Gaur hasiko da Cannesko Zinemaldia, Maiwennen 'Jeanne du Barry' emanez

Ikusmina piztu dute jaialdira itzuliko diren izen handiek: Aki Kaurismakik, Martin Scorsesek eta Victor Erizek. Michael Douglas sarituko dute

Maiwenn zuzendariaren Jeanne du Barry. STEPHANIE BRANCHU / WHY NOT PRODUCTIONS.
Andoni Imaz
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Zinemak zalantzaz beteriko garaiak bizi ditu, eta Cannesko Zinemaldiak, jaialdi handietan handienak, egile ezagunak eta prestigiodunak ipini ditu bere erakusleiho nagusian, itxuraz arrisku handirik gabeko Sail Ofizial batean. Gaur hasiko da jaialdia, Maiwenn zuzendariaren Jeanne du Barry filmarekin —lehiaketatik kanpo emango dute—, eta hilaren 27ra arte iraungo du. Michael Douglas aktoreak Ohorezko Urrezko Palma jasoko du irekiera ekitaldian. Ekitaldia eta Maiwennen filma zuzenean emango dituzte Lapurdiko zenbait herritako zinema geletan—Angelun, Baionan, Donibane Lohizunen eta Miarritzen—.

1980ko eta 1990eko urteetan jaialdian arrakasta izan zuten zinemagile ugari bildu dituzte aurten. Martin Scorseseren itzulerak zeresana emango du, ia 40 urte han parte hartu gabe igaro ondoren Killers of the Flower Moon film berria aurkeztuko baitu, lehiaz kanpo. Aki Kaurismaki ere itzuliko da, Fallen Leaves lanarekin, 2011n Le Havre erakutsi zuenetik lehenengoz. Ken Loach ere bai, bi Urrezko Palma besapean, The Old Oak lana aurkeztera.

Cannes Premiere sailean, lehiaketatik kanpo, Victor Erize izango da: El sol del membrillo estreinatu eta 30 urtera, datorren astean erakutsiko du ordutik egin duen lehen film luzea, Cerrar los ojos izenekoa.

Bitxia da. Bi zinemagilek, Wim Wendersek eta Wang Bingek, bina film aurkeztuko dituzte jaialdian, bata Sail Ofizialean eta bestea emanaldi berezietan: Wendersek Perfect Days fikziozkoa eta Le brut du temps dokumentala, eta Wangek Jeunesse eta Man in Black dokumentalak, hurrenez hurren.

Moretti eta Bellocchio

Tre piani eta Esterno notte erakutsi eta urte gutxira iritsiko dira Italiatik Nanni Moretti (Il sol dell'avvenire) eta Marco Bellocchio (Rapito), baita Alice Rohrwacher ere (La chimera), zeinak film gutxirekin arrakasta handia lortu duen.

Izan ere, luzea da izen ezagunen zerrenda: Wes Anderson (Asteroid City), Nuri Bilge Ceylan (About Dry Grasses), Jonathan Glazer (The Zone of Interest), Jessica Hausner (Club Zero), Todd Haynes (May December), Tran Anh Hung (La passion de Dodin Bouffant), Hirokazu Kore-eda (Monster) eta Justine Triet (Anatomie d'une chute), besteak beste; tartean, Urrezko Palma irabazitako bi: Ceylan eta Kore-eda.

Opera prima bakarra dago Sail Ofizialeko lehian: Ramata-Toulaye Sy zuzendariaren Banel et Adama. Itxierako filma Pixar animazio estudioarena da, eta hori ere lehiaketatik kanpo emango dute: Elemental, Peter Sohnek zuzendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.