Datuek berek eman dezakete Loraldia jaialdiaren asmoen dimentsioen berri. 11. aldia izango du aurtengoa, eta, gaurtik hasi eta hilaren 30era bitartean, hainbat diziplinatako 29 ekitaldi eskainiko ditu, guztiak ere euskaraz. 260.000 euroko aurrekontua izango du horretarako, eta, guztira, ehun sortzaile inguru bilduko ditu Bilboko hamaika agertokitan. Piszifaktoria ideien laborategiak eta Fikzio Fabrikak elkarlanean sortutako Hitzaurrea izango da egitarauko lehen proposamena, eta Gorka Urbizuk martxoaren 30ean emango duen kontzertua izango da azkena; paradoxikoki, Hasiera bat izenarekin iragarri dute, Urbizuren bakarkako lehen diskoaren izenarekin, alegia.
Ikusi gehiago
Gaurko Hitzaurrea-rekin hasi, eta hilabete amaierako Urbizuren hasierara bitarte, paragrafo oso bat bete ahal izateko besteko zerrenda trinko eta luzea osatzen dute jaialdian parte hartuko duten artisten izen-abizenek bakarrik. Haien artean dira, besteak beste, Hiru Truku, Anari, Maddi Oihenart, Beñat Axiari, Mice, Ihitz Iriart, Julen Axiari, Mursego, Haatik dantza konpainia, Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Oihana Arana, Ane Labaka, Don Inorrez, Idoia Tapia, Bloñ, Juantxo Zeberio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta beste hainbat gehiago.
Ikusi gehiago
Biharko, Renata antzezlana zuten iragarrita Arriaga antzokian. Baina antolakuntzako kideek adierazi dutenez, bertan behera geratu da emanaldia, aktoreetako bat gaixotu egin delako.
Webgunean dago ikusgai programa osoa, eta, antolatzaileek iragarri dutenez, amaitu dira saio batzuetarako sarrerak.
Ikusi gehiago
Hamargarren urteurrenaren harira, elkarrizketa luzea egin zion BERRIAk Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoari. Eta baikortasunaren eta kezkaren arteko soka baten gainean ibili zen arduraduna. Jaialdiak lortutakoa laudatu zuen, alde batetik: «Euskal sorkuntza lehen mailan jartzea da gure helburua, euskarari inoiz onartu ez zaion kategorian». Baina egiturazko arazoak ere aipatu zituen, bestetik: «Kulturgune handiek nahiago dute Madrilgo konpainia bat gu baino».
Eta aurten ere bi mutur horien artean kokatu dute, hala jaialdiaren egitekoa, nola erronka ere. Aurtengo festibalarentzat aukeratu duten leloa da horren froga: «Trikua esnatu da». Bernardo Atxagaren Trikuarena poematik hartutako esaldi bat, hain zuzen ere. Bi muturren artean dabil trikua ere testu horretan: basoan esnatu berri, errepidea gurutzatzeko erronka aurrean duela. Agirreren hitzetan, trikua euskararen metafora bat da Loraldiko antolatzaileentzat, eta ideia hori aldarrikapen bihurtu du programaren aurkezpenean. «Hemen, Bilbon, Euskal Hirian, trikuak leku bat merezi du, babesleku bat. Noizko ekosistema emankor eta osasuntsu bat trikuarentzat? Noizko paisaia eder bat trikua eroso bizi dadin? Noizko animalia zaurgarri horrek merezi duen errespetua?».