Gaur hasiko da 48. Musikaste, euskal konpositoreen plaza

Ansorenari eskainitako aldia izango da aurtengoa, eta garrantzi berezia emango die egungo konpositoreei

48. Musikaste jaialdiaren aurkezpena, atzo, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
MUSIKA. Pandemiak topaketa maiatzetik urrira aldatzera behartuta, gaur abiatuko da Musikaste jaialdiaren 48. aldia. Hilaren 24ra bitarte, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala eskainiko ditu Errenterian (Gipuzkoa), baita haurrentzako zenbait jarduera ere. Aurtengoa Eresbil artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaile Jose Luis Ansorenari eskainitako aldia izango da, eta ohiko helburuekin egingo da: garai guztietako euskal konpositoreek obrak aurkeztea, antzinako musikatik egile klasikoetara eta gaur egungoetara helduz. Azken horiei emango die, hain zuzen, garrantzi berezia jaialdiak aurten.

Felix Ibarrondo, Peio Cabalette, Ramon Lazkano, GabrielErkoreka, Teresa Catalan eta Antonio Lauzurika: «Euskal musikagileen belaunaldi sendo horren» lana laburtu nahi duen kontzertuak emango dio hasiera gaur jaialdiari. Xare Laborategiak interpretatuko ditu konpositore horien obrak, Niessen kulturgunean, 20:00etan.

Bihar, berriz, Luis de Pablo omenduko dute Sigma Project saxofoi laukoteak eta Alain Maia dantzariak. Igandeko jarduna Santiago Bandak eskainitako organorako kontzertu batekin hasiko da, eta txistularien txanda izango da ondotik.

Iparragirreren 200. urtemuga gogoan izango dute Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Jon Maia bertsolariek ere, hilaren 22an; eta, Errenteriaren 700. urteurrenean, orduko soinu-paisaia osatuko zuten doinuak ekarriko ditu Musikastek, itsas kantak, trobadore baladak eta beste. Egitarau osoa Eresbilen webgunean dago eskuragai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.