Kritika. Artea

Gauden tokitik, toki berriak

Jose Angel Lasaren '-n, -z, -tik, -rantz' erakusketako piezetako bat, Bermeoko Frantziskotarren klaustroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jose Angel Lasaren '-n, -z, -tik, -rantz' erakusketako piezetako bat, Bermeoko Frantziskotarren klaustroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

'-n, -z, -tik, -rantz'

Artista: Jose Angel Lasa. Non: Bermeoko Frantziskotarren klaustroan. Noiz arte: Urriaren 31ra arte.

Museoetan eta galerietan ez ezik, artea beste hainbat lekutan topa daitekeen zerbait dela esatea ez da ezer berria. Hala ere, gaur egun ez nuke esango ohikoena denik arte garaikidea erakusteko lokalizazioa herri txiki bateko klaustroa izatea, Jose Angel Lasaren -n, -z, -tik, -rantz mostraren kasuan gertatzen den bezala. Izan ere, Lasak Bermeoko (Bizkaia) frantziskotarren klaustroan antolatu du bere azken erakusketa, non hainbat urtetan sortutako pieza solte eta konposizioak ikusgai jarri dituen. Edonola ere, mostra horrek ez du inondik inora antologia edo atzera begirako erakusketa baten izaerarik, nahiko agerikoa baita eskultura piezen disposizioak erantzuten diola espazio zehatz horretan oinarritutako komisariotza lanari.

Frantziskotarren klaustroaren lau alboetatik hedatuta ikusiko ditugu Lasaren 50 lan baino gehiago. Barne lorategia izan ezik, eskulturek nabarmenki okupatzen dituzte klaustroko lurra, paretak zein gangak, aurretik bertan egondako elementu arkitektonikoak, ornamentalak zein Basterretxearen eskultura piezak errespetatuz eta horietara egokituz. Bada, nabari da espazioarekin elkarrizketa baten ondorioz antolatu direla Lasaren eskultura-konposizioak. Eskultura-konposizio diot, Lasaren piezak taldean ageri direlako antolatuta, eta, oro har, igartzen delako konposaketa dela bere lan prozesuaren parte garrantzitsuetako bat. Aipagarria da horietako batzuk klaustroko dimentsioetan soilik ager daitezkeela era horretan antolatuta, eskala bereziki handikoak baitira. Artista horren lana aurretik Galeria Lumbreras bezalako arte-espazio konbentzionaletan erakutsi bada ere, esango nuke mostra honetan ikusgai dauden piezak klaustroko espazioak erabat baldintzatuta konposatu, eta agertu dutela haien azken emaitza estetikoa, bestelako erakusketa espazio batzuetan halaxe agertzea zaila izango litzatekeelako.

(ID_13989606) (Monika del Valle/@FOKU) 2024-05-16, Bermeo. Jose Angel lasa artista bere erakusketarekin “-N, -Z, -KIN, -RANTZ” Sa...
Erakusketako piezetako batzuk, Frantziskotarren klaustroan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Erakusketa espaziora sartu bezain pronto egurrezko txalupa batzuk ikusiko ditugu segidan kokatuta, eta, ezkerrera egin, eta jarraian zurezko eta buztinezko hainbat pieza klaustroan zehar sakabanatuak. Laranjondoak, magnolioak, hurritzak, eukaliptoak, oteak eta beste zenbait natura elementuekin osatutako eskultura lanak dira Lasarenak, inguru hurbilean dagoenarekin, tokian tokikoarekin, lan egitearen ondorio eta isla. Eskultura lan gehienak koloreztatuta ageri dira baina ez beti osotasunean, kolore biziek zuraren akabera argiarekin kontraste nabariak eragiten dituztelarik. Izan ere, badirudi Lasak kolorearen txertaketa erabili duela adaxkek edo sustraiek haien kabuz sortutako formak bisualki nabarmendu edota indartzeko, eraldaketa horren ondorioz sustrai edo adaxka huts izateari uzteraino.

Piezak horizontalean, bertikalean edota arkuen noranzkoari moldatuta aurkituko ditugu, klaustroko espazioa era eta norabide ugaritan okupatuta. Nabarmena da areto orririk egon ez arren, pieza bakoitzak bere izenburua duela, eta horietako batzuk errepikatu egiten direla, hala nola aterpea, azala, grafia edo sintagma begetala. Beste izen batzuen artean atentzioa ematen du aterpe izeneko hainbat konposizio egoteak, aterpean pentsatzeko eta hura irudikatzeko moduak bezainbeste. Halaber, esango nuke piezok argi eta garbi erantzuten diotela eskultura egiteko tradizio bati, besteak beste, Lasaren konposizioek Mendibururen zenbait eskultura dakarzkigute-eta gogora.

Interesgarria da Lasak, inguruan duenarekin, hondakinekin, edo, bestela esanda, produkzio kate luze baten ondorioz soberakin gisa agertzen diren horiekin guztiekin lan egiteko duen modua eta hautua. Erakusketa horren kasuan, artistak hondakin horiek basotik zein landa eremutik hartu eta bildu ditu, baina materialaren jatorria bestelakoa balitz ere, esango nuke lan egiteko duen era gehiago dela munduarekiko, eta, ondorioz, artearekiko jarrera baten erreflexua. Halere, argi dago materialaren izaera eta ezaugarriek markatu dutela erabat bere lanaren konnotazioa. Edonola ere, kasu honetan, ez nuke esango naturarekin lan egiteko erabakia ikuspegi erromantiko batek baldintzatu duenik; esperientzialak eta historikoak baizik, artistak bere eguneroko errealitatea baliatu baitu sorkuntzarako, eta mostra honen bitartez herritik hartutakoak bestela itzuli dizkio herriari. Izan ere, Lasak zuhaitz atalak izaten utzi ditu, jatorrizkoarekin zerikusi gutxi duen ekosistema batean utzi ere, eta izaten uzte horretan gertatu da eraldaketa xumea, artea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.