Gaur hasiko da Guitaralde jaialdia, Bruno Abati eta Ruper Ordorikarekin

«Asmo handiko egitaraua» prestatu dute hamargarren urteurrenerako. Mike Stern, Thomas Dutronc eta Michael Jones izango dira Hendaian

Ruper Ordorikak Gaztelu aretoan joko du gaur. MONICA DEL VALLE / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
Donostia
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Gitarra soinuek beteko dute Hendaia (Lapurdi) gaurtik ostiralera arte. Guitaralde elkarteak antolatu du izen bereko festibala, Hendaiako Herriko Etxearekin, besta batzordearekin eta turismo bulegoarekin elkarlanean. Hamargarren urtez egingo dute aurten festibala, eta talentu handiko hainbat musikari bildu dituzte kartelean. Urte berezia izanik, urteurrena ospatzeko «asmo handiko egitaraua» osatu dutela diote antolatzaileek. 2020an, pandemiak ezarritako mugak egonda ere, jaialdia aurrera eramatea lortu zuten, eta Ipar Euskal Herrian egin zen lehen festibala izan zen. Aurten ere ateak ireki ditu, eta iaz baino jende gehiagok parte hartuko du: aurten 500 eserleku izango dira Gaztelu Zahar pilotalekuan egingo diren kontzertuetan; lehen, berriz, 300 ziren.

 

Jean Marie Ekai gitarra jotzailea da jaialdiaren sortzailea. 2011n sortu zuen Ekaik elkartea, eta, geroztik, jaialdiaren zuzendari artistiko gisa ibili da lanean. Egindako ibilbide luzean ezagututako hango eta hemengo lagun musikariei eta sortutako harreman sareari esker lortu zuen jaialdia aurrera eramatea. Pozik agertu da hamargarren jaialdia egin ahal izateagatik: «Urteurrena ospatu nahi dugu hiru arratsalde berezi eskainiz, sei soken zaleen eta musikazale guztien atseginerako».

Bruno Michel Abati senegaldarrak emango dio hasiera festibalari. 1980ko hamarkadan hasi zen musikan, eta estilo ezberdinak nahastu izana da haren ibilbidearen bereizgarria. 19:00etan joko du Anton Abadia gazteluan, eta, haren ostean, Ruper Ordorikaren txanda izango da: Gaztelu aretoan joko du, 21:30ean.

Bigarren egunerako programaturiko kontzertuetan lehenengoa Mary Cooper gitarra jotzailearena izango da. 19:30ean izango da, Errepublika plazan. Segidan, Pauline eta Juliette bikoteak joko du, Gaztelu Zahar frontoian. Kanbo eta Itsasuko (Lapurdi) bi musikariek iazko abenduan atera zuten bigarren diskoa, Veloma. Egunari amaiera emateko ospe handiko musikari bat gonbidatu dute: Mike Stern AEBetako jazz gitarrista. Alboan izango ditu Nicolas Viccaro perkusionista, Hadrien Feraud baxu jotzailea eta Stephane Guillaume saxofoi jotzailea Gaztelu Zahar frontoian, 22:00etan.

Jaialdia igandean amaituko da eta Michael Jones musikari galesak egingo du eguneko lehen kontzertua, Jean Mari Ekairerekin batera, formatu akustikoan. Gaztelu Zahar frontoian izango da emanaldia, 21:00etan. Haren ondoren, Thomas Dutronc frantziarra igoko da taula gainera, haren talde osoarekin. Disko berria aurkeztuko du: Frenchy.

Eskaintza zabalagoa

Kontzertu nagusiak ordainpekoak izango dira eta sarrerak salgai daude www.guitaralde.fr webgunean. Hala ere, publikoari eskaintza zabalagoa eman nahian, antolatzaileek doako emanaldiak antolatu dituzte udalerriko hainbat zokotan. Gainera, berezitasun batekin dator aurtengo jaialdia; urteurrena izanik, festibalaren hamar urteak gogorarazteko, jaialdian aritu diren artisten eta kartelen argazki erakusketa bat prestatu dute Gaztelu aretoko erakusketa gelan. Astelehenera arte egongo da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.