Amancay Gaztañaga. 'Käffka' antzezlanaren zuzendaria

«Gatazkatzat ez dugu jarri bi emakumeren arteko harremana»

Lesbianismoa bistaratzeko antzezlan bat eskatu zion Gehituk Kamikaz kolektiboari, eta 'Käffka' da enkarguaren emaitza. 2049an girotu dute lana, pasioak lekurik ez duen gizarte berri batean.

Miren Garate.
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Nerabezaroa ez bada metamorfosi bortitz bat, zer ote da, bada. Kamikaz kolektiboak ideia horri tiraka jarri dio Käffka izenburua estreinatu berri duen antzezlanari. Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga dira zuzendariak, eta oholtza gainean bost aktore aritzen dira: Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren. Orain arte izandako harrerarekin pozik dago lantaldea; besteak beste, hunkituta atera direla esan dietelako ikusleek. Bihar bertan izango dute hurrengo emanaldia, Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian, 19:30ean.

Gehituk eskatu zizuen antzezlana egiteko, eta Ortzadar LGBT kolektiboa batu zen gero proiektura. Zehazki zer eskatu zizueten?

Gehituk Harrotasunaren Antzerkia izeneko programa bat dauka,gay eta lesbianen inguruko gaiei buruzko antzerkiak egiteko. Normalean, didaktikoak izaten dira, eta haurrei edo nerabeei zuzenduta egoten dira. Urte batzuk daramatzate programarekin, eta konturatu ziren ez zegoela lesbianismoa ikusgarri egiten zuen antzerkirik, euskaraz, publiko horri zuzenduta. Horregatik, lesbianismoa bistaratuko zuen antzezlan bat egiteko enkargua egin ziguten.

Behin gaia edukita, nolakoa izan da prozesua?

Miren Gaztañaga, Erika Olaizola eta hirurok elkartu ginen, eta haritik tira egiten hasi ginen: zer kontatu behar genuen, nola kontatu... Aktoreen lantaldea sortu genuen, eta etxeko lan batzuk eman genizkien. Bagenekien etorkizunean nahi genuela kokatu obra, eta, inprobisazio batzuen bidez, buruan genituen eszena horiek sortzen hasi ginen. Udan, berriro elkartu ginen hirurok, testua idazteko, eta Erika eta biok geratu gara testua zuzentzen.

Zein da obra etorkizunean girotzearen arrazoia?

Gatazka kanpora atera nahi genuen pixka bat. Askotan, gauza bat zugandik gertu baldin baduzu, emozionalki konektatzen duzu, baina ez duzu arrazoitzen. Eta, gai honekin, garrantzitsua iruditzen zitzaigun, emozionalki konektatzeaz gain, etxera joandakoan nerabeek buruari buelta batzuk ematea, eta esatea: «Ni nola sentitzen naiz bizitza beste era batera ikusten duten pertsonen aurrean?». Haustura bat egotea nahi genuen, eta haustura horretatik arrazoiak ere jokatzea.

Kaffka eremuak sortu dituzue antzezlanean. Zer funtzio dute?

Kaffka eremuak nerabeak kontrolatzeko sortutako eremu batzuk dira. Gizarte oso neurtu baten gisan planteatzen dugu etorkizuneko gizartea. Ordenak garrantzi handia dauka; izan ere, 2020an, egundoko kataklismoa egon da, gure pasioek eta haserreek sortuta, ez dakigulako kontrolatzen. Gizarte berri horrek beldur handia die pasioei eta norberak senti ditzakeen bulkadei. Horregatik, Kaffka eremuak sortzen dituzte, nerabeei erakusteko helduak direnean nola jokatu behar duten gizarte berri horretan.

Eta 2049ko gizarte horretan,nola planteatu duzue lesbianismoa?

Gatazkatzat inoiz ez dugu jarri bi emakumeren arteko harremana; nahi genuen gatazka izatea beti kanpotik zetorren zerbait. Kanpotik nola ikusten dira emakume horiek? Gizarte horretan nola egokitzen da maitasun mota hori? Hori da landu duguna. Gizartea bera da gatazka.

Nolakoa da eszenografia?

Oso hutsa; espazio hutsean jolasten gara. Dena eskaileren bidez dago sortuta: eskailera mota ezberdinak erabili ditugu etorkizun hori irudikatzeko.

Nerabeentzako enkargu bat izan arren,saio irekiak ere ari zarete egiten, publiko guztiarentzat.

Bai, noski. Egia da nerabeak oso kontuan izan ditugula kontatzeko moduan: erritmo handia bilatu dugu, testu gutxi dago mezua zuzenagoa izateko, jolas asko daukan antzezlan bat da... Horrez gain, lan honen bidez, nerabeak beren kabuz antzerkira joatea ere bultzatu nahi dugu. Nerabeak publiko ahaztua dira; askotan, badirudi derrigortuta bakarrik joan daitezkeela antzerkira, eskolatik edo. Nahi dugu nerabeak antzerkira joatera animatzea, bakarrik edo kuadrillan, beraientzat baitago eginda lan hau. Hori guztia esanda ere, helduentzat ere bada antzezlana; oso ondo pasatzen dute.

Urtarrilaren 26an estreinatu zenuten antzezlana, Bilboko Pabiloi 6 aretoan. Nolako harrera izan du?

Oso ona. Esan digute barre egin dutela, negar egin dutela, ustez gaindituta zegoen gatazka batez jabetu direla eta abar. Hunkituta geratzen da jendea, eta hori beti da pozgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.