Zipitriaren berri. Zazpi urtean Mexikon bizi ostean, Euskal Herrira itzuli zen, 2011n, eta etxe bat hartu zuen alokairuan Donostian, Parte Zaharreko Fermin Calbeton kalean, 26. zenbakiko bigarren solairuan. Zipitriaren omenezko plaka bat zegoen atarian, eta etxejabeak azaldu zion bertan bizi izan zela Zipitria hirurogei urtez. Etxe hartan, dozenaka haur eta heldu hezi eta alfabetatu zituen hiru hamarkadatan, euskaraz eta klandestinitatean, frankismo garai betean; bizitzako azken urteak ere etxe hartan eman zituen, itxita, hil zen arte.

Irakaslea ez ezik, politikako eta kulturako militantea ere izan zen, besteak beste, Emakume Abertzale Batza, Euskaltzaleak eta Eusko Ikaskuntza elkarteetako kide izan baitzen. Oleagak etxe hura hartu baino ia 30 urte lehenago hil zen. Zinemagileak ez zuen haren bizitza ezagutzen, eta, handik denbora batera, ikertzen hastea erabaki zuen. Zipitriaren idatzietan eta hari buruz idatzitakoetan arakatu zuen lehenik, pare bat urtez; zapaldu zituen tokiak bisitatu zituen segidan; eta zuzenean ezagutu zutenak elkarrizketatu zituen gero, besteak beste, haren ikasle izandakoak eta harekin praktiketan aritutako irakasleak.

Dokumentazio lan handi horren ostean, Zipitriaren irudi bat eraiki du Oleagak, irudi subjektibo bat, nabarmendu duenez. Maistrak azken urteetan egin bezala, Oleaga ere etxean itxi da, film guztia han grabatzeko. Zenbait pasartetan, iraganera egiten du proiekzio batzuen bidez, eta nabarmentzeko beste kontu bat da pantaila aurrean ere agertzen dela zinemagilea. Harena da off-eko ahotsa ere. Ira izena erabiltzen du Zipitriari aipamena egiteko, hark ere ezinen hori jarri baitzion bere buruari, eta ezizen horrekin sinatu baitzituen zenbait artikulu. Izenbururako, Zipitriak oso maitea zuen Pedro Mari Otañoren Zazpiak-bat poemako esaldi bat aukeratu du Oleagak.

Filmaz gain, ekitaldiak

Hainbat erakunde publikoren laguntzarekin egin du filma, eta egitasmo kolektibotik ere badu, finantzaketa kolektibo bidez jarri baitzuen abian proiektua. Filmaketak aurrera egin ahala, BERRIAren, EITBren, Zazpi t'erdiren, Filmotiven, Izar Filmsen, REC grabaketa estudioaren eta Gariza Filmsen lankidetza ere lortu ditu. Oleagaren esanetan, orain artean egin duen filmik garrantzitsuena da Muga deitzen da pausoa, prozesuak eduki duen zentralitateagatik eta Zipitriak arlo guztietan zeharkatu duelako.

Maiatzaren 28an jaio zen Zipitria, eta, data horren bueltan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Donostian. Bihar eguerdian, kalejira egingo dute Zipitriaren etxea zenaren ataritik, eta emakumearen bizitzan esanguratsuak izan ziren lekuetatik pasatuko dira. Maiatzaren 29an, berriz, Zipitriari buruzko solasaldi bat egongo da San Jeronimo kaleko liburutegian, Bagera elkarteak antolatuta. Han izango dira Oleaga bera eta Zipitriarekin hezitako bi irakasle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.