Gatibu da, baina ohikotik urrun

Taldeak datorren ostiralean aterako du disko berria: 'Musikak salbatuko gaitu'. Pandemiaren egoeraren harira «baikortasuna helarazteko» egindako lan bat da, eta berrikuntzak ditu sonoritateari dagokionez, besteak beste

Gatiburen azken diskoko elementu guztiek gogorarazten dute musikaren garrantzia: bai izenburuak —Musikak salbatuko gaitu—, baita azaleko irudi metaforikoak ere. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Berezia behar zuen 2020ak Gatibu taldearentzat, aurten 20 urte bete baitituzte. Efemeridea Bilboko Bizkaia Arenan antolatutako kontzertu batekin ospatzea zen asmoa, martxoaren 28an, baina egun horretan ezin izan ziren oholtzara igo. Horrek are bereziagoa egin zuen urtea haientzat. Kontzertua bertan behera geratu zenean, «hortzak estutu» zituzten, Haimar Arejita taldekideak esan duenez, eta «jendeari baikortasuna helarazteko kantu berriak egitea erabaki» zuten. Pandemia betean ondutako lana izan da, beraz, Musikak salbatuko gaitu diskoa. Abenduaren 4tik aurrera egongo da salgai, baina dagoeneko entzun daiteke lehen singlea, Egurre emon, bart argitaratu baitzuten bideoklipa.

Bilboko kontzertua «bide berriak urratzeko erronka» gisa definitu du Arejitak; haren faltan, disko berri batekin egin dituzte bideok. Taldearen lanik «ezberdinena» dela adierazi du musikariak, baina Gatiburen «zigilua» duela, halere: «Energiaz betetako rock klasiko horretatik gutxi dago. Errekurtsoak ez dira hain biziak, nahiz eta kantu indartsurik badagoen. Gitarrak ez du aurrekoetan bezalako protagonismo sendorik». Egurre emon abestiak bat egiten du taldearen betiko estiloarekin, baina salbuespena da, askotariko generoak lantzen baitira: «Bluegrass, funky eta musika elektronikoa» oinarri duten ekoizpenak biltzen ditu disko berriak, besteak beste, Mikel Caballero taldekideak aletu duenez. Ricky Falkner ekoizlearekin egin dute lan oraingo honetan, eta horrek eragina izan du sonoritatean eta testuretan.

Hitzak ere ez dira betiko horiek. Alex Sardui kideak gogorarazi du musika eta hitzak «momentuko unetik» sortzen direla, eta, horrenbestez, erabat baldintzatu ditu egungo egoerak; nolakoa den aintzat hartuta, hitzekin «gehiago konprometitu» dela adierazi du abeslariak: «Letrak garatzen ahalegindu gara, eta gauzak diren moduan esaten». Ez dute saiakera bakarka egin, ordea; diskoko sei abestietako bat, Zure ahoan lore bat, hain zuzen, Kirmen Uriberen errezital batekin hasten da, eta Eñaut Elorrietak kantatzen du errepika.

Disko berriko ertz guztiak daude egunerokoz blaituta. Izenburua iradokitzailea da, eta argia da helarazten duen mezua; lanaren azala ere bide beretik doa. Diego Mirrena da irudia: bertan, iceberg baten eran kokatuta dagoen binilo disko bat ageri da, eta, uretatik kanpo dagoen zatian, hartz bat dago. «Metaforikoa» dela azpimarratu du Arejitak: «Biniloak hartza bezala, musikak salbatuko gaitu gu. Egoera txarretan, musikak asko laguntzen dio gizarteari. Itxialdian ikusi da: musikara jotzen dugu lehenbizi halako egoeretan gure existentzia penagarria hobetzeko».

Apenas entseatutako lana

Egurre emon abestiaren bertsio akustiko batekin hasi zuten atzo Gatibukoek disko berriaren aurkezpena; alabaina, Sarduik lehen ahapaldiak egin orduko, moztu egin zuten emanaldia. Umoretsu ekin zion berriro ere abeslariak, eta bigarren saiakeran arazorik gabe interpretatu ahal izan zuen pieza osoa. Bukatutakoan, esan zuen, abestia jotzen zuten lehen aldia izanik, ez zela hain gaizki atera.

Singlearen bertsio hori ez zen inprobisazio bat izan; halere, disko berriak izandako berrikuntzen artean, hamaikagarren bat gehitu behar da, «ezohikoa», Gaizka Salazarren hitzetan: «Estudiora joan aurretik, ez genituen abestiak entseatu». Tarragonako (Herrialde Katalanak) Casamurada estudioan grabatu zuten, nobedadea hori ere, zortzi egunetan «buru-belarri». Arejitak eta Sarduik, kantuen egileek, gainontzeko kideei ere bidali zizkieten abestiak, baina zortzi egun horietan soilik entseatu ahal izan zuen taldeak batera. Horrek «helduagoak» egin ditu abestiak, Salazarren ustez. Emaitza «positiboa» da, prozedurak soinua «freskoagoa» izatea ahalbidetu baitu; «puntu magikoa» ere erantsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.