Agus Barandiaran. Korrontzi taldeko kidea

«Gaur egun oso maitatuak sentitzen gara Euskal Herrian»

Munduko plazetan jendea dantzan ipini du Agus Barandiaranek sortutako Korrontzi taldeak hamar urtean, eta zuzenekoan sortutako koreografiak eta doinuak bildu dituzte 'Korrontzi dantzan' diskoan.

Ane Urrutikoetxea.
2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Trikitia lepoan hartuta 30 urte igaro ditu Agus Barandiaranek (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1975). 2004an, Korrontzi sortu zuen, dantza oinarri duen musika taldea, eta, ordutik, munduan zehar ibili da euskal kulturaren enbaxadore lanetan. Hamar urteko ibilbidea jaso eta, haiekin taula bete duten dantzarien omenez, Korrontzi dantzan CD eta DVDa argitaratu berri ditu.

Dantza da diskoan protagonista; nolakoa da Korrontziren eta dantzaren arteko harremana?

Hasieratik dantza eragitea izan da Korrontziren helburu nagusia. Bai Euskal Herrian eta bai kanpoan, jendea beti dantzatu da gure musikarekin, eta zorte handia izan dugu koreografo profesionalek ere gure musika dantzatu dutelako. Korrontzi dantzan diskoak hamar urtean plaza eta tauletan sortutako doinu eta koreografia horiek guztiak biltzen ditu. Gure musika ez da ulertzen dantzarik gabe, eta urte hauetan plaza eta jaialdietan sortutako koreografiak gorde nahi genituen.

Rufino Arriola maisuak irakatsi zizun zuk sortutako musikak dantzarako balio behar duela. Nola sortzen da musika dantzagarria?

13 urte nituela hasi nintzen trikitia ikasten Rufino Arriola izeneko tipo nagusi batekin. Hark ordurako 80 urte zeuzkan, eta hasieratik argi utzi zidan trikitia zer zen, eta nola bizi behar zen. Rufinok beti esaten zuen trikitiak dantzan jarri behar duela jendea, lehen unetik dantza eragin behar duela jendearengan, eta helburu horrekin jo dut beti trikitia. Korrontzirekin hasi ginenean ere, beti saiatu gara jendea dantzan jartzen, bai Euskal Herrian eta bai munduan.

Hamar urtean estilo eta jatorri askotako dantzariekin ibili zarete. Nolakoa izan da elkarlana?

Korrontziren lehen kontzertuetara soilik musikariak joaten ginen, taldea osatzen genuen bost lagunak, hain zuzen. Baina hasi eta berehala jaso genituen gure musika dantza taldeekin batera egiteko proposamenak, eta orduan hasi ginen emanaldiak dantzariekin osatzen; hala, 2007tik aurrera, dantzariak gurekin izan dira beti taula gainean.

Gurekin batera zuzenean hainbat eta hainbat dantzari ibili dira, eta Euskal Herrian izen handia duten talde eta koreografoekin aritzeko zortea izan dugu, esate baterako: Oinkari dantza taldea, Dantzaire, Jon Maia eta Kukai, Edu Muruamendiaraz eta Aukeran, Igor Yebra... batzuk aipatzearren. Izugarri eskertzen diegu haien parte hartzea urte hauetan guztietan.

Nolatan hasi zenuten Korrontziren ibilbidea Euskal Herritik kanpo?

Gure musikaren ardatza trikitia izanik, lehen pausoak ematen hasi ginenean, ez genuen arreta handirik lortu Euskal Herrian, beti plazetan eta kalean entzun diren doinuak zirelako gureak. Egin genituen emanaldi batzuk, eta pixkanaka hasi ginen lehen diskoa prestatzen, baina ez genuen eskaintzarik jaso, eta Madrilera jo genuen. 2006an, bertako diskoetxe batek apustu handia egin zuen gurekin, eta diskoa kaleratzea lortu genuen. Ondorioz, Espainian, Frantzian eta inguruko herrialdeetan jotzen hasi ginen; Euskal Herriko folklorearen eta tradizioaren enbaxadore moduan eramaten gintuzten, eta Europako folklore jaialdietan parte hartzen hasi ginen, 2009an txapelketa batean lehen saria irabazi arte. Sari horrek nazioarteko ateak ireki zizkigun, eta kontzertu mordoa eskaintzen hasi ginen Brasil, Cabo Verde, Errumania, Grezia eta beste hainbat herrialdetan.

Nazioartean indartsu aritzeak Euskal Herriko jendearen arreta piztu zuen azkenik. Hala, hona bueltatzea lortu genuen, hemengo dantzariekin lanean hasi, eta 2010etik aurrera gure lana izugarri zabaldu da: bost urteko epean lau disko argitaratu ditugu. Gaur egun, beraz, oso maitatuak sentitzen gara Euskal Herrian ere.

Tradizioa aipatu duzu, baina musika garaikidea ere zuen izaeran itsatsita dago, ezta?

Nire trikitiaren doinuaren usaina tradizioarena izan da beti, baina gainontzeko osagaiak beti dira berriak. Rufinorekin ikasten hasi nintzenean, hark soilik musika tradizionala transmititu zidan. Nik ikasitako tradizio hori mantendu eta errespetatu dut, baina oinarri horren gainean gauza berriak probatu ditut. Garrantzitsua da entzuleei proposamen berriak eskaintzea. Korrontziren esentzia hori da: erritmo tradizionalak oinarri hartuta, melodia berriak sortzea ohikoak ez diren instrumentuekin.

Zein da melodia berri horiek sortzeko erabiltzen duzuen inspirazio iturria?

Kanpoan ibiltzeak ikuspuntu berriak izatera bultzatzen zaitu, eta baita instrumentu eta musika berriak ezagutzera ere. Adibidez, Belgikan edo Alemanian nazioarteko jaialdi erraldoietan jo dugunean, oholtza berean herrialde askotako musikariekin parte hartu dugu, dela Italia, Sardinia, Japonia... Beti egin ditugu harremanak musikariekin, eta, ondorioz, estilo eta doinu berriak barneratzen joan gara. Aurreko diskoetan, mundu mailako 60 bat musikariren eragina nabari da.

30 urte daramatzazu trikitia jotzen; nolakoa da zure harremana instrumentuarekin?

Trikitilariok oso bide antzekoak egiten ditugu; erromerietan jotzen hasi nintzen, eta horrek diskoa ateratzeko desioa sortu zidan. Mila taulatan egondakoa naiz, beti trikitia lepoan hartuta. Trikitia jotzea oso polita da, gainontzeko instrumentuekin gertatzen den moduan, baina askotan gogorra ere bada.

Korrontzi dantzan diskoan, hasiberriek dantzan ikasteko argibideak jarri dituzue. Zergatik?

Beti saiatu gara pauso bat aurrera egiten, diskoa baino zerbait gehiago eskaintzen jendeari. Azken honetan ere, jendeari dantzan irakasteko helburua izan dugu, eta horretarako sartu dugu DVDa, gure musikarekin sortutako koreografiekin. Dantzen bilduma bat egiteko eskaria jendeak eta dantzariek egin ziguten. Urteetan eskatu dizkigute zuzenean ikusitako koreografiak, baina orain arte ez dira inongo euskarritan bildu.

Oso baliagarria izan zaigu koreografiak biltzea, etorkizunean herrietan egiten ditugun kontzertuetan bertako dantza taldeekin aritzeko aukera emango baitigu; haiek nondik ikasi izango dute.

Beti dantzari begira ibili arren, ba al duzue harago doan proiekturik buruan?

Euskal Herritik kanpo ibilbidea egiten hasi ginenean hasi zen hemengo jendea gugan arreta jartzen, eta orduan ohartu ziren bazela herri musika sortzen zuen talde euskaldun bat mundutik zebilena eta sariak jasotzen zituena. Gure datorren proiektua bide horretatik doa; jendeari erakutsi nahi diogu nolako harrera daukan munduan euskal dantzak, musikak eta hizkuntzak, ikus dezaten zer nolako jakin-mina sortzen duen gure kulturak hemendik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.