Gaur amaituko da Donostiako 82. Musika Hamabostaldia, Budapest Festival Orchestraren kontzertuarekin

Aurtengo jaialdiak 74 kontzertu jaso ditu, eta guztira 18.249 pertsona bertaratu dira  

Budapest Festival Orchestra, artxiboko argazki batean. AKOS STILLER
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 27a
15:21
Entzun

Donostiako Musika Hamabostaldia amaierara iritsi da. Aurtengo jaialdia «neurri zorrotzek» baldintzatu badute ere, Patrick Alfaya jaialdiko zuzendaria pozik agertu da izan duten harrerarekin: «Publikoaren erantzuna oso positiboa izan da egoera honetan». Gaur amaituko da jaialdia, Budapest Festival Orchestraren kontzertuarekin, Ivan Fischer zuzendariaren gidaritzapean. 19:30ean da, Kursaaleko auditoriumean. Gaur goizean egin du zuzendariak jaialdiaren balorazioa.

Bigarren urtea da Hamabostaldiak COVID-19arekiko prebentzio neurriak hartu behar izan dituela. Zailtasunak izanda ere, Andra Mari abesbatzaren inaugurazio eguneko kontzertua izan da bertan behera geratu den bakarra. Programatutako gainontzeko kontzertuak «erabateko normaltasunez» egin direla azaldu du Alfayak. Edukiera eserlekuen erdira murriztuta egon den aldi honetan, okupazioaren batezbestekoa %95ekoa izan da, eta Kursaaleko kontzertu handiei dagokienez, ia %100ekoa. Guztira 18.249 pertsona bertaratu dira 74 kontzertuetara, eta leihatilan bildutako diru kopurua 385.000 euro gordinekoa izan dela azaldu du zuzendariak. Kursaal auditoriumean egindako kontzertuetatik 11 erabat bete dira, guztira 8.800 ikuslerekin.

Jaialdiak «bere nazioarteko izaera berreskuratu» duela esan du zuzendariak, Luxenburgoko orkestraren, Budapest Festival Orchestraren eta mundu mailako beste hainbat artistaren eskutik. Aurtengo jaialdiaren ezaugarrietako bat da koruak bueltatu direla. Alfayaren hitzetan, Easo Ahots Mistoen Abesbatzak eta Donostiako Orfeoiak «eskakizun handiko» obrei egin diete aurre. Jaialdiko beste hainbat ziklotan ere izan dira ahots taldeak: KUP Taldea, Suhar abesbatza eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza, besteak beste.

Jaialdiak euskal artistak bultzatzeko «konpromiso sendoa» duela azaldu du zuzendariak, eta, horregatik, hainbat izan dira kontzertuetan parte hartu duten bertako musikari eta taldeak. Kursaaletik Euskadiko Orkestra igaro da, baita Euskal Herriko Gazte Orkestra ere. Viktoria Eugenia antzokiak bi dantzari gipuzkoarren proiektuen aurkezpenei eman die aterpe, biak Espainiako Dantza Sari Nazionala jasotakoak eta azken Max sarietan izendatuak: Lucia Lakarra eta Iratxe Ansa. Antzokian, gainera, haurrek haurrentzat sortutako Hirira proiektua antzeztu da. Hamabostaldiko zikloetatik 50 interprete gipuzkoar baino gehiago igaro direla azpimarratu du zuzendariak. Errepertorioari dagokionez, ohiko obrez gain, jaialdiak gaurkotasuna duten obren eta bertako egileen alde egin duela aitortu du zuzendariak: «Estatuko [Espainia] 37 konpositoreren obrak entzun ahal izan dira, horietatik gehienak euskal herritarrak».

Zikloetan ere bai

Jaialdia osatzen duten zikloei dagokienez, San Telmo museoko klaustroa izan da beste urte batez Antzinako musika eta Ganberako musika zikloetako kontzertu gehienen egoitza. Guztira 1.632 pertsona bildu dira han, eta interes handiena piztu duen kontzertua Stephen Hough pianistarena izan da. Beste alde batetik, Musika Garaikideko Zikloan, Felix Ibarrondo eta Zuriñe F. Generabarrena konpositoreen bi obraren erabateko estreinaldia egin da. Dantza oinarri hartuta, egitarauan bigarren urtez egin da Tabakalera Dantzan, dantza garaikideari eskainitako zikloa. Bestalde, Organo Zikloko programazioa hamabost kontzertuk osatu dute, eta 2.644 pertsona bildu ditu. Interprete gazteen zikloaren kasuan, berriz ere amaitu dira sarrerak, eta entzuleek Musikeneko ikasleen talentua ezagutzeko aukera izan dute. Azkenik, Musika Aitzaki jaialdiko ziklo ibiltariak, musika Donostiako oholtzetatik kanpo eraman du beste behin. Txillida Leku museoa (Hernani, Gipuzkoa) eta Loiolako Santutegia (Azpeitia, Gipuzkoa) aukeratu dituzte kontzertuen egoitza gisa, beste batzuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.