Gatibuk 2025eko abenduan emango dio amaiera 25 urteko ibilbideari, kontzertu erraldoi batekin

BECen izango da emanaldia, 2025eko abenduaren 13an. Aurtengo irailaren 23an jarriko dituzte sarrerak salgai, taldearen webgunean, 08:00etan. Beste kontzertu batzuk ere emango dituzte aurrez, eta 'Agur esan barik' deituko diote birari.

Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita Gatibu taldeko kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Alex Sardui, Gaizka Salazar eta Haimar Arejita Gatibu taldeko kideak. ANDONI CANELLADA / FOKU
Inigo Astiz
2024ko irailaren 18a
18:44
Entzun

Musturrek sartunde abestiarekin berehalakoan zabaldu zen Gatibu taldearen izena, eta kolpekoa izan zen arrakasta. Maitalearen etxetik presaka atera beharrean denaren endredoak kontatzen zituen abesti hark. Bizkaieraz eta tonu desinhibituan. 2025ean beteko dira 25 urte taldea sortu zenetik, eta musikariek urteurren hori baliatu nahi izan dute agur esateko. Iragarri dute kontzertu erraldoia antolatu dutela abenduaren 13rako, Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia). Hurrengo astean jarriko dituzte sarrerak eskuragarri, euren webgunean —www.gatibu.eus—: aurtengo irailaren 23an, alegia. Goizeko zortzietan, zehazki.

Hain justu, lehen aurkezpen abesti hartako esaldi bat baliatuko dute despedidako lelo modura: Agur esan barik bagoiez. BECekoaz gainera beste kontzertu batzuk ere egongo direla iragarri dute, baina oraindik ez dute zehaztu ez noiz ez non izango diren.

BERRIAk bihar kaleratuko du Haimar Arejita gitarra jotzailearekin, Alex Sardui abeslariarekin eta Gaizka Salazar bateria jotzailearekin izandako elkarrizketa, eta, hartan musikariek azaldu dutenez, hain zuzen ere, taldearen 25. urteurrenean zer egin pentsatzen hasi zirenean sortu zitzaien agur esateko ideia. «Aukera batzuk sortzen hasi ziren, eta momentu batean ikusi genuen, igual, zergatik ez, garaia izan zitekeela uzteko. 25 zenbaki borobila da, eta hor goian gaudela utzi nahi genuen».

Azken kontzertuak ospakizun giroan egiteko asmoa ere iragarri dute. «Oso ondo tratatu gaitu jendeak. Zorte handia izan dugula irizten diogu, eta espero dugu azken urte hau izatea pastelaren azken gingatxoa, Gatibuz disfrutatzeko».

Jendeak behar zuen tonu bat

Egindako ibilbidean izandako aldaketez ere mintzo dira musikariak elkarrizketan, bai eta taldeak egindako ekarpenaz ere. Haien hitzetan, musikalki estiloekin jolastea ez ezik, kantuak idazteko modua bera ere izan baita taldearen nortasun ikurretako bat. «Gu hasi ginenean, testuak oso serioak ziren. Oso politizatuak. Baina zuk politikari buruz abestu ahal duzu, baina beste tonu batean bere bai. Horixe falta zen, tonua. Gatibuk hori ekarri zien garai hartan euskal kulturari eta euskal musikari, eta jendeak behar zuen hori, antza denez».

Alex Sardui abeslariak —Exkixu taldeko kide izandakoak— eta Haimar Arejita gitarristak sortu zuten Gatibu, 2000. urtearen bueltan. Sarduiren Txulufrina eta arrosa herri kantuen diskoan batu ziren lehenengoz, eta hori izan zen Gatiburen lehen hazia. Gaizka Salazar (bateria) eta Mikel Caballero (baxua) gehitu zitzaizkien, eta Zoramena izan zen lehen diskoa. Geroztik, estudioko hamar disko luze kaleratu dituzte, arrakasta handiko kantak tartean zirela. Euritan dantza; Bang-bang, txiki-txiki, bang-bang eta Aske maitte izenekoak, kasurako.

https://youtu.be/L2jSZ-IvhmE?si=CSdvkSPgb6Pr6h0a

2022ko azaroan kaleratu zuten azken diskoa: EH Distopikala izenekoa. Erritmo latinoekin egin zuten aproba ordukoan, eta hala aurkeztu zuen proiektua Haimar Arejitak. «Guk ez dugu estilo bat inoiz jorratzen era ortodoxo edo puru batean. Ez dugu nahi, ez zaigu gustatzen, eta gure erara egiten dugu, gure akatsekin, eta gure zigiluarekin. Horregatik nabari da Gatibu dela». Orduan ere, kontzertu handi bat antolatu zuen taldeak, eta Bilbo Arenan eman zuen diskoa aurkezteko kontzertua. «Euskal musikan ere ausardia izan behar dugu», azaldu zuen Arejitak ordu hartan. «Uste dut inork ez duela aurretik disko aurkezpenik egin bertan».

Mikel Caballeroren hutsunearekin egingo du taldeak despedida bira. Hura izan zen hasierako taldekideetako bat. 2022an Gatibu uztea erabaki zuen, halere. Aurtengo otsailean hil zen, 57 urterekin, Mexikon egun batzuk igarotzen ari zela. Albiste hura kolpe gogorra izan zela ere aipatu dute taldekide izandakoek.

2025eko abenduko kontzertuari buruz, azkena izango dela baino ez dute aurreratu oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.