Arratsaldean abiatuko da Sormene jaialdia, eta, azaroaren 5era bitarte, kultura diziplina ugaritako lagunak elkartuko ditu Galdakaon (Bizkaia). Zaintza jarri dute ardatzean aurten, Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak azaldu duen moduan: «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat». Halaber, azaroaren 4an euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra Bilbon egingo den manifestazioa nahiz azaroaren 30ean zaintzari erreparatuko dion greba feminista orokorra gogora ekarrita, Sormene testuinguru «esanguratsu batean» egingo dela uste du Barandiaranek: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa, euskararen transmisioa, zaintza ariketa bat da. Horren arabera aukeratu ditugu udazkeneko edukiak eta egitaraua».
Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin ekingo diote jaialdiari. Genealogia berri bat izenburupean, Garazi Navasek, Lide Hernandok, Maria Riverok eta Aintzane Camarak parte hartuko dute, eta Ihintza Orbegozo musika kritikaria arituko da moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan. Torrezabalen bilduko dira, 19:00etan.
Ikastetxeetan bi tailer ere egingo dituzte, antzerkia eta musika lantzeko. Bihar goizean izango da lehena: Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du eskoletako antzerki tailerra, eta, hurrengo egunean, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan bere azken antzezlana taularatuko du, Torrezabalen, 19:00etan.
Azaroaren 3an, berriz, ostiralez, ikastetxeetako ikasleentzako pandero tailerrak izango dira goizez, Iturrondoko karpan, Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero jotzailearekin. Leku berean, 19:00etan, bertso saioa eskainiko dute Nerea Ibarzabal, Saioa Alkaiza, Onintza Enbeita, Irantzu Idoate eta Oihane Perea bertsolariek, Maite Berriozabal gai jartzaile dutela. Eta 22:00etan, leku berean, Ibil Bedi taldearen kontzertua izango da.
Azaroaren 4rako ez dute jarduerarik antolatu, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egiteko asmotan. Hala, azaroaren 5ean itxiko dute jaialdia, beste bi ekitaldirekin. Eguerdian, Iturriondoko karpan, perkusio instrumentuak sortu eta jotzeko tailerra egingo dute haurrentzat eta gurasoentzat. Eta 19:00etan, berriz, Libe Goitiaren Fast Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua egingo dute, espresuki Sormenerako sortutakoa.