Aurreko astean iragarri zuen agurra Gatibu taldeak. Mende laurdena beteko dute elkarrekin datorren urtean, eta urteurren borobil hori baliatu nahi izan dute despedidarako. 2025eko abenduaren 13an Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan kontzertu erraldoia egiteko asmoa azaldu zuten, eta gaur jarri dituzte sarrerak salgai. 08:00etan zabaldu dute horretarako aukera, eta ordu gutxian iragarri dute guztiak saldu dituztela. Eta harrera beroa ikusirik, beste despedida kontzertu bat ere antolatu dute aurreko egunerako. 2025eko abenduaren 12an izango da emanaldi hori, eta gaur bertan jarri dituzte sarrerak salgai, 16:00etatik aurrera. Bi ordu eskasetan berriro ere sarrera guztiak agortu dira
Izugarriak zarete lagunok! 😍BIGARREN DATAKO SARRERAK AGORTU DITUZUE!
— Gatibu (@gatibu) September 23, 2024
Ez genuen batere espero egun bakarrean bi BEC beteko zenituztela, ezin eskertuago gaude! Bixotza suten ❤️🔥
Maite zaituztegu ✨#aguresanbarik2025pic.twitter.com/Hz1fOpV2Ob
Lasai eta umorez eman zuten albistea Gaizka Salazar, Haimar Arejita eta Alex Sardui taldekideek, eta azken kontzertu horrez gainera aurrez beste hainbat kontzertu jotzeko asmoa zutela ere azaldu zioten BERRIAri. Despedida bera ere giro onean egiteko asmoa zutela azaldu zuten musikariek. Hala azaldu zuen taldearen asmoa Arejitak, esaterako: «Zorte handia izan dugula irizten diogu, eta espero dugu azken urte hau izatea pastelaren azken gerezitxoa, Gatibuz gozatzeko». Gerezi bakarraren ordez, badirudi pastelak bi izango dituela azkenean.
Ikusi gehiago
Elkarrizketan, era berean, musikariek aitortu zuten nekea eragin dietela urteok guztiok, eta, azaldu zutenez, neke horrek ez ezik taldearen ibilbide artistikoak eta taldea «goian» dagoela desegiteko gogoak ere bultzatu ditu azken erabakia hartzera. Esker ona adierazteko eskutitz batekin batera eman zuten euren agurraren berri taldekoek sare sozialetan, eta oraingoan ere sare sozialen bidez helarazi nahi izan diete esker ona zaleei, euren azken kontzerturako sarrerak erosteko azaldutako gogoagatik. «Mila esker guztioi bihotzez».
Ikusi gehiago