Gauetik gatoz. Karlistadetatik gatoz, Foruen ezabaketatik, Primo de Riveraren diktaduratik, frankismotik. Ezagutu ditugu erbestea eta isilpea; konplexuak eta eraztunaren zigorrak. Baina hemen jarraitzen dugu, bihar iraungo badugu zer egin behar dugun asmatu nahian. Irautea baino zerbait gehiago egin nahian.
Ikastolan ikasi genuen historia pendulu baten modukoa dela, eskuinetik ezkerrera, ilunetik argira mugitzen dena. Eta Paulo Iztuetak baieztatu digu hori. XX. mende hasieran, Euskal Herrian euskara bultzatzeko ekimenez aritu zitzaigun, Eusko Pizkundeaz. Aldizkariak, liburuak, poesia lehiaketak, Orixe, Aitzol, Lizardi, Lauaxeta… Eta, bat-batean, bolbora-izarrezko gaua. Heriotza, kartzela eta erbestea. Hamar urtean euskarazko hamabost liburu soilik argitaratu ziren. Hego Euskal Herria mutu gelditu zen, eta Ipar Euskal Herria zen euskal kulturgintzaren gune, baina egiturak apurtuta zeuden, eta eztabaidak ere bai. Gerraren aurretik poesia kultua edo herrikoia egin behar zen eztabaidatzen zen, ea literaturak komunitate bat batu zezakeen. Gerraren ondoren, euskal literatura etxeko txoko ezkutuenetan hautsak jaten zuen bitartean, euskarazko poesia egitea bera bazen nahiko lorpen.
Pixkanaka argi berriak jaio ziren gurean. Eusko Gogoa bultzatu zuen Zaitegik Guatemalan, Egan jaio zen Donostian… Kulturgile talde bat elkartu eta egituratzen hasi zen. AEBek Franco bidaliko zain zeudenak batzen hasi ziren, eraikitzen. Eta horrek ekarri gaitu gauden tokira. Koldo Izagirreri igandean irakurri genion moduan, «erresistentzia luze eta miresgarri bati esker iraun du euskarak». Gerraondoan erbesteratuei, zapalduei eta isilduei idazten zien talde horri zor diogu hemen egotea, besteak beste.
Dena ezin diegu «besteei» leporatu, ordea. Ez dugu ahaztu behar euskal inteligentziak zeresan nabarmena izan zuela espainiar batasunean (Garibaik, esaterako). Ez dugu ahaztu behar ia gaur arte zalantzan jarri dugula euskarak fisikaz edo matematikez hitz egiteko balio duen. Morauk ere Supereuskalduna «etxekoen nagusi, kanpokoen morroi» dela dio. Orain euskaraz iraun bakarrik ez, bizi ere egin nahi dugu. Euskarazko argitaletxeak dauzkagu, diskoetxeak, euskara elkarteak, euskara teknikariak, euskararen aldeko erakundeak, euskaltegiak… Baina, nahikoa al da horrekin? Zerk elkartzen du gure komunitatea? Politikak? Kulturak? Kulturak zenbateraino eragin dezake politikan? Eta alderantziz? Nola egituratu nahi dugu? Iritsi al da egunsentia, edo, ilunpean jarraitzen al dugu?
Arbelari begira
Gauaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu