Hatortxu Rock elkartasun eta musika jaialdiak beste informazio kolpe bat eman du bere azken edizioari begira. Uztailaren 24tik 27ra bitarte Lakuntzan (Nafarroa) joko duten 22 musika talderen izenak jakinarazi ditu gaur. Hauek dira zerrenda horretan: Chuleria Joder, Dupla, Maskak, Burutik, Tribade, Brigade Loco, Ibil Bedi, Añube, Sukena, Sune, Bad Sound, The Lio, Leihotikan, Les Testarudes, Plan B DJa, Su Ta Gar, Trapella DJa, Gatibu, La Jodedera, Kaotiko, Maruxak eta Non Servium.
Hortaz, festibalean ariko diren 35 talde daude iragarrita guztira. Izan ere, gaur arte, azken jaialdi horretan joko duten beste hamahiru talderen berri zuen emana Hatortxu Rockek. Batetik, 2024ko abenduaren hondarrean —29. Hatortxu Rock egin eta biharamunean— plazaratu zuten zerrenda hau: Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri. Eta, bestalde, iragan otsailaren 4an, beste informazio kolpe batean jakinarazi zuten Autobus Magikoa, Buitraker eta Never Surrender taldeak ere ariko direla.
Ikusi gehiago
Hain zuzen ere, Hatortxu Rockek Itzulera eguna izendatu zuen Autobus Magikoa, Buitraker eta Never Surrender taldeen parte hartzearen berri eman zueneko eguna, taldeok hainbat urtez jo gabe egon ondoan bueltatuko direlako Hatortxu Rockerako propio.
Eta, hain zuzen, etenaldien ondotik bueltatzeko moduko jaialdia ez ezik, behin eta berriz itzultzeko eszenatoki kutun ere bada Hatortxu Rockekoa askorentzat. Su Ta Gar taldearen kasua aipagarria da: datorren uztailekoa hamargarren aldia izanen du festibalean; marka berea da.