Esperimentatzeko leku bat da Nokodek. Horrela deskribatzen du Ander Fernandezek gaur Hendaiako (Lapurdi) Borderline fabrikan egingo den Nokodek festibala. Hirugarren urtez egingo da jaialdia Hendaian. Donostia izan zen jaialdiaren abiapuntua, Urgulleko Guardetxea zehazki, baina, ondoren, Lapurdi kostaldeko herrira mugitu zen. Ikus-entzunezkoak, musika eta marrazkia uztartzen ditu festibalak, inguruko hainbat artista gonbidaturen eskutik, eta aurten Oier Villarrek, Iker Munduatek, Joseba Agirrezabalak, Nora Siguek, Matthysik eta L'atelier dans L'ombre taldeak hartuko dute parte.
Arratsaldeko bostetan hasiko da eguna Borderline fabrikan. «Joseba Agirrezabalagaren emanaldi bat izango dugu lehenengoz. Ikatzera izeneko proposamena aurkeztuko du, eta, gainera, konpainiarik gabe edukiko dugun artista bakarra izango da», azaldu du Fernandezek. Marrazkilaria da Agirrezabalaga, eta marraztean sortutako soinuekin uztartuko ditu ilustrazioak, ondoren zuzeneko konposaketa bat egiteko. «Normalki espresuki egun honetarako egindako proposamenak egiten dituzte gonbidatuak. Hori da Josebaren kasua, adibidez». Lurrean taula bat ipiniko du Agirrezabalak, eta kontaktu mikrofonoen bidez jasoko ditu soinuak. Marraztean egindako soinuez gain, publikoak sortutakoak ere azken emaitzaren parte bilakatuko dira.
Ondoren, Oier Villarrek eta Iker Munduatek aurkeztuko dute beren lana. Fernandezek egin du aurrerapena: «20 metro karratuko pantaila bat instalatuko du Oierrek espazioan, plastikoz osaturikoa. Plastiko hori puztuz eta hustuz joango da, emanaldiaren parte diren haizagailu batzuen bidez. Mugimendu horiek sortutako soinuak baliatuko ditu Ikerrek, soinu musikal bat ateratzeko. Hori aurrera eramateko, ultra-zooma duten mikrofono batzuk erabiliko ditu». Agirrezabalarenaren moduan, emanaldi berria da Villar eta Munduaterena, espresuki Nokodek festibalerako sortua.
«Musikariek esperimentatzeko lekuak behar ditugu. Askotan entzulearengan pentsatzen egiten dugu lan, zer eta nola salduko dugun pentsatzen. Horrela estandarrak sortzen dira, eta askotan horiei begira sortzen dugu». ANDER FERNANDEZ Borderline fabrikako kidea
Azken zuzenekoa Nora Siguek eta Matthysik egindakoa izango da. Biak musikariak dira, eta Nokodek festibalerako elkartu dira hauek ere. Matthysi iaz zen, Lumi taldeko partaide moduan. Sigue, berriz, Europa osoan zehar ibilbidea osatu duen DJa da, Myako ezizenez ezaguna, eta soinu organikoak eta naturalak musika esperimentalekin batzen ditu bere proiektuetan. «Matthysik Noraren musikari irudiak jarriko dizkio, bere musikari izaera aldi honetarako atzean utziz. Seguru gaude batura interesgarria izango dela».
Zuzenekoez gain, tailerrak egin izan dira Nokodek festibalean. Aurten, marrazkigintza eta robotika elkartu nahi izan dituztela azaldu du Fernandezek. «L'atelier dans L'ombre taldeak haien drawbot tailerra ekarriko dute gurera. Marrazteko robot bat sortzen ibiliko dira bertaratutakoak. Helburua, bukaeran, robot guztiak askatu eta marrazki kolektibo bat egitea da, mural handi bat». Bikoteka egin behar da lan hori, eta heldu batek eta haur batek osatutakoak, antolatzaileek zehaztu dutenez. Horrez gain, adierazi dute tailer guztia grabatu egingo dela. Oraindik badago tailerrean izena emateko aukera.
Esperimentazio guneen «saretzea»
Fernandezek adierazi du Euskal Herrian badaudela artearekin esperimentatzeko guneak, baina haiei ez zaie oihartzun «handirik» ematen. «Hiri handietan, Bilbon eta Donostian adibidez, badaude esperimentazioa jorratzen dituzten guneak. Azkoitiko Matadeixe [Gipuzkoa] ere nabarmentzekoa da, eta Ipar Euskal Herrian badaude mugikorrak diren beste sare batzuk». Hain justu, «sarea» errepikatu eta nabarmendu du Fernandezek, haren ustez, horrelako espazioen arteko «saretzea» oso garrantzitsua baita. «Musikariek esperimentatzeko lekuak behar ditugu. Askotan entzulearengan pentsatzen egiten dugu lan, zer eta nola salduko dugun pentsatzen. Horrela estandarrak sortzen dira, eta askotan horiei begira sortzen dugu».
«Abangoardia» moduan deskribatzen ditu Fernandezek esperimentazio guneak, eta uste du horrelako espazioek artisten buruko prismak «irekitzeko» baliabide apartak direla. Horrez gain, adierazi du «oso garrantzitsua» dela horrelako lekuak publikoari irekitzea, iruditzen baitzaio ez dela ona «zokoratutako eta ilunpean gelditutako» lekuak izatea. Fernandezek adierazi du Nokodek festibala maiztasun handiagoz egiteko asmoa: «Iaz ekitaldi txiki bat egin genuen udazkenean; beraz, ea aurten Nokodek udaberrian eta udazkenean egiteko aukera dugun».