Gaur hasiko da 23. Umore Azoka, hemezortzi euskal konpainia partaideen artean direla

41 konpainiaren laurogei emanaldi baino gehiago bilduko ditu programak, eta kaleko arteen profesionalentzako eta programatzaileentzako topaketak ere antolatuko dituzte.

Umore Azokan parte hartuko duen taldeetako baten emanaldia. UMORE AZOKA
Umore Azokan parte hartuko duen taldeetako baten emanaldia. UMORE AZOKA
Inigo Astiz
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Leioako Umore Azoka da Euskal Herriko kaleko arteen jaialdi handi eta esanguratsuenetako bat. Kaleko arteen etxea, nolabait. Behin-behinekoa, behintzat. Leioako Udalak antolatzen du, eta, iaz, esaterako, 30.000 ikusle bildu zituen, lau egunez. 24. urtez egingo dute aurten, eta, guztira, 41 konpainiaren laurogei emanaldi baino gehiago izango dira gaurtik igandera bitartean. Euskal Herrikoak dira talde horien ia erdiak: hemezortzi, guztira. Eta haietako askok euren lanik berrienak estreinatzeko baliatuko dute aukera. Hamahiru euskal konpainiak aurkeztuko dituzte estreinaldiak, zehazki: Dab dantza konpainiak, Barsanti konpainiak, Goitiberak, Hika Teatroak, La Glo Zirko-Dantza taldeak, La Pez konpainiak, Maite Guevara taldeak; Markeliñek, Ni Muk, Nodek, Organik Dantza taldeak, Trotamundos konpainiak eta Two Much Circusek.

Kalean egingo dira; horixe da ikuskizun guztiak batzen dituen ezaugarria. Hortik aurrera, emanaldi bakoitzak izango du bere diziplina, edota bere diziplina multzoa, kaleko arteetan ohikoa izaten denez. Dantza, antzerkia, clowna, zirkua... Euskara hutsez izango dira saioetako gutxi batzuk —Goitibera konpainiaren Erantsi SL, kasurako—; gazteleraz eta euskaraz beste batzuk, eta hitzik gabekoak ere bai beste sorta bat.

Dab konpainiak, esaterako, Eduardo Txillida eta Cristobal Balentziaga izan ditu inspirazio iturri Noeud dantza ikuskizuna sortzeko. Berrogei minutu iraungo du emanaldiak, eta gaur eta bihar emango dute lehenengoz. Errotan izango dira bi saioak. Bi artisten lan metodologia aztertuz sortu dute koreografia, eta hiru dantzarik eszenaratuko dute.

Hika Teatroak Atearen bestealdean obra aurkeztuko du lehenengoz, testurik gabea. Bi saio izango dituzte, biak larunbatean. Bere urtebetetzea ospatzeko lagun bila aterako da emanaldiko pertsonaia, baina inguruan dituen ikusleak bihurtuko ditu protagonista. Eta Trotamundos konpainiak 50 minutuko zirku emanaldia egingo du. Gaur eta bihar izango dira haien emanaldiak, eta zirkulua izango dute emanaldia abiatzeko aitzakia.

Udalerriaren erdigune ia osoa hartuko du jaialdiak. Guztira, hamabost gune izango dituzte konpainiek emanaldiak egiteko, Udondo pasealekutik hasi eta Kultur Leioa eraikinaren atzealderaino sakabanatuta. Ikusleak saio batetik bestera errazago joan ahal izatea da helburua, antolatzaileek zehaztu dutenez.

Inoiz baino proposamen gehiago

Umore Azokak kaleko arteen eszenan duen zentraltasuna nabarmendu ohi dute urtero antolatzaileek. Eta ideia hori indartzen duen datu bat ere eman dute aurten: guztira, jaialdian parte hartzeko seiehun proposamen baino gehiago jaso dituzte, sekula baino gehiago, alegia. Eta eskari horiek guztiak aztertu ondoren osatu dute aurtengo programa.

LA GLO ZIRKO-DANTZAtaldearen “Perpectivas”

La Glo Zirko-Dantza konpainiak 'Perpectivas' ikuskizuna emango du. BERRIA

Euskal Herriko taldeak ez ezik, nazioarteko konpainien lanak ikusteko aukera ere eskaintzen du jaialdiak. Espainiakoak eta Kataluniakoak dira gehienak, baina badira beste jatorri batzuetako artistak ere. Frantzia eta Argentinako kideek osatzen dute Cidelet Pour Les Thereses konpainia, adibidez. Bestalde, Frantziako, Suitzako eta Italiako artistak biltzen ditu Tetes de Mules taldeak eta Mexiko eta Frantziakoak Facile a Retenir konpainiak. Irlandakoak eta Belgikakoak dira Balancetoi & Maleta Company-ko kideak, eta Portugaldik iritsiko da Teatro do Mar taldea.

Sektorearen topaleku

Sektorearen bilgune bilakatzen da Leioa, gainera. Ostegunean, esaterako, Euskadiko Antzoki Sarearen Batzar Nagusia egingo dute Kultur Leioa aretoko erakusketa gelan. Bilerak ere egingo dituzte, eta konpainiek euren sorkuntzak erakutsi ahal izateko bilkurak ere antolatuko dituzte programatzaileekin. Aurten, besteak beste, Poloniatik, Erresuma Batutik, Italiatik eta Portugaldik heldutako programatzaileak izango dira jaialdian.

Kaleko arteen eragileek elkarrizketa irekia ere antolatu dute ostegunerako, Kaleko ikuskizunak euskaraz izenburupean. Eta larunbat eguerdian Open Kale izeneko programa aurkeztuko dute; Kaleko arteen hamasei jaialdi —Gipuzkoakoak, Arabakoak eta Bizkaikoak denak— biltzen dituen aterki marka, alegia.

Sariak ere banatuko dituzte jaialdiko emanaldirik onenak nabarmentzeko, eta Umore Azokaren sari berezia ere emango zaio kaleko arteei duintasuna eta balioa emateko lan egin duen erakunde bati.

Euskal konpainiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.