«Lan koreografikoen prozesuak partekatzeko esparru bat» dira Dantzan Bilaka aurkezpen jardunaldiak. Hala azaldu dute Maia Villot eta Angela Millano batzorde artistikoko kideek. Duela lau urte egin zituzten lehen aldiz dantza sorkuntza sustatzeko topaketak, eta «oso aberasgarriak» izan direla ziurtatu dute. Artistek emanaldien aurretik egiten dituzten formakuntza saioek, gainera, «komunitatea sortzen» laguntzen dute, askotariko diziplinek eta kolaboratzaileek bat egiten dutelako. Gaurtik igandera izango dira emanaldiak, Bilboko Alondegian.
Natalia Garcia Muro, Eire Larrea Alonso, Izarne Oiarzabal, Ander Fernandez, Dacil Wijkstrom, dpvillanueva eta Oihana Altube, eta Ane Zapirain Gorostegi artistek aurkeztuko dituzte beren obrak. Dantza oinarri hartuta sortu badituzte ere, guztiek ez dute koreografia itxura hartuko. «Izarne Oiarzabalek, adibidez, audio bitartez erakutsiko digu bere lanaren emaitza», aurreratu du Millanok. Eire Larrea Alonsok, berriz, emakume eskalatzaileen kolaborazioarekin sortu duen lana aurkeztuko du. «Tailerretan egin daitekeen guztia sortua dagoela uste dugu batzuetan, baina, bat-batean, koreografo berri bat etorri eta zerbait berria erakusten digu», onartu du Villotek.
19:00etan eta 20:00etan izango dira gaurko ikuskizunak; 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean izango dira larunbatekoak; eta 16:30ean eta 17:30ean igandekoak.
Aurtengo lanak aurkezteaz gain, Carolina Campos artistaren Ko-laguntza praktikak izeneko tailerrean parte hartzeko aukera izango dute bai koreografoek, bai publikoak. Hausnarketa saioak izango direnez, emanaldi guztietara joateko konpromisoaz eman behar du izena ikusleak. Koreografoekiko errespetu kontua da: «Aintzat hartu behar da ikasle gehienen lehenengo lana izango dela, eta entseguetan eta praktiketan murgilduak egongo direla».
Hainbat berrikuntza
Koreografoek materialak gehitu edo ezabatu ditzaten Dantzan Bilaka jardunaldien webgunea sortu zuten iaz. Batzorde artistikoak hartu zuen erabakia eta aurten ere zeozer berezia egiteko helburua bete dute. «Lorea Alfarok diseinatutako poster bat eman diegu. Gutxieneko informazioa ematen die, behar baino urduriago jar ez daitezen», kontatu du Villotek. «Posterra jardunaldietako oroigarri ere izatea nahi dugu, zaborretara bota ordez, etxean zintzilikatu edo gordetzeko».
Horrez gain, eskaintzen dieten diru laguntza eskuratu ahal izateko, jardunaldietan antolatu dituzten jarduera guztietara joan beharko dute parte hartzaileek. Emanaldien aurretik jaso dituzten formakuntza saioak dira jarduera horien adibide nagusiak, Ibon Salvador eta Mar Medina izan dituzte irakasle. «Mendian formakuntza saio bat egiteko eskatu zigun Mar Medinak. Inoiz ikusi ez ditugun gauzak gertatu ziren bertan», adierazi du Millanok.