Lehen lerroan aritu ez arren, lanari, musikari eskainia dio bizitza Fran Lasuenek (Eibar, Gipuzkoa, 1959). Gauzak Live diskoa kaleratu berri du Jose Luis Canal piano jotzaile eta lagunarekin batera. Su txikian ondu dute: 2014an grabatu zuten, bi saiotan, eta aurten kaleratu dute, Madrilgo Karonte ekoiztetxearekin. Kontzertu batzuk eman zituzten diskoa grabatu aurretik, eta gehiago emateko asmotan dira, «ahal bezain laster». Egunerokoak ditu ardatz Gauzak Live lanak, bizitzaren gorabeherak lehengai. Izukaitz eta Oskorri taldeetan aritu zen 1970 eta 1980ko hamarkadetan; bakarka eta, batik bat, antzerki lanei lotua dabil ordutik. International Citrus Band proiektuarekin ere badabil, hainbat herrialdetako musikari eta lagunekin batera.
Gauzak Live duzu azken lana. Nola deskribatuko zenuke?
Zuzeneko diskoa da, publikorik gabe grabatua, Zornotzako teatroan. Grabatu aurretik, bospasei kontzertu eman genituen: oso gustura geunden, eta konturatu ginen jendea ere pozik ateratzen zela kontzertuetatik. Normalean prozesua alderantziz izaten da, antza. Adinagatik agian, edo apur bat arraro samarrak garelako, hala egitea erabaki genuen.
«Elkartzea, topaketa, naturaltasun osoz suertatu zen, bidea guztiz atsegina izan da, eta, geldialdietan, bizitzaz, amodioaz, eta heriotzaz mintzatu gara», diozue. Agerikoa da profesionalki zein pertsonalki konplizitate handia duzuela, ezta?
Hala da, eta uste dut, gainera, igartzen dela diskoa entzuterakoan. Modu naturalean grabatua izan da, inolako metronomo barik eta. Eta uste dut igartzen dela hori, nabaria dela: beste sentsazio batzuk agertzen dira, beste pasio bat dago, beste berotasun bat.
Prozesua guztiz zoriontsua izan da. Jose Luis eta biok aspalditik ezagutzen dugu elkar; batera lan egindakoak ginen, baina beti beste batzuentzat. Askotan gertatzen da abeslariaren izena agertzen dela eta gainontzekoak anonimo gelditzen direla. Azpimarratu nahi nuke Fran Lasuen eta Jose Luis Canal garela egileak; oso gustura eta oso modu dibertigarrian egin dugu. Entzun eta ikusi gaituztenek diote agertokian ere nabaritzen dela konplizitate hori: begirada batekin konpontzen gara.
2014an grabatu zenuten diskoa, baina orain argitaratu duzue. Zergatik hiru urteko tartea?
Prozesuaren naturaltasunak berak bultzatuta izan da. Egia esan, proiektuarekin hasi ginenean, ez geneukan oso garbi zer egin. Denbora oso azkar doa, eta musika kontsumitzeko modua zeharo aldatu da; segmentu batzuetan jada ez dute diskorik erosten, eta abar. Bagenekien, bestalde, ez garela mutil koskorrak, ez garela altuak, ez ditugula begi urdinak eta ez garela ilehoriak; gustatzen zaigun musika ez dela gehiengoarena, edo ez dela mainstream deitzen den horretakoa. Abestiak grabatu eta gero sarean jarri eta han uzteko asmoa genuen.
Baina ez zenuten hala egin.
Urteak daramatzat Madrilgo Karonte diskoetxearekin lanean, eta txekeo bat egitea erabaki genuen: lau abesti grabatu, eta bidali genizkien. Esan ziguten lantzen den musika motaren arabera ez daukala zentzu handirik sarean jartzeak; jazz munduan, munduko musikak deitzen den mundu horretan, badirela diskoak erosten dituztenak —nahiz ez diren txaloak jotzeko moduko salmentak izaten—. Diskoetxeari asko gustatu zitzaion, eta beste saio batean beste sei kantu grabatu genituen; prozesu lasaia, trankila izan da.
Gauzak «gogoak, kexak, galderak eta saudadeak» bezala definitu dituzue. Barruak husteko modu bat izan da?
Halako gauzetara dedikatzen garenontzat —musikara nahiz arte plastikoetara edo literaturara...—, uste dut terapia bat dela. Neurri batean pribilegiatu batzuk gara, terapia horiek eskura ditugulako. Baina bai, Gauzak sentipenak dira, eguneroko hainbat egoeratan sortu daitezkeenak; kexa batzuk ere badira noski —uste dut kexatzeko premia badugula, are gehiago garai hauetan—, baita momentu txukunak eta dibertigarriak ere. Baina gauzak dira, sentipenak dira, batzuk bigunagoak, beste batzuk gogorragoak, batzuk kexa modukoak...
Zein nabarmenduko zenuke?
Orain dela gutxi arte, arteek bazuten gizarte balio bat. Eta uste dut gaur egun hori galdu egin dela: eskultore, dantzari, pintore edo musikaria izateak bazeukan gizarte balio bat. Baina gaur egun ez da horrela: gaur egun, galtzaile ziztrin bat zara mainstream ez bazara, gehiengoaren kontsumoaren produktu bat ez bazara. Hala eta guztiz ere, apustuak apustu direla uste dut, gauzak egin behar direla eta ondorioak jasan, zoritxarrez. Munduan musikari magikoak daude, baina ez dira ezagunak. Botereak ebazten du zer den erakusgai eta zer ez; boterearen laguna ez bazara, jai duzu.
Bidaiatzea maite duzu, eta entzulea ere horretara gonbidatzen dute abestiok, ezta?
Badago bidaia iraunkor bat, bai. Asko bidaiatu dut; hori ere terapia handia da. Asko ikasi dut bidaiatzen. Biolina ere nirekin eramaten dut askotan, eta hala jarraitu nahi dut. Bidaiaren zentzu hori aspaldian daukat nireganatua, baita Jose Luisek ere; garbi dago bidaia bat proposatzen dela, eta hizkuntzen kasuan ere, berdin.
Merkatuaz jardun duzu lehen, eta liburuxkan diozue «agian inoren lurrekoa» dela lan hau. Etsipenez begiratzen diozue musikaren merkatuari?
Ez, uste dut saiatzen garela errealitateari den moduan so egiten—gero, lortzen ote dugun edo ez, hori beste kontu bat da—. Dagoena dago, eta uste dut Jose Luisek eta biok badaukagula sentsazio hori, inorena ez den lurrean mugitzearena. Sentsazio hori apur bat badaukagu. Jose Luisek egindako bideak eta nireak badituzte antzekotasunak, profesionalki, musikaren munduan, alor eta bide ezberdinak jorratu izan ditugulako. Uste dut ez dugula inolako konplexurik ditugun joerak ez ezkutatzeko, ezta gordetzeko ere.
Esperimentazioa maite duzue.
Frank Zappa musikari handiak esaten zuen konponsatzera dedikatzen garenok azkenean ez dugula gauza oso berezirik egiten, baizik eta geure buruan dauzkagun artxiboetatik zatitxoak hartuz konponsizioak antolatzen ditugula. Gorrotatzen dugun gauza bat garbikeria da: nik, behintzat, purismoak ez ditut onartzen ez musikan, ez bizitzan, ez inongo bazterretan. Beldur handia ematen didate esentzialismoak eta garbikeriak... Eta Euskal Herrian, zoritxarrez, arlo askotan asko dago horretatik. Inorenak ez diren lurretan gabiltza, baina gehienbat horren ondorioa da: uste dut bizitzaren aurrean daukagun jarrera bat dela.
Erosoago sentitzen zara proiektu desberdinetan, talde itxi batean baino?
Atzera begira, uste dut sekula ez naizela egon ipurdia leku berean jarrita. Oso desberdina da beste batentzat konposatzea edo norberak bere kabuz lan egitea. Musikan, eta kulturan oro har, laborategiak premiazkoak dira. Askotan, gauzak zaramara bota behar izaten dira, ez dutelako balio; baina saiatzen bazara, eta zu gustura sentitzen zaren horretan lan egiten baduzu, laborategia eta esperimentua premiazkoak dira.
Fran Lasuen. Musikaria
«Gaur egun, galtzaile ziztrin bat zara 'mainstream' ez bazara»
'Gauzak Live' diskoa kaleratu berri du Lasuenek, Jose Luis Canal musikariarekin batera: publikorik gabe zuzenean grabatuta, «bidaia berezia» osatu dute, pianoa, biolina eta ahotsa erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu