Musika

Gatibu, ETS, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz eta beste hainbat talde Zetak taldeak BECen antolatutako jaialdian

'Zeinen ederra izango den FEST' lelopean antolatu dute, eta jada iragarri dituzte bertan izango diren lehen taldeak. Datorren urtean izango da, apirilaren 2an.

Zetak taldeko kideak. JAIME ASUA.
Nagore Arin.
2021eko abenduaren 14a
12:44
Entzun

Zeinen ederra izango den FEST lelopean, «jaialdi berezi bat» antolatu du Zetak taldeak. «Euskal Herriko urteko musika eta gizarte ekitaldi nagusi» bilakatu nahi dute jaialdi berezi hori, eta datorren urtean egingo dute, apirilaren 2an, BEC Bilbao Exhibition Center erakustazoka handian. Eta handitasun horretan, talde handiak iragarri dituzte: Zetak, Gatibu, Iseo & Dodosound, Zoo, ETS, Maria Arnal y Marcel Bages, Los Chikos del Maiz, Sua eta Adriana Gaulter dira baieztatutako lehen taldeak, baina gehiago ere izango direla iragarri dute.

«Mundu guztiarentzako topagune» bilakatu nahi dute jaialdia. «Herri txikia izan arren, Euskal Herrian horrelako gauza handiak egiteko gai garela erakusten duen erakustaldi bat izango da», adierazi dute antolatzaileek. Hain justu ere, hortik dator jaialdiaren beraren funtsa ere, Zeinen ederra izango den kantutik: «Ezintasun eta kolektibitate negatiboko une batean sortu zen, 2020ko konfinamenduan. Euskal gizarte osoarekin konektatu, eta berehala egin zen biral, musika esparrutik haratago joanez eta mugimendu itxaropentsu bihurtuz».

Hala, kantu soil moduan hasi zena «proiektu handi bat, gizarte osoarentzako jaialdi» bihurtu dute. Antolatzaileen esanetan, musika jendearekin elkartzeko aitzakia bat izan dadila nahi dute, non guztiek «esperientzia paregabe batez» gozatuko duten, «baikortasun eta zoriontasun uneak inspiratuz». Horregatik azpimarratu dute behin eta berriro «denona eta denontzat» ideia, edozein sexutako, adinetako, herrialdetako, klase sozialetako eta arrazatako jendearentzako moduko jaialdi bat izango dela nabarmentzeko.

Urteroko zita

Zetak taldeak eta Panda Artist Management agentziak antolatu dute jaialdia, Xabi Uribe-Etxebarriaren laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Urteroko zita bilakatu nahi dute, eta datorren urtean egingo dutena ibilbide horren lehen pausoak izango dira. «Jendea ohitu dadila apirileko lehen larunbat guztietan lagunekin hitzordu bat izatera, 'Whatsapp talde osoa batzen duen jaialdia' bezalako bat. Galdu ezin den zerbait», adierazi dute.

Ziur daude «Euskal Herriko musika eta gizarte ekitaldi handienetako bat» izango dela; izan ere, jaialdiaren data, kartela eta lekua jakinarazi baino lehen, 2.000 sarrera saldu ziren ekitaldiaren lehen iragarpenarekin bakarrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.