Gaur hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, saio parekide batekin

Txapelketa Iruritan abiatuko da, 17:30ean. Fase honetako beste saioak Vianan, Uharten eta Leitzan jokatuko dituzte, datozen bi asteburuetan

Txapelketako zenbait bertsolari eta antolatzaile, aurkezpenean. I. ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroari kanta dakioke bertsotan, Nafarroa konta daiteke bertsotan, eta, datozen asteotan, beste inoiz baino nabarmenago, nafarrak aditu daitezke bertsotan. Nafarroako Bertsolari Txapelketa gaur hasiko da, Iruritan. Zehazki, antolatu diren lau final-laurdenetako lehenbizikoa jokatuko da bertan. Lehiaketaren azken geldialdia Iruñean eginen dute atzera. Anaitasuna kiroldegian izanen da finala, abenduaren 2an.

Gaurko saioa Iruritako gizarte gunean eginen dute, 17:30ean hasita, eta Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre, Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Sarai Robles eta 2021eko txapeldun Saioa Alkaiza ariko dira kantuan. Maialen Belarra izanen da gai jartzailea. Hain zuzen ere, hori da final-laurdenetako saio parekide bakarra. Ez zoriz: guztira 24 bertsolari lehiatuko dira txapelketan, eta horietako bost baizik ez dira emakumeak.

Zortzi saioko bidea

Txapelketaren final-laurdenetako faseak datorren asteburuan izanen du segida. Are gehiago, bi saio jokatuko dituzte. Larunbatean, urriaren 14an, Vianak hartuko du bertsoaldia: herriko kultur etxean ariko dira kantuan Aitor Irastortza, Ekhiñe Zapiain, Julio Soto, Patxi Castillo, Urko Gartzia eta Xabat Illarregi. Biharamunean, urriaren 15ean, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan eginen dute saioa, eta bertsolari hauek lehiatuko dira, zehazki: Beñat Astiz, Eki Mateorena, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Mikel Lasarte eta Xabier Silveira.

Final-laurdenetako laugarren saioa, azkenik, urriaren 21ean izanen da, Leitzan. Hori egindakoan erabakiko da zer hemezortzi bertsolari igaroko diren Altsasuko, Agoizko eta Lesakako finalaurrekoetara. Lehenbiziko faseko lau saioetako lau irabazleak zuzenean sailkatuko dira; gainerakoek puntuazioaren arabera gailendu beharko dute.

Hain justu ere, irizpide berberak erabiliko dira finalean nor lehiatuko den erabakitzeko: zortzi ariko dira; finalaurrekoetako hiru irabazleak eta puntu gehien bildu dituzten beste bostak.

Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Nerea Bruñok txapelketaren aurkezpenean adierazi zuenez —irailaren 16an egin zen—, antolatzaileak sinetsita daude aurtengoak agerian utziko duela bertso plaza «berreskuratzen» ari dela, pandemiaren ondotik. «Kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du. Bide horretan ale berri bat gehitzera dator aurtengo txapelketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.