Gatibu taldeak ez ditu jarraitzaileak despedida kontzerturik gabe utzi nahi, eta, 2025eko abenduaren 12ko eta 13ko kontzertu erraldoiak motz gelditu direla ikusirik, beste bat antolatuko dute, hirugarrena, egun batzuk lehenago: hain zuzen, abenduaren 6an. Beste biak bezala, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan izango da.
Hirugarren kontzertu horretarako sarrerak datorren astelehenean, urriak 7, jarriko dituzte salgai, 12:00etan, taldearen webgunean: www.gatibu.eus.
Lehen kontzertuko sarrerak salgai jarri orduko saldu zituzten, eta bigarren kontzertukoak ere bi orduan agortu ziren. 2025eko datak zentzu berezia du Gaizka Salazar, Haimar Arejita eta Alex Sardui taldekideentzat: elkarrekin mende laurden beteko dutela eta, data aproposa iruditu zaie oholtza gaineko ibilbideari agur esateko.
Penarik gabe doazela aitortu zuten Gatibuko kideek, BERRIAri emandako elkarrizketan.